Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Iraurgi Saskibaloi Elkartea. 25. urteurrena »  Eskolarteko txapelketatik Hirugarren Mailara »  Bidegurutzea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Bidegurutzea

Bailarako saskibaloi talde federatuak, 1978-79 denboraldia arte, Lagun Onak izena mantendu zuen, eta Eperra taberna izan zuen babesle. Saskibaloian jokatzea gogokoa zuen lagun talde bat zen; astean behin bildu eta asteburuan partida jokatzen zuten. Hala seniorretan nola juniorretan. Nesken taldeek lan saioak egin eta lagunarteko partidak jokatzen zituzten, federatu gabe.

Une hartan, Josu Arregik gauzak egiteko beste modu batzuk bultzatu beharra ikusi zuen. Iņaki Zubizarreta Nartzabalgoa lehendakari izendatu zuten, eta klubari izena aldatzea hobetsi zen: bi herrietako gazteetatik edaten zuen taldeak, eta zenbait jokalari azkoitiarren iritziz, Lagun Onak izena ez zen egokiena, futbolean azkoitiarrek eta azpeitiarrek bizi zuten lehia ekartzen zuelako gogora. Horrela, antzina Azkoitia eta Azpeitia izendatzen zituen San Martin de Iraurgi izena hartu zen saskibaloi kluberako. Izen berria zutenez, estatutuak egin beharra zeuden; eta horrelaxe sortu zen Iraurgi S.B.

Aldaketa nabarmenena zen, baina aurrerantzean nagusitu zen lanerako metodologian antzemango zen. Josuren ekarpena funtsezko izan zen; akuilua hartu eta inguruan zituen guztiak ziztatu baitzituen, berak bizi zuen saskibaloiarekiko beharraz kutsatuz. Saskibaloian jokatu nahi zuenak, klubaren alde lanean hasi beharko zuen, bere aukeren arabera. Jada ez zen nahikoa astean behin bildu eta gero partidua jokatzea. Izena aldatu eta estatutuak egitearekin soilik jai zegoen. Klubak sustrai sendoak izango bazituen, azpi-azpitik hazi beharra zuen. Jokalari asko kanpoan zeuden ikasten, eta Josuren inguruan —honek ere lana kanpoan egiten baitzuen— Iņaki Uria eta Pello Aizpuru izan ziren lehen urte haietan pisurik garrantzitsuena hartu zutenak.

ESKOLARTEKOA BULTZATU

Funtsezkotzat jo zen eskolarteko saskibaloia bultzatzea. Oro har, eskolarteko kirola batere landu gabe zegoen, eta lana ganoraz eginez gero izugarrizko pagotxa zegoela bistakoa zen; gazteei kirola egiteko aukera emango zitzaien, eta, bide batez, Iraurgik gazteekin lanean hasteko aukera izango zuen.

Iraurgin zeudenei, handik aurrera, saskibaloiak hartu zien aisialdirako zuten denbora guztia; eta guztia esatean, guztia esan nahi da. Izan ere, lan saioetan edo partida jokatzen ez zeudenean, gazteagoen ardurak lotzen zituen, edo bestela zuzendaritzako bilerak, kartelak eskegitzeak edo aldian aldiko zozketek. Gazteak ziren, ordea, eta gehienek ez zuten oraindik lotura estuegirik. Hala ere, denek diote, gaur egun, orduan egin zuten lan hura guztia egiteko gai ez zirela izango.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak