Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Euskal Filologiaren sorrera (1976)

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Euskal Filologiaren sorrera (1976)

Patxi lehen urratsak ematen ari zen unibertsitate xu-me batera iritsi zen 1963an, baina urteen poderioz sendoago eta handiago bihurtzen ezagutu du. Eraikinak berak ez ezik, izenak ere nozitu du aldaketarik, hasieratan EUTG izenarekin bataiatu zutena, aspaldian Deustuko Unibertsitatea deitzen baita.

Filosofia eta Letretako ikasketek ere, aldaketa nabariak ezagutu dituzte: hasiera batean, lizentziatura aurreko Komunak zeritzan ikasketak ziren ikasgai EUTGn. Ikasketa horiek, humanitate ikasketa orokorrak ziren eta ikasle gehienak hauek amaitu ostean, espezializazioak egitera kanpora joaten zi-ren: Kazetaritza, Pedagogia, Psikologia... ikastera. Gutxi batzuk, EUTGn gelditzen ziren Filologia Erro-manikoa egiten.

Urteak aurrera ahala Filologia Erromanikoak Filologia Hispaniarrari egin zion lekua. Eta 1976an, EUTGn —Bilbon Deustuko Unibertsitatean eta Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean—, hainbaten eta hainbaten ametsa izan zen Euskal Filologia-ren sorrera gauzatu zen.

Unibertsitatean Filologia irakasten zebiltzan euskaltzale askok buruan eta bihotzean zerabilen, noizbait Euskal Filologia sortzea; hau da, noizbait euskararen azterketa zientifikoa unibertsitatean sartzea, baina Francoren diktadurapean halako gauza bat pentsaezina zen. “Denok Franco noiz hilko zain geunden Euskal Filologia sartzeko. Zain-zain geunden eta hil bezain laster irakasten hasi ginen”, kontatzen du Patxik.

1975eko azaroaren 20an hil zen Franco, eta ondoren, ordura arte amets izan ziren Euskal Filologia ikasketak gauzatzeko aukera sortu zen. Baina bidea libre izatea ezinbestekoa bazen ere, ikasketak antolatzen eta prestatzen lanean gogotik eta kementsu ariko zen jendea ere oso beharrezkoa zen. Horregatik, Koldo Mitxelenaren eta Patxiren ke-mena erabakigarria izan zen ikasketa horien sorreran. Izan ere, biak izan ziren ikasketen sustatzaile eta eragile nagusiak, Mitxelena Euskal Herriko Unibertsitatean eta Patxi Deustuko Unibertsitatean. Era berean, ezin aipatu gabe utzi EUTGn Patxiren ondoan aparteko lana egin zutenak: Txuma Lasagabaster, Patxi Goenaga, Txillardegi, Miren Azkarate, Joan Mari Irigoien, Xabier Falkon, Felipe Iurramendi, Jesus Arzamendi...

Kemena ez ezik, lanean jarduteko beldurrik ez zuen jendea behar izan zen; izan ere, ikasketa programa eta ikasgaiak ia hutsetik sortu behar izan zi-ren. “Ez genuen testurik Morfologia, Sintaxia zein Hizkuntzalaritza eskolak emateko. Dena guk sortu behar izan genuen. Urte ederrak izan ziren, ilusioz beterikoak, baina, era berean, urte latzak”, aipatzen du Patxik.

Euskal Filologiaren ikasketa programaren zirriborroa nolabait osatu zuten. Eta zenbait irakaslek, inoiz irakatsi ez ziren eta kasu askotan aztergai izan ez ziren ikasgaiak sortu behar izan zituen.

Patxik, Euskal Filologian funtsezkoak diren bi ikasgai hartu zituen beregain: Euskal Hizkuntzaren Historia eta Euskal Testuak —XVI., XVII. eta XVIII. mendeko autore klasikoen lanen azterketa ikaskizun duen ikasgaia—.

Berak bi ikasgaiok, eta, batik bat, Euskal Testuak beregain hartu ez balitu, nekez irakatsiko lirateke gaur egun Euskal Filologian, Patxik aztertu, landu eta Euskal Filologiako ikasleentzat egokitu baitzituen.

Baina berebizikoa den prestaketa lan horrez gain, irakasle aparta izan da eskoletan. Berak testu haiek aztertzen sentitzen zuen zirrara hura ikasleei helarazten jakin duen hizlari bikaina izan baita Patxi. “Oso solaskide ona zen, euskaraz izugarri ondo hitz egiten zuen. Horregatik gozatu egiten genuen hari entzute soilarekin. Horrez gain, testuak oso sakon aztertzen genituen, eta berak hainbat pasarteri emandako interpretazioak oraindik ere ederki gogoratzen ditut”, aipatzen du 1990. hamarkadan Euskal Filologiako ikasle izandako Agurtzane Azpeitiak.

Era berean, autore klasikoen bizitzako gora-beherak ez aspertzeko moduan kontatzen zituen kontalari trebea izan da. “Patxiren eskolak mundialak ziren, Larramendiz hitz egiten hasten zenean, haren bizitzako gora-beherak... Gainera, berak gozatu egiten zuen. Ezagun da irakasle batek gozatzen duenean”, aipatzen du 1980. hamarkadan Eus-kal Filologiako ikasle eta beranduago EUTGn irakasle izan den Esther Zulaikak. Eta are gehiago, Patxik hain maite zituen autore klasikoak maitatzen makina bat ikasleri erakutsi die. “Autore zahar haiei zien estimazioa eta miresmena transmititu egiten zituen. Berak autore zaharrak errespetatzen eta maitatzen erakutsi digu; era berean, hauek duten ga-rrantziaz eta euskarari egin dioten ekarriaz, eta egun duten balioaz konturarazi gintuen”, esaten du Agurtzane Azpeitiak.

Halaber, irakasle zorrotza zen Patxi. Hala iritzi dio Miren Azkaratek, 1970. hamarkadan Filologia Erromanikoa ikasitakoak: “Ikaragarri irakasle zorrotza zen, suspentso pila bat ematen zuena. Gelan ehun eta piko baginen bostek-edo gaindituko zuten. Beldurgarria zen, baina jendeak errespetu handia zion”. Eta hori zen, hain zuzen ere, lan horretan Patxiri gutxien gustatzen zitzaiona, berak aitortzen duenez: “Eskolak ematen gozatu egiten nuen, baina notak ipintzea zen niretzat lanik gogorrena. Sufritu egiten nuen, ez nekien askotan justu zein nota jarri. Eta horregatik beti azken unera arte egoten nintzen notak jartzeko, idazkaritzako langileak zoratuz”.

Suspentso ugari eman duen irakaslea izan bada ere, ikasleekin harreman ona izan duen irakaslea izan da. Ikasleengandik oso gertu egon dena. “Ikasleekin banakako tratua zuen, guztiok ezagutzen gintuen pixka bat eta guztion bizitzaren zertzeladaren bat ere jakiten zuen”, aipatzen du Agurtzane Azpeitia ikasle ohiak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak