Loiola 91
Iraurgin 1990-91 denboraldian hasi zen seniorren taldea Azpeitiko Kiroldegian jokatzen. Loiola 91 zuen babesle eta Xubi entrenatzaile; Nartzabalgoak atera berria zuen entrenatzaile titulu nazionala. Seniorrek, Iraurgiren historian bigarrengo aldiz, Bigarren Mailan jokatu zuten. Eta neurria emateko, taldea kanpoko jokalariekin sendotzearen aldeko erabakia hartu zuen Xubik, eta Iņigo Navajas base donostiarra eta Ibaņez pibot zarauztarra fitxatu ziren. Jokalarien aldetik ahalik eta gogo gehien eskuratzearren, irabazitako partiduak diruz saritzea erabaki zen Iraurgiren historian aurrenekoz... eta azkenekoz.
Talde indartsua osatu zen, mailari duintasunez aurre egiteko modukoa. Hala ere, espero zenez, diru-sariak zirela eta, taldearen inguruan zurrumurruak piztu ziren: zenbaiten irudikoz, handikerian puztu zen Iraurgi, galtzeraino, klubaren filosofiarekin zerikusirik ez zuen bideari ekinez. Hala ere, orduan gertatu zena ulergarria izan daiteke, bere egoeran aztertzen bada: kiroldegi berrian jokatzera zihoazen, Gipuzkoa mailako klubik sendoenetakoa zen, oso indartsu zegoen saskibaloia bailaran, berriro Bigarren Maila lortua zuten eta kanpotik zetozen jokalariei ere zerbait eskaini beharra zegoen. Kontuan izan behar da, baita ere, talde seniorraren babeslea izateagatik, Loiola 91 Iraurgiri eskatutako diruaren bikoitza emateko prest agertu zela. Eta prest diogu, bai prest; izan ere, diru horren zati bat, bidean Santu egin, antza, eta lurrundu egin zelako.
Urte haietan beste bi kide aipagarri bildu ziren taldera: Jose Leon Arzalluz medikua eta Jesus Mari Bastarrika Toota masailaria azkoitiarrak. Hainbat jokalariren giharrez eta hezur hausturez arduratu ziren, eta mediku orok dakien legean, fisikoak ez ziren hainbat gaitzi mimoak egin beharrean aurkitu ziren; astelehenetan, batez ere.
IBON-EN KAMERA
Ibon Garmendiak ere lan handia egin zuen garai hartan. Izan ere, Xubi entrenatzailearen esanetara, bideo kamera hartu eta arerioen partidak grabatzera joaten zen larunbatero, hurrengo asteko partida behar bezala prestatu ahal izateko.
|