Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  5. kapitulua »  Omenaldiak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Omenaldiak

Patxik irakaskuntzatik erretiratzea erabaki zuenetik, hainbat erakundek eta elkartek euskararen alorrean egin duen lanagatik omendu nahi izan du.

Hainbeste urtetan irakasle izan zuen Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultateak eskaini nahi izan zion lehen omenaldia. Patxi omentzeko, Deustuko Unibertsitateko irakasle diren, eta lehenagotik Patxiren ikasle izandako, Esther Zulaikak eta Elixabet Perezek paratutako Haizeak ez eramango liburua argitaratu zuten. Ez zen hori izan fakultateak egin zion liburu itxurako lehen omenaldia: 1990ean, unibertsitatean zilarrezko ezteiak bete zituela eta, Elixabet Perezek eta Patri Urkizuk paratutako Patxi Altunari omenaldia argitaratu zuten.

Deustuko Unibertsitateak ez ezik, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak (EIRE) ere omendu nahi izan zuen. Durangon, 2002ko otsailaren 16an, izan zen ospakizunean, unibertsitatetik erretiratu berriak ziren zazpi irakasle Irakasle emeritu izendatu zituzten, euskarazko irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alde egindako lan akademiko jasoagatik. Patxi Altunaz gain, Txillardegi, Gotzon Garate, Jesus Mari Lasagabaster, Pilar Lizeaga, Joan Otaegi, Karmele Rotaetxe eta Karmelo Zamalloak ere jaso zuten izendapena.

Unibertsitate alorrean dabiltzanek ez ezik, azpeitiarrek ere omendu nahi izan zuten Patxi. Bitan omendu ere, bere herri maiteak! 2001eko urriaren 20an, Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak, bazkide kanpainaren aurkezpen ekitaldian Patxi Altuna eta Joxe Lizaso bertsolaria Ohorezko bazkide izendatu zituen. Izendapen horren bitartez, Baiteko kideek, Patxi Altunak eta Joxe Lizasok euskararen alde erakutsi duten jarrera onetsi nahi izan zuten. Une hunkigarriak bizi izan ziren ekitaldian, eta, batik bat, Patxik oroigarria jasotzean bere hitzalditxoan Pumorin hil berria zen Beņat Arrue azpeitiar mendizale gaztea gogora ekarri zuenean: “Gure ama Arrueneko dendan egon zen lanean urteetan, eta, beraz, Beņati eskaintzen diot saio hau”.

2001eko abenduaren 2an, berriz, Eusko Jau-laritzaren eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko herrietan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia abiatu zen. Orduko aurkezpen ofizialean, Patxi Altuna eta Patxi Goenaga azpeitiar euskaltzain osoak omendu zituen Azpeitiko Udalak, ekitaldi ederra hura ere, Patxi Goenaga, Miren Azkarate eta Jean Haritxelhar Euskaltzaindiko kideak lagun zituela.

Unibertsitateak, euskalgintzak, bere herriak omendu nahi izan du Patxi euskararen irakaskuntzari eta ikerlanari eskainitako urteengatik eta, azken batean, euskarari egin dion ordainezineko ekarriagatik.

Hainbatek eta hainbatek bere Euskara, hire laguna metodoa jarraituz ikasi du euskaraz. Euskara batuaren arantzaz beteriko bidea abiatu zenetik ere, tinko aritu da euskara batuaren alde lanean. Eta unibertsitatean ere, Euskal Filologiaren sorreraren eragile eta hainbat ikasleren gidari izan da. Nahikoa arrazoi omendua izateko.

Bide luzea egin du, beraz, Patxi Altunak euskalgintzan, baina oraindik ere bide horri gogoz darraio.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak