Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Leioako Biltzarra (1994)

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Leioako Biltzarra (1994)

1994ko urrian, Bergara-Arrasateko biltzarretatik ha-mabost urtera hain zuzen, bildu zen Euskaltzaindia Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean idazleekin, irakasleekin, kazetariekin, administrazioko langileekin eta abarrekin, ordura arte euskara batuan egindako bidea aztertzeko: okerrak zuzentzeko, zuzen emandako arauak berresteko eta aurrerapauso berriak emateko.

Arantzazun bateratzeko bost eremu ikusten ziren. Horietako bat, Ortografia, finkatua zen jada, eta beste laurak finkatzeko: Hitzen forma, Hitz berriak, Morfologia eta Joskera, hain zuzen. Horiez gain, Ahoskera eta Metrika ere izan zituzten aztergai. Bergara-Arrasateko biltzarretatik ordura arte, Euskaltzaindiak egin zituen lan horien denen emaitza azaldu zuen egun haietan. Eta horrez gain, 61 ikerlariren lanen berri ere jakin ahal izan zen.

Biltzar Nagusi horretara, Euskaltzaindiko batzorde bakoitzak bere txosten mardula eraman zuen, hamabost urte haietan egindako lanaren agergarri. Patxi Altunak, aurkezgai ziren batzordeen txosten horietan parte izateaz gain, ardura handi samarra izan zuen Leioan. Izan ere, azpeitiarra Gramatika batzordeburua, Euskara Batuko batzordeburua eta Iker sailburua zen. Eta, ondorioz, batzorde horietan egindako lanaren arduradun nagusi.

Biltzarraren arrakasta, bertan irakurri ziren lanen garrantzian ez ezik, Leioara bertaratu zen euskaltzale kopuruan ikus zitekeen: Arantzazun 60 bat lagun bildu ziren, Bergara-Arrasaten 100 edo, eta Leioan 400etik gora.

Euskaltzaindiak Arantzazun jarri zituen euskara batuaren zimenduak; Bergara-Arrasaten zimendu haiek sendo zeudela ziurtatu eta urrats berriak eman zituen euskara batuaren bidean; Leioan etenaldia egin zuen bidean egindakoa zuzentzeko batzutan, berresteko bestetan. Eta oraindik ere baturako bidea egiteari darraio.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak