Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  5. kapitulua »  Loiolako bizimodua

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Loiolako bizimodua

1960an aita Probintzialak Donostiako EUTGko Hizkuntza Eskolan, euskara ikasketak antolatzea eta aurrera eramatea ezarri zion eginkizun. 2001ean, berriz, Loiolako Artxibo Historikoaren arduradun izatea.

Artxibozainak artxibo historikoa zaintzea, dokumentuak aztertzea, baliodunak agerian jartzea eta merezi dutenak argitaratzea... du eginkizun.

Goizean 07:00ak aldera jaiki, otoitzak egin eta gosaldu ondoren, 08:30ak aldera hasten da lanean 13:00ak arte. Bazkal aurretik, otoitza eta eskariak egiteko etxeko kapera batean biltzen da gainerako komunitateko kideekin eta 13:30etan bazkaldu egiten du. Bazkalondoan, lo-kuluxka 15:30ak-16:00ak arte eta berriro lanari ekiten dio 19:00ak aldera arte. 19:00etan meza eman etxeko kapera batean, afaldu eta telebista pixkatxo batean ikusi ondoren 21:30ak aldera oheratzen da. Horrelakoak dira Patxiren astegunak Donostia utzi zuenetik.

Loiolara iritsi bezain laster, hain aberatsa den Loiolako artxiboan zokormiran hasiz ekin zion lanari. Hala dio Loiolako liburutegiko langile Olatz Berasategik: “Patxik Cardaberazen, Larramendiren edo Mendibururen idatziren bat aurkitu nahi du artxiboan eta beti galdetzen dit ea horrelako zerbait ikusi ote dudan zokoren batean”.

Hain maiteak dituen autoreen idatziren baten bila zebilela, ordea, duela berrehun urte Errezilgo apaiz batek egindako sermoia aurkitu zuen; transkribatu eta artikulu moduan Euskera aldizkarian argitaratu zuen: Errexilko euskara duela 200 urte.

Aspaldian ezin eginda zuen 1980an argitaraturiko Hillen aldeko mintzaldia, Tukidides II liburua grekotiko bere itzulpen lana, gaurko euskarara egokitzen aritu zen gero.

Lan hori amaitu orduko, Loiolako artxiboan dauden Patxi Etxeberria jesulagun andoaindarraren hamabost lanetatik bi, gaurko euskarara egokitu eta liburu moduan argitaratzeko paratu zituen. Bata, Umetako oroitzak: kittarra, argitara berria da. Bestea, Izaten hasi, argitara bidean.

Lan luze hori amaitu ostean zerbait zeharo ezberdina egin nahi izan zuen eta Loiolako etxeko historia jasotzen duen agirietan oinarrituta, Loiolako bisitariak artikulua idatzi zuen. Artikulu horretan 1844-1870 bitartean Loiolan izandako hainbat bisitari ezagunen berri eman zuen; hala nola, Luis Lucien Bonaparte euskalariarena eta Sabino Arana Goiri haurtxoarena bere etxekoekin.

Orain, enkarguz, San Inazioren gogo-jardunak euskaratzen ari da. Horrez gain, Lagundiko beste kide batzuek eta zenbait apaizek osatutako Kristau Teologiako aleen huts nimiñoak zuzentzen aritu da.

Bere gelan isilean egiten dituen lanez gain, badu astean behin oso gogoko duen bestelako lana: eibartar gazte bati latin eskolak ematea. Irakaskuntzatik erretiratu bazen ere, ezin izan zion uko egin latin eskola eskean zetorkion gazteari.

Izan ere, bere-berea du irakasletza, Xabierren oso gaztetxoa zela aritu zen lehen aldiz irakasle eta ia berrogei urtean lanbide izan duen irakaskuntzatik erretiratuta ere, irakasle izaten jarraitzen du.

Baina Patxiren eguneroko jarduna guztiz eteten dutenak Euskaltzaindiko bilerak dira. Euskaltzaindiari bere sarrerakoan hitz eman ez ezik zin egin zion, Jainkoak indarra eta osasuna ematen zion bitartean lanean ariko zela, eta horri esaneko izaten darraio. Euskaltzaindian Gramatika batzordeburu da eta lan taldekoekin hogei egunez behin biltzen da euskal gramatikaren korapiloak askatzen ahalegintzeko. Euskara Batuko batzordean ere kide da, eta bilkuretara ere zintzo, eta bere emaria daramala, agertzen da. Batzordeetako bilkurez gain, Euskaltzaindiaren hileroko biltzarretan ere han izaten da, bertako gora-beheren berri jakiten eta ematen.

Euskaltzaindiko bileretara joan ez ezik, horietarako lana prestatuta eman behar izaten du Patxik. Esaterako, oraintxe bertan, Euskaltzaindiak aurten, 2003an, Agustin Cardaberazen mendeurrena ospatuko du eta Patxi hitzaldia prestatzen ari da.

Beti lanean eta beti lanez leporaino, egin ahala baino lan gehiago hartuta askotan. Lagundian aspalditik lagun eta egun bizilagun duen aita Patxi Olariagak aipatzen du: “Patxi, oso langilea da, bere lanari beti oso lotua egon dena. Denbora gutxi galdu duena bestelakotan”. Aita Iñaki Cacho laguna ere iritzi berekoa da: “Noizean behin lana utzi eta jai egunen bat hartzen du. Baina jai hartzea ez zaio barrutik ateratzen. Hain da langilea! Leher egin arte lanean aritzen den horietakoa da”.

Leher egitera arte aritzen den horietakoa bada ere, “Patxi, oso pozik bizi den pertsona da, bere jesulagun izatea ondo datorkiona. Oso gazterik sartu zen Lagundian eta harrezkero Lagundiak eman dion misioarekin beti pozik egon dena”, esaten du aita Patxi Olariagak.

Asteburuetan jai hartzen ez badaki ere, atsedenaldi luzeagoak egin ohi ditu. Goizetan egunero bezala lan egin eta gero bere gelako isiltasuna utzita, larunbat arratsaldeak Loiolako kideekin eta igande eguerdi-arratsaldeak etxekoekin ematen ditu.

Etxekoekin edota lagunekin egoteko, jai hartzen dituen uneetan ere, burua beti lanean izaten du. Nork zer nola esango ernai. Eta inoiz inork Patxik ulertu ez duen zerbait esanez gero, paper muturren batean jaso ohi du. Hala kontatzen du Maria Pilar Larrañaga Patxiren koinatak: “Betiko ohitura du Patxik hitzak eta esaerak apuntatzea. Ni, azkoitiarra naizenez, askotan galdetzen zidan: ‘Nola esan duzu?’. Eta nik errepikatu eta Patxik idatzi egiten zuen papertxoren batean. Gazteago zenean ere, amari edota Hilari Garrantzuriri, askotan galdetzen zien nola esango litzatekeen halako Azpeitian”.

Ia igandero izaten da anaia Manuelenean bazkaltzen. Festetan eta etxekoen ospakizunetan ere ez du ia inoiz huts egiten. Juan Miguel Arregi Loiolako erretoreak dioenez, “etxekoak oso maiteak ditu, eta bere herria ere bai. Patxi oso azpeitiarra da; hango berri jakin nahi izaten du eta Azpeitiko festetan, ospakizunetan.. han izaten ahalegintzen da”.

Sarritan egoten da, beraz, Patxi etxekoekin. Bisitara ere, noiznahi joaten baitzaizkio etxekoak. Baina baditu aspaldian ikusi ez dituen bi anaia: Sebastian eta Javier. Hauen berri gutun bidez edota telefonoz izaten du. Izan ere, Sebastian Venezuelan bizi da eta Javier Ameriketako Estatu Batuetan (Los Angelesen), Lagundiak gaztetan hara bidali zituenetik. Baina aurtengoa urte handia izango da Kanpaxkoan, bost urtean behin elkartzen diren bost anai-arrebak, uztailean elkartzekoak direlako. “Denok, elkartzeko irrikaz gaude. Anaia Javier urtero etortzen da, baina Sebastian bost urtean behin. Horregatik, pozez zoratzen gaude uda noiz iritsiko, etxeko sukaldean bildurik elkarren kontuak entzunez gozatzeko”, dio Mari Carmen arrebak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak