Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Iraurgi Saskibaloi Elkartea. 25. urteurrena »  Azkenean, estalpean jokatzeko lekua »  Aro elektronikora

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Aro elektronikoa

Hirugarren Mailan saskiek metakrilatozkoak izan behar zuten. Izarraitzen lehen partida jokatu behar zenean, azken unean Jesus Ruiz de Argandoņa Keuttin-ek ekarri zituen kanasta berriak kamioian Madrildik, eta jokatu zen partida.

Maila berriarekin batera taldeak izen berria izan zuen: Hotel Izarra; urte luzeetan izan zen Iraurgiren babeslea. Izarraneko Pedrok gogotik miresten zituen gazte haiek kirolaren alde egiten zuten guztia. Hori bai, diru laguntza emateko baldintza bat jarri zuen: bere emazteari ezertxo ere ez esatea eman zuen diru hartaz.

Saskibaloia puri-purian zegoen bailaran, eta egoera berriari etekina atera beharra zegoen: bazkideak egin ziren, frontoian sarrera jarri zen, babesleen iragarkiak kokatzen hasi ziren joko eremuaren ertzetan...; iragarkiok partida aurretik jokalariek ateratzen zituzten, eta amaitzean gorde. Klubean lan banaketak berean jarraitzen zuen: jokatu nahi zuenak klubaren egiturari eusteko lana egin behar zuen. Frontoian, jolas eremuaren arrastoak margotzeko baimenik ez zegoenez, zinta itsaskorrez markatzera joan behar izaten zuten jokalariek partida aurretik. Saskiak gurpildunak ziren, Betharramda-rretan bezala, baina askoz modernoagoak, lurrera finkatzen baitziren torloju bitartez; eta erabiltzen ziren bakoitzean, saskiak frontoiaren atzealdera eramaten ziren.

Hori guztia horrela izanik, jokalari bat baino gehiago bene-benetan hunkitu zuena partida jarraitu ahal izateko markagailu elektronikoa izatea izan zen; izan ere, telebistako saskibaloi partidetan bezala, gora begiratu eta emaitza jakin ahal izango zuten. Baina markagailua pilotako partiduetarako zenez, bazuen arazo txiki bat: pilota partidetan denbora aintzakotzat hartzen ez denez, markagailuak ez zuen denbora emateko sistemarik. Laster topatu zen konponbidea: mahaitik txirrin baten bitartez, markagailuan egon ohi ziren gaztetxoei adierazten zitzaien minutu bat pasatu zela. Sistema ez zen perfektua, ez zuelako aukerarik eskaintzen segundoen jarraipena egiteko. Amaiera estua zenean, lehen lerroetan zeuden ikusleek mahaira gerturatuta jakiten zuten zenbat segundo geratzen ziren amaierarako, eta ahoz aho zabaltzen zen ikusle guztietaraino. Frontoiarekin batera ezagutu zituzten Iraurgikoek lehen larruzko baloiak. Izarraitz zen une haietan Iraurgik bizi zuen arrakastaren adierazle zuzena.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak