Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  'Versificación de Dechepare'

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

'Versificación de Dechepare'

Unibertsitateko irakasle izateak ikerketa lana du es-kakizun, zer esanik ez gaia unibertsitatean inoiz irakasgai izan ez denean. Horregatik, irakasgaia sortzeko hasi bazen ere ikertzen, bere ase ezineko jakin nahiak eraman du bere bizitza ikerketara bideratzera. Irakasgaiak sortzeaz gain, Salamancan buruan zerabilen tesiari ekin zion 1975. urte aldera.

Urteak zeramatzan Bernard Etxepare aztertzen eskolak eman ahal izateko. Baina klasiko honen lanak bazuen zerbait Patxi zeharo harrapatu zuena. Zenbat eta gehiago aztertu, orduan eta txundituago zegoen Patxi. “Etxepareren bertsoak asko gustatzen zitzaizkidan, ia-ia maitemindu egin nintzela esan daiteke. Eta egun batean konturatu nintzen bertso horietan tesi lana zegoela. Mitxelenaren etxera joan eta berak baietz, bazela tesi lana egiteko modukoa, eta halaxe ekin nion tesiari”.

Koldo Mitxelena izan zuen doktore-tesi zuzendari, hura baitzen garai hartan Etxepare aztertzen lagun ziezaiokeen bakarretakoa. Gainera, Mitxelenak berak bataiatu zuen Patxiren tesia: *Versificación de Dechepare: métrica y pronunciación*.

Doktore-tesia egin behar zuela erabaki bezain laster urtebeteko lan-utzialdia eskatu zuen EUTGn. 1976-1977 ikasturtean, hortaz, eskolak emateari utzi zion tesiari buru-belarri eusteko, eta Salamancara joan zen. Bertako unibertsitate batean irakasle ari zen eta tesi zuzendari zuen Koldo Mitxelenagandik hurbilago egoteko.

Salamancan, astean behin elkartzen ziren tesi lanaren nondik norakoak ikusteko eta aipatzeko. Zoritxarrez, otsail aldera ondoezak jo zuen Mitxelena eta oso gaixo egon zen. Beraz, ikasturte hartako bilkurak eten egin ziren. Handik aurrera hilabete batzutan Patxik berak bakarrik konpondu behar izan zuen.

1978ko martxoan, Filologia ikasketak egin zituen Salamancako unibertsitatean irakurri zuen te-sia; Antonio Tovar, Martin Ruiperez, Jose Antonio Pascual, Carmen Codoñer eta Koldo Mitxelena, Sa-lamancako Unibertsitateko irakasle eta hizkuntzalari ezagunek osatu zuten epaimahaiaren aurrean, hain zuzen. Patxiren tesi-lanak Bikain cum laude nota jaso zuen eta ohore guztiekin doktore izendatu.

Handia izan zen izendapen hura euskararentzat; izan ere, garai hartako Euskaltzaindian, eta euskalgintzan oro har, hirugarrena baitzen doktore izaten, Koldo Mitxelenaren beraren eta Jean Haritxelharren atzetik.

Etxepareren bertsoei buruz egin zuen tesi lana, Patxiren lehenengo ikerlan handia izan zela esan daiteke, harrezkero Bikain cum laude merezi duten lan gehiago ere egin baitu: Ziburuko Etxeberri, Tartas, Ubillos, Fray Bartolome, Mendiburu... Euskal Herriko Iparraldeko nahiz Hegoaldeko autoreen lanen edizio kritikoak eginez.

Ikerlan horiek guztiak, unibertsitatean ikasle izan zituenentzat ez ezik, euskal klasikoei buruz jakin-mina duen ororentzat eskuragarri egin ditu, edizio kritikoetan, artikuluetan eta abarretan. Badirudi, irakasle senak aginduta, bere jakintza geletatik kalera jalgi nahi izan duela hamaika argitalpenetan.

Era berean, ikerlari berriak bultzatu eta akuilatu ditu, dela tesi zuzendari gisa, dela tesi epaile gisa. Eta tesi lanetan ez ezik, beste hainbat lanetan zu-zendari, gidari ere aritu da. Bat aipatzekotan, guztietan bitxiena izan den, Tadao Shimomiya irakasle japoniarraren *Manual de lengua y culturas vascas: lengua, literatura, folklore, método de vasco unificado, antología y glosario* (1979) lanean. Lana Tokion argitaratu zen, eta, besteak beste, japonieratik abiatuta euskara irakasteko metodoa zekarren.

Gainera, unibertsitatean lan egindako ia 40 urte hauetan irakasle aritzeaz gain, hainbat kargu akademiko ere izan du: Deustuko Unibertsitateko Do-nostiako campuseko Filosofia eta Letren Fakultateko dekanoa (1978-1983), Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Euskal Hizkuntzako departamentu burua (1987-1994), Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Euskal Hizkuntza Saileko zuzendaria (1979-1991) eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Hizkuntzan Institutuko zuzendaria (1979-1991).

1963tik 2001era arte, ia 40 urtean, Patxi irakasle aritu da, batik bat, Deustuko Donostiako (lehen EUTG) eta Bilboko campusetan. Latinaz gain, euskal gaiak izan ditu irakasgai: *Lingüística Española*, Euskal Hizkuntzaren Historia eta Euskal Testuak. Irakaskuntza oso maite duen lana da, gozatu egin du lan horretan. Eta irakasle aritu da, halaber, geletatik at hainbat argitalpenen bidez. Badirudi, beraz, bi bokazio izan dituela Patxik: apaiz bokazioa eta irakasle bokazioa, eta jesulagun izanik biak uztartzeko aukera izan du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak