Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Filosofia eta letretako fakultatean

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Filosofia eta letretako fakultatean

1963an Donostiara iritsi zenean, bere egiteko nagusia Hizkuntza Eskolan euskara ikasketak antolatzea izan arren, Filosofia eta Letretako fakultatean ze-goen lizentziatura aurreko Komunak zeritzan bi kurtsotan irakasle laguntzaile lanetan ere aritu zen. Hau da, Latin Klasiko eta Latin Arrunteko irakasle titularra zen Koldo Mitxelenak eskolarik eman ezin zuenetan, Patxik ematen zituen eskolak. Horixe zen, irakasle laguntzaile gisa, bere betebeharra. Baina halabeharrak hala aginduta, pixkanaka-pixkanaka irakasle hutsuneak sortzen joan ziren Fi-losofia eta Letretako fakultatean, Patxiri lekua eginez.

Segituan sortu zen estali beharreko lehen zu-loa. 1964an, Donostian bigarren urtea zeramala, Koldo Mitxelenak Torrelavegako (Kantabria, Espai-nia) Institutuan irakasle oposaketa plaza lortu zuen eta horren ondorioz, EUTGn ematen zituen latin eskolak emateari utzi behar izan zion. Ez zuen edonork beteko Koldo Mitxelenak EUTGn utzi zuen zuloa; baina urrutira gabe, bertan zuten latin ikaragarri zekien Patxi, irakasle gaztea, eskola hauek emateko prest. Horrela, Patxi Filosofia eta Letretako fakultateko Komunetako Latin Klasiko eta Latin Arrunteko irakasle titularra bilakatu zen.

Urte gogorrak izan ziren aurrenekoak Patxi-rentzat, lan ikaragarri egin behar izan baitzuen es-kolak aurrera eraman ahal izateko. Sortu berria zen Hizkuntza Eskolako euskara eskolak ez ezik, Komunetako latin eskolak ere beregain zituen. Eta hori gutxi balitz, Salamancako San Estanislao Kolegiotik deitu zioten, juniorrei latin eskolak emateko.

Salamancan hiru bat urtetan izan zen juniorren irakasle. EUTGn ikasturtean zehar eskolak ematen jardun ondoren, apiril aldera Salamancara joaten zen, bertan hilabete eta erdi irauten zuen juniorren azken ebaluaketan irakasle aritzeko.

1967an, sortu zen EUTGn Patxik bete beharreko bigarren hutsunea. Aita Gotzon Goenaga, Filologia Erromanikoan irakasle zena, gehiago ikasi nahian Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta umezurtz utzi zuen hainbat urtetan irakasgai izan zuen *Lingüística Española* ikasgaia. Han zen, ordea, ilusio handiz eta gartsu lanean ari zen Patxi, eta bera arduratu zen 1967tik aurrera urte batzuetan eskola horiez —1976an Euskal Filologia sortu zen arte—. Halabeharrez suertatu bazitzaion ere, ikasgai hori emateak berebiziko eragina izan zuen Patxigan. Ikasgai horrek *Lingüística Española* izena izan arren, euskal gaiak irakasten zirelako eskola horietan. “Guk, autore klasikoak aztertu bagenituen ere, Mitxelena izan zen aztergai nagusia eskoletan. Eta ondoren, material hori garatuz Mitxelenaren idazlan hautatuak liburua prestatu zuen Patxik”, kontatzen du 1967-1972 bitartean ikasle izan zuen Mari Carmen Garmendiak.

Ikasgai hori prestatu beharrak murgilarazi zuen Patxi, are gehiago euskal literaturan eta bereziki klasikoen azterketan. Eta horrela ezagutu zuen, besteak beste, bera guztiz liluratu zuen Bernard Etxepare eta honen lana.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak