Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Biltzarrak kalean izan zuen oihartzuna

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Biltzarrak kalean izan zuen oihartzuna

Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batuaren alde egitea erabaki zuen. Hau da, idatzietan erabiliko zen euskara batu baten alde egitea. Baina izan zen Arantzazun hartutako erabakia onartu ez zuenik, eta horrek banaketa ekarri zuen euskal argitalpenetan: euskal prentsan, liburugintzan... Zenbait aldizkarik, argitaletxek eta idazlek, Euskal-tzaindiak proposaturiko arauak jarraitzen zituen, baina, bestetik, beste hainbatek arauei muzin eginez ordu arte bezala idazten jarraitu zuen, nork bere euskaran.

Horrek guztiak halako ondoeza, haserrea ekarri zuen euskalgintzan zebiltzanen artean. Batzuek, euskarak iraungo bazuen, batu egin behar zela sinesten zuten, besteek kalte besterik ez ziola egingo. Gainera, batzuek euskara batuaren azpian ideologia komunista, marxista ikusten zuten, eta horrek on-doeza areagotzen zuen.

Garai hartako artikuluak ugari dira tirabira horien lekuko, batzuk euskara batua gartsu defendituz, besteak indar guztiaz gaitzetsiz.

Patxik Arantzazuko Biltzarrean eta gerora, esaterako, Euskera, hire laguna metodoa euskara batura egokitu eta, horrenbestez, ‘h’a sartu zuenean, izan zen horregatik berekin haserretu zenik. Horren agergarri dira, Inozentzio Olea bertsolariak 1969ko ekainean Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zituen bertsoak. Besteak beste, honelakoak esan zizkion Patxi Altunari zortziko handian:

Zu ere "hache"-zaleetara
eroria azkenean,
zutik egoten lan da ekaitzak
astintzen gaituanean;
ez al zekizun zer gertatzen dan
eztabaida bat danean?
arrazoirikan ez duan ura
arroena geienean.

Bertsolariak "hache'rik" gabe
euskera idatzi zuten,
baiña zertako egongo gera
berritxu aiei entzuten;
zuek ez egiñ jaramonikan,
eskolarik ez baizuten,
ia jakintsu danon artean
lenbailen iltzen dezuten.

Oraingo zure liburu onek
eman didan eztenkada,
bertsolariak orra azaldu
trixte bere biozkada.
Aita Altuna, egiaz dizut
nere barruan kezka da,
euskerarentzat ez ote dan au
azkenengo mazokada?

Bertsolaritzan, euskal prentsan, liburugintzan... ez ezik, irakaskuntzan ere bizi izan zen euskara batuaren tirabira. Zein euskara irakatsi behar zen ikastoletan, alfabetatze-euskalduntze eskoletan? Zein testu landu behar ziren: euskara batuan zeudenak ala besteak?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak