Nola aldatzen...
Egitura sendoko kluba ezagutu zuten 1990. hamarkadan Iraurgin sartutako gazteek. 1980. hamarkadako lagun talde hartako kideek Iraurgi talde lehiakorrean bihurtu nahi bazuten eta ahal zen gorenera iritsi, 1990eko gazteek ere saskibaloian jokatzea gogokoa zuten, baina beren aisialdiko beste jarduera bat bezala hartzen zuten. Entrenatzea ederra izaten da, eta astean behin partida ere bai, baina astea joan eta astea etorri talde bateko partaide izateak sufrikario dosi nabarmena eskatzen du; eta horretarako denboraldi askorako prest dagoen jendea topatzea ez da erraza; ez behintzat saskibaloia maila altu batean jokatu ahal izateko moduan.
Urte batzuk atzerago taldean muina zen lagun taldea deseginda zegoen. Orduko hartan esan zitekeen klub guztia sendi bat zela. Orain, ordea, ez zegoen lehengo batasun trinko hura. Giroa ez zen bera, eta, Iraurgiko kideen artean inoiz giro txarrik egon ez baldin bada ere, egoera nabarmen aldatu zen.
Zuzendaritzak bilerak Loiolako Elkartean egiten jarraitzen zuen. Bertan Jose Mari eta Andoni Arregi Iturbide, Jose Miguel Etxaniz, Xubi, Maixol, Mikel Azkune, Patxi Azpiazu, Joseba Olazabal Txorrotxa eta Jose Luis Legarda-ereņo biltzen ziren, besteak beste.
IKUSLE GUTXIAGO
Hala ere, Iraurgik jasan zuen porrotik nagusiena, hainbat urtetan hain sutsu jarraitu zuten ikusleen babesa galtzea izan zen. Eta horra galdera: zergatik galdu zuen babes hori? Ziurrenez, saskibaloia, bailarako hainbatentzat moda bat izan zelako, eta puri-purian zegoela-eta ikustera gerturatzen ziren, eta gero, dagoeneko lehen taldearen emaitzak ez zirenean hain onak, giroa baretu zenean, kiroldegia urrun geratzen zelako edo, ez zegoen kalean txikiteatu bitartean pasadizoan...
Ez zen asmatu, neurri batean, aurrera begirako proiektua behar bezala finkatzen, luzerako eraginkorra izango zen egitura bat uztartuz. Entrenatzaile sare egonkor bat osatzen ez zen jakin, eta jende gutxi batzuen eskuetan ardura gehiegi pilatu ziren urte luzeetan . Eta arduradun horiek erre zirenean, kluba bera kinka larrian aurkitu zen.
Dena den, normala da bolada hobeak eta txarragoak izatea, are gehiago jendeak saskibaloiaren alde lanean inolako diru ordainik gabe jardun duenean. Jendeak egin duen lana borondate onenarekin egin du, ahal izan duen neurrian betiere, eta, hain zuzen, neurri egokia aurkitzean egongo da Gipuzkoa sakoneko saskibaloi klub amateur baten etorkizuna; adibidez, Iraurgirena. l
|