Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Patxi Altuna euskaltzaina

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Patxi Altuna euskaltzaina

XIX. mendean hainbat erakunde euskaltzale sortu zen maila politikoan egiten zen euskararen defentsaren ondorio gisa. Euskaltzaleek berehala sentitu zuten Euskararen Akademiaren beharra, baina ez zen ezer garatu, 1880. urtean, Aristides Artiñano bizkaitarra gai horretaz indarrez eta adorez mintzatu zen arte, eta Academia bascongada izena ere proposatu zuen. 1886an, sortu beharreko akademiaren estatutuak aurkeztu zituen Aristides Artiñanok eta Sabino Arana Goirik onartu egin zuen haren proposamena.

Akademiaren sorrera, hala ere, berandukoagoa da. Euskaltzaindia izango zena, Bizkaiko Diputazioan jaio zen 1918. urtean, Hegoaldeko beste Foru Aldundiekin batera aurrera egiteko asmoarekin. Asmoa egia bihurtzeko, ordea, beste urtebete behar izan zen. 1919an, Oñatiko Unibertsitatean Arautegi proiektua onartu zen, Eusko Ikaskuntza kultur elkartearen eskutik, eta bertan lehen lau euskaltzainak hautatu ziren: Resurrección María Azkue, Arturo Kanpion, Julio Urkixo eta Luis Eleizalde.

Urteak aurrera ahala bere izapidea lortuz zihoan Euskaltzaindia, eta euskara batua sortzeko asmoari lotu zitzaion, nahiz eta ez zuen lortu gogo hura bide akademiko finko eta ziur batetik eramatea. 25 urte betetzera zihoala, Espainiako Gerra Zibila piztu zen, 1936an. Gerra horrek eta ondoko diktadurapeko hainbat urtek Euskaltzaindiaren jarduera hura isilarazi zuten. 1950. hamarkadan ekin zioten berriro lanari: arautegia berritu zen eta euskaltzain oso berriak hautatu ziren, oraingoan hamabi. 1956an, Arantzazun izan zen gerraondoko lehen biltzarra, ezkututik atera eta lehen topaleku agerikoa.

1956ko biltzarraren helburua, ezkutuan lanean jardun zuten euskaltzaleak elkartzea eta elkarren berri izatea izan zen. Biltzar horretan euskaltzaleon kezka nagusia euskarari bizirik nola eutsi izan zen.

Aspalditik —gerra aurretik— sumatua zuten, beraz, hainbat euskaltzalek euskara batuaren beharra. Baina, 1960. hamarkadan sortu zen Ikastolak, alfabetatze-euskalduntze eskolek, idazleek, euskal prentsaren bidetik zebiltzanek... areagotu egin zuten behar hori. Eta gizartearen eske horri erantzun nahian bildu zen Euskaltzaindia 1968an Arantzazun.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak