Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Iraurgi Saskibaloi Elkartea. 25. urteurrena »  Azkenean, estalpean jokatzeko lekua »  Ametsak betetzen

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Ametsak betetzen

Frontoian jokatzen zuten Iraurgiko taldekideek dagoeneko urte batzuk bazeramatzaten elkarrekin; Josu Arregi, Uria, Etxaniz, Xubi, Pino eta Pello Aizpuru ziren taldeko beteranoak. Txanton, Bereziartua, Txopo, Javier Odriozola, Natxo, Pablo eta Pello Arizmendi ere junior mailan batera arituak ziren; azkeneko laurak, hain zuzen, azkoitiarrak, eta, gainera, koadrila berekoak. Baina ez zegoen Iraurgiko jokalarien artean taldetxorik, ezta zatiketarik ere. Aparteko giroa zen nagusi jokalarien eta zuzendaritzaren artean.

Horren adierazgarri da partiden ondoren gertatzen zena. Hau da, partidak amaitzean, jokalariak, entrenatzailea, zuzendaritzakoak, Iņaki Zubizarreta lehendakari jauna, denak batera ateratzen ziren kalera trago batzuk hartzera. Estreinakoa Kojuaenean hartzen zen, frontoi atariko tabernan. Neska-lagunarekin edo sendiarekin lotura zutenak, berehala dendaz arduratzera joan ohi ziren, baina gazteenak lehendakari jaunaren akuilupean kale buelta egiten zuten. Iņaki Nartzabal-goak bazuen tabernetara sartzean oso berea zen aipu bat: “Hi, ez galdeu zer egin deun!”, bota ohi zien tabernariei eta topo egindako ezagunei, beste aldera begiratu eta eskua dantzatuz. Gorakoan txikitoari kaba nahasiz egiten zitzaion torero afaltzeari. Jarraian, kaba, garagardoa edo Gin-tonikak zurrupatuz etorri ohi zen mundua konpontzearen txanda.

PARRANDARAKO ZALETASUNA

Kirola egitea eta gogor entrenatzea zen helburua, baina bistan da Iraurgiko partaideen parrandarako zaletasuna zela klubaren beste ezaugarri bat. Taldean beti giro bikaina zegoen, eta behin partida jokatzen zenean, festaren tartea etortzen zen. Taldekideak anaiak balira bezala konpontzen ziren, eta zuzendaritzakoak baba zeriela zeuden: jendea gaztea zen eta kasu gehienetan oraindik ezkondu gabeak, eta sendiarekin ez zuten, gehienek, aparteko loturarik; makina bat andregai haserretu zen, hori bai. Giro onari eutsiz, Inauterietan hainbat aldiz mozorrotu izan ziren Iraurgikoak.

Zuzendaritzan Javier Beobide, Luixio Aizpuru, Iņaki Artola Pittiko, Patxi Azpiazu eta Jaxinto Uriarte zeuden, besteak beste, eta Iraurgi Hirugarren Mailara igotzearekin bat, Alberto Amenabar eta Joseba Olazabal Txorrotxa gehitu zitzaizkien; azken hori, gerora urte luzeetan taldean lan ugari egin duena. Miguel Etxabe Kapi masailaria ere bikain egokitu zen taldeko girora.

Txorrotxak kontatzen duenez, sarri entzun behar izan zuen kalean edo lantokian ez zela parte onekoa saskibaloiagatik musutruk hainbeste lan egitea eta hainbeste saltsatan aritzea. Beti gauza bera entzun izan omen du, jendeak ezin sinets zezakeelako, norberarentzako inolako irabazirik gabe hainbeste lan egin zitekeenik. Baina sasoi hartakoa sufrimendutik baino gertuago, lan gogaikarria baino gehiago zen lagunartean, giro bikainean bultzatzen ziren ekintzak. Amets bat izan zuen lagun talde hark; eta amets hura bizitzen ari ziren.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak