Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Iraurgi Saskibaloi Elkartea. 25. urteurrena »  Baloia eskuan hartzea ez da bekatua »  Saskia 3,05 zentimetrora

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Saskia 3,05 zentimetrora

Gazte haiek, saskibaloian jokatzeko irrikatzen zeuden gazte haiek, leku duin bat lortzeko zerbait egin beharra zegoela erabaki zuten. Fari Xamartinekoa oraindik ezinhobeto oroitzen da Donostiara Loiolako Jesuitetara espreski joan zirela Zurutuza eta biak Hermano Rosanorengana, hau Gipuzkoako saskibaloian oso pertsonaia entzutetsua baitzen sasoi haietan, eta han nola jakin zuten saskiak lurretik hiru metro eta bost zentimetrora egon behar duela. Xamartineko mutikoa harri eta zur utzi zuen hiriko ikastetxe hartako saskien taulak beirazkoak zirela ikusteak, eta estalitako jolas-eremuaren buelta guztia saskiz josia zegoela ikusteak; hiriburukoak beste galaxia batean zeuden.

Azpeitira itzultzean, saskien neurri zehatzekin Karrera anaiengana joan ziren —perratzailenekoak bezala ezagutuak Azpeitian—. Gero egin zituzten minibasketeko saskiak ere, eta lanaren zenbatekoa udaletxera eraman zuten.

Anaitasuna Illarra taldeak urtebeteko bizia izan zuen. Hala ere, lagun talde bat aurrera jarraitzeko prest zegoen, eta hurrengo urtean bertan —1973an—, taldea berrosatu egin zen eta Lagun Onak izena hartu zuen. Saskibaloian jokatzeko gogoa zuen lagun talde bat zen, eta haiek ez zuten klub baten eraketa eta antzeko korapiloetan sartzeko gogorik. Astean lan saio bat egiten zuten partidatxoa jokatzeko hainbat biltzen zirenean: Xabier Madina, Esteban Urbieta, Iņigo Juaristi Aldagoiti, Ritxi, Federico Aranbarri, Benito, Txotxe, Fari, Jose Ignacio Zurutuza... Betharramdarretako jolas-eremu berria luxuzkoa zen gazte haientzako. Gerora Zestoako eskubaloiko taldea ere Betharramdarretara etorri zen; nahiz eta estali gabea izan, Urola bailararako puntako kirol ekipamendua zen. Futbitoan jokatzeko ere erabili zen.

ELKARREKIN

Ikus daitekeenez, lehen bi taldeen izenetan Anaitasuna eta Lagun Onak agertzen dira. Sorreratik bertatik, saskibaloian azkoitiarrek eta azpeitiarrek elkarrekin talde berean jokatu izan dute. Bailaran saskibaloia ezagutzen zutenak gutxi ziren, eta, horrela, kirol honek bi herrietako seme-alabak bat egin zituen, hain ezaguna den bi herrien arteko sestra inolako arazorik gabe, naturaltasun osoz gaindituz. Saskibaloian jokatzeko gogoa ororen gainetik zegoen. Gainera, egoera ez zegoen jarrera herrikoi itxietarako.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak