Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Hizkuntza eskolan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Hizkuntza eskolan

Jesulagunek garai berriei aurrea hartu nahian edo, eta orduko giro politikoari aurre eginez, euskara irakatsi nahi izan zuten EUTGn sortzera zihoazen Hiz-kuntza Eskolan. Eta horixe izan zuen eginkizun nagusi Patxik, euskarazko eskolak antolatu, prestatu eta aurrera eramatea.

Hasiera batean, Jesulagunen Kolegioko eta EUTGko Enpresa fakultateko ikasle multzo bat izan zen. Urte gutxira, ordea, euskara ikasi nahi zuen guztiari ireki zitzaizkion ateak. Hala dio eskola haietan lehenengo ikasle eta gerora irakasle izan zen Eugenio Muñagorrik: “Garai hartan, 1966 inguruan, ez zegoen Donostian euskara ikasteko aukera handirik. Baziren Maria Dolores Agirrek ematen zituen euskarazko eskola batzuk, baina ez zegoen beste inor. Horregatik, nik EUTGko Hizkuntza Eskolara jo nuen nire euskara orraztera”.

EUTGko Hizkuntza Eskolan, hizkuntzak ikasteko pizgarri izango zirelakoan, Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako baliabide benetan berritzaileak erabili ziren: ikus-entzunezko aparailuak. “Kabina moduko batzuetan sartuta ikasleek bere kasa ikasten zuten, galdera-erantzun moduko ariketak eginez”, kontatzen du Patxik. Ordura arte, hizkuntzak irakasteko ez zen halakorik erabili Euskal Herrian, ezta Espainia aldean ere. Beraz, hizkuntzak ikasi nahi zituzten ikasleak erakartzeko baliagarria izan zitezkeen.

Baliagarriak izan ziren, noski, baliabide horiek, baina euskara irakasteko hasieratan baino ez ziren erabili. Hizkuntza Eskolan ikasgai ziren ingelesa, frantsesa eta alemana irakasteko baliagarriagoak ziren, dirudienez.

Hizkuntza Eskolan, euskalduntze eskolak ematen ziren, alfabetatzekoak ere inoiz eman baziren ere. Eta eskolak, ikasturtean zehar, goizean goiz eta ilunabarretan izaten ziren, unibertsitateko gelak hutsak zeudela aprobetxatuz. Udan, berriz, Patxik euskalduntze ikastaro trinkoak sortu zituen euskara ikasteko, hilabetez egunean sei ordu euskararekin jardunean arituz.

Patxik euskara irakasten urte gutxi zeramatzala, euskara ikasteko metodo berri baten beharra su-matu zuen. Baziren garai hartan horretarako metodoak, baina azpeitiarra ez zuten betetzen: “Metodo haiek ez zuten zuzenean euskaraz irakasten, gaztelaniaz pentsarazten eta euskaraz esanarazten zu-telako. Eta nik ikaslea hortik atera nahi nuen”, aipatzen du Patxik.

Horrela sortu zen, 1967an lehen aldiz argitaratu zen Patxi Altunaren Euskera, ire laguna euskaraz ikasteko metodo berria. Metodo hori egiteko, E. Frank Cadlin-ek ingelesa ikasteko sortu zuen Present day English for foreing students metodoan oinarritu zen. Patxiren metodoak izugarrizko arrakasta izan zuen; bost argitaraldi izan zituen ondoko urteetan eta bizkaierara egokitua ere plazaratu zen.

Metodoaren arrakastagatik edota euskara ikasteko zegoen aukera urriagatik, EUTGko Hizkuntza Eskolan euskara ikasi nahi zuten ikasleak asko izatera iritsi ziren. Hori dela-eta Patxi bera irakasle gehiago aurkitu beharrean izan zen.

Irakasleak, batik bat, bere ikasleen artean bilatu zituen. Joxe Austin Arrietari Filologia Erromanikoa ikasten ari zela luzatu zion irakasle izateko gonbidapena: “Filologia Erromanikoan Patxi irakasle ge- nuen, eta bere eskola bat amaitu ondoren, taldetxoan berriketan ari ginela ‘dakion’ aditza atera zitzaidan. Eta Patxik esan zidan: ‘Zuk asko dakizu!’. Eta ez dakit horregatik fitxatu ninduen gero irakasle izateko”.

Joxe Austin Arrietaz gain, Mari Carmen Gar-endia, Mikel Arregi, Eugenio Muñagorri, Mari Carmen Iztueta... aritu ziren Hizkuntza Eskolan euskara irakasten hainbat urtetan Patxiren Euskera, hire laguna metodoa erabiliz. “Garai hartan oso metodo ona zen, oso ondo lantzen zituen galdegaiaren kontuak, galdera erantzunen bidez... oso metodo interesantea zen. Nik, behintzat, irakasle aritu izan nintzen urteetan oso kuttuna izan nuen metodo hori”, aipatzen du Joxe Austin Arrietak.

Metodoa sortzeak, beraz, izena eman zion Patxiri. Euskara ikasteko modu moderno baten sortzailea zelako. Eta ikasleek euskaraz hitz egiten ondo ikasten zutelako. Arrakasta bide zela, 1969 aldera Patxiri Loiola Irratitik deitu zioten, Jose Mari Iriondok aurkezten zuen Beti jai saioaren Denbora pasa sailean euskararen inguruan aritzeko. Jose Mari Iriondo: “Denbora pasa* sailean kalean entzuten ziren euskararen hainbat erabilera oker aipatu eta nola esan beharko liratekeen aipatzen zen. 1969 arte neuk jarduten nuen lan hori egiten, baina konturatu nintzen itzala zuen norbait, euskararen munduan norbait zen pertsona bat behar genuela hizlari, eta Patxi Altunarekin akordatu ginen”.

Beraz, Hizkuntza Eskolan ez ezik, irratitik ere euskara irakasten aritu zen Patxi Altuna, 1973ra arte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak