Lanaren fruituak
Aparteko taldea osatu zuen Iraurgik 1980-81 denboraldian senior mailan. Jose Miguel Etxaniz itzuli egin zen, Aguilasen, Askatuaken eta Juvenen jokatzen aritu ondoren, eta Josu Arregiren eta bien artean taldeari gorengo maila ematen zioten. Baina beste taldekideak oraindik heldu gabe zeuden; lan jarraiago baten premia bistakoa zen. Iraurgiren jokoa oso sotila zen: Etxanizi eman baloia, beste taldekideek saski ingurunea gardentzen zuten, eta hark bat baten kontra jokatzen zuen.
Sasoi hartan hasi zen Iraurgi 1-3-1 zonan defenditzen; zonan kokatzeko modu berri bat zen maila apal haietarako, arerioak noraezean uzten zituena. Defentsa mota honek arrakasta handia ekarri zion taldeari, eta gerora taldearen defentsa klasikoa izan zen urte luzeetan zehar.
Apurka-apurka taldeak aro berri bat ezagutu zuen; gero eta indartsuagoa zen, eta Probintziarteko Mailatik Hirugarren Mailara igotzeko aukera eskura ikusten hasi zen. Era berean, taldeak gero eta jarraitzaile gehiago zuen. Kontuan izan behar da talde berean Josu eta Etxaniz bildu izana, biak talde handietan ibiliak izanik, herritarrentzat neurri batean pizgarria zela haiek ikustera joatea.
Sasoi horretan irabazi zuen Iraurgik bere lehenengo txapelketa: hain zuzen, Goierrik antolatzen zuen Gabonetako Txapelketa. Hori zela eta, Carmelo Otaegi kazetariak Josu Arregi eta Iņaki Uria Loiola Herri Irratira eraman zituen elkarrizketatzera. Iraurgikoek elkarrizketa grabatu egin zuten, pentsatzekoa denez, eta hurrengo entrenamenduan, Betharramdarre-tara autoa sartu, kasetearen bolumena igo eta ilusioz gainezka entzun zuten elkarrizketa, bukatzen zenean berriro hasieratik entzunez.
Denboraldi berean, 1980-81ean, seniorrak Gipuzkoako txapeldun geratu ziren. Igoerako fasean, ordea, Portugaleteko Jarrillerosek mendean hartu zuen eta Iraurgik ezin igo Hirugarren Mailara. Ikusgarria izan zen Betharramdarretan izan zen betekada.
Azpimarragarria da urte bertan juniorrak eta jubenilak, batak Pello Aizpuruk eta besteak Jesus Agirrek entrenatuta, txapeldunorde geratu zirela Gipuzkoa mailan. Bazirudien jokalariak perretxikoak bezala ateratzen zirena, baina emaitza lanaren fruitua zen.
|