Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 8,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Lagun Onak Mendi Bazkuna - 50. urteurrena »  Xoxoteko Aterbea »  Terreno arazoak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Terreno arazoak

Dena bide honetik zihoala baldin bazirudien ere, terrenoarekin arazoak sortu ziren. Beste buruhauste bat. Bi, hobeto esanda. Batetik, lurraren jabe ziren baserritarrei terrenoa erosi, alokatu edo zerbait egin behar zitzaien. Bestetik, obratan hasi eta segituan Xoxoteko putzu aldeko terrenoen jabeekin izandako arazoa konpondu beharra zegoen. Larriena bigarren hau zen, ezbairik gabe. “Izan ere –dio Mendizabalek-, aterpeko terrenoen jabeekin ongi moldatu ginen hasieratik”.

Ez, ez zen aparteko arazorik gertatu terrenoa lortzeko. Guztira, hamar ziren jabeak: Inazio Amenabar (Azkune Fruituak-ekoa), Jexux Amenabar (Otola baserrikoa), Juan Ezenarro (Berastegi baserrikoa), Soraluze (Goiko Saletxekoa), Justo Azkune (Etxeberrikoa), Julian Azpiazu (Goiko Egurtzakoa), Martzelo Agirre (Goiko Egurtzakoa), Joxe Iparragirre (Beheko Egurtzakoa), Joxe Agirre (Beheko Egurtzakoa) eta Joxe Errazkin (Beristaingoa). Borondate ona zuten hauek guztiek, Inazio Amenabarrek aitortu duen moduan: “Lehendabiziko bileretan, batzuek lurra saltzea nahi zuten, toki hark balore handia zuela eta.

Halako batean, 100 milioi pezetako kopurua bota zuen batek. 100 milioiak hamar jabeon artean banatzeko lirateke. Jendea ez zegoen ados proposamen horrekin, gehegikoa iruditzen baitzitzaion. Beste batek 30ekoa bota zuen. Gero beste batek 20koa. Pixka bat nahastuta geunden. Gauzak horrela zeudela, Goiko Saletxekoek hauxe esan zuen Loiolatxoko bilera baten erdian: `Bilera hauetarako gehiago niri ez deitu, zeren batek 100 milioi, besteak 30, besteak 20...´. Haserre zegoen, bai, diruari garrantzia ematen zietelako zenbaitzuk. Berak hori esatea garrantzitsua izan zen, batzuen asmoa aldarazi egin zuelako. Eta azkenean, Udalari dohainik eman genion terrenoa. Azken finean, herriari gauza on bat uzteko asmoa genuen, besterik ez. Ez zen asko izango bakoitzarentzat milioi bat eskatzea, baina tira, inportanteena ez zen hori, aterpea han goian egin ahal izatea baizik. Harrezkero alkateak urtean behin bazkaria ematen digu, eta gustura”.

  1. urterako ezeren truke utzi zieten terrenoa Loiola aldeko baserritar hauek. Eskaera bakarra, zuhaitzak lantzeko eta zaintzeko izan zen. Eskaera ekologikoa. Arestian aipatu bezala, ordea, arazoak putzu aldeko lurren jabeekin izan ziren.

Obran hasi berriak zirela, materiala handik pasatu beharra zuten langileek. “22 bat jabe ziren, eta horiek beste asmo batzuk zituzten”, iritzi dio Juan Mendizabalek.

“Aterpearen aurrealdean bezala, atzealdean, putzu aldean ere, zuhaitzak sartzekoak ginen. Baina behin, Zestoako bilera batean, baserritar batek esan zigun gero egurra banatu egin beharko litzatekeela. Negozio bila zihoazen batzuk, hortaz. Hori entzun eta mahaitik altxatu egin ginen. Ondoren izan genituen epaiak eta abar, baina nahikoa azkar moztu zen hura guztia. Gerora, haietako asko aterpera sartuta daude eta ez da ezer gertatu. Azkar ahaztu genuen iskanbila”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak