Carabanchelgo egonaldia
1974ko abenduaren 10ean, 47 urte zituela, kartzela-ratu zuten Patxi Carabanchelen (Espainia). Egun gutxira, Donostiako jesuita etxeko erretoreak isuna ordaintzeko gogoa adierazi bazion ere, nahiago izan zuen kartzelan geratu, diru asko baitzen garai hartan 400.000 pezeta; urte guztian unibertsitatean eskolak ematen irabazten zuena baino gehiago.
Carabanchelen, apaiz gehiago zegoen ziegara sartu zuten. Apaizek, kartzelan bestelako tratua zuten, gutxi nahasten ziren gainerako presoekin, patiora ateratzen zirenean baino ez. Jan ere, beraien ziegan egiten zuten. Eta nola jan! “Etxekoek eta lagunek bidalitako urdai ederra eta Gabon gauerako Donostiako Aurrera tabernako nagusiek txangurroa bidali ziguten. Ondoegi jaten genuen, zaindu egin behar ez gizentzeko! Kartzelan egotea ez zitzaidan gogor egin, ziega kideekin konfiantza hartu ondoren eramangarria zen eta eskolak ematen nituen hilabeteetan egin ezinda nituen lanak egiteko aprobetxatu nuen”, kontatzen du Patxik.
Carabanchelen bai, han izan zuen Auzitegi Gorenean ukatu zioten meza emateko aukera, eta hala egiten zuen egunero ilunabarretan.
Bisitak ere ugari izan zituen: jesulagunak, lagunak, etxekoak... jende asko, hogei lagunetik gora, izan zen Carabanchelen Patxi bisitatzen. Mari Pilar Larrañaga koinata: “Ni joan nintzenean, Patxiren amak eskuz idatzitako paper bat eraman nuen, itxaropena, pazientzia izan zezala esaten zuena. Patxiri paper hori kristal lodi-lodiaren bestaldetik erakutsi nionean malko-erreka batean urtu zen”.
1975ko martxoaren 10ean atera zen kartzelatik, 90 eguneko kartzela zigorra oso-osorik bete ondoren. “Patxik kartzelatik atera behar zuen egunean, Javier semea eta biok joan ginen hura jasotzera. Javier txistua jotzen ikasten ari zen eta Patxi kartzelatik ateratzen zenean txistuarekin Agur Jaunak jo nahi zion, baina hango mobida ikusita pasatuta gelditu zen eta ez zen txistua jotzen saiatu ere egin”, kontatzen du Patxiren anaia Manuelek.
Kartzelara eraman zuten meza sonatu haiez gain, gauza lasaiagoak ere egin zituen bere apaiz egitekoan; esaterako, makina bat bikote ezkondu. Gehienak etxekoak, lagunak, lankideak, ikasleak... gertuko jendea ezkondu zuen. Mari Carmen Garmendia lagunak dioenez, “Patxik jende asko ezagutu du, lagunarte zabaleko pertsona izan da; horregatik, berak ere ez du jakingo zenbat jende ezkondu duen”.
Donostiara joan berritan, 1965eko abuztuan bere anaia gaztea Manuel eta Maria Pilar ezkondu zituzten berak eta anaia Sebastianek Azpeitiko parrokian. Egun berezia izan zen Kanpaxkoan, etxeko txikia eta ezkontzekoa zen seme bakarra ezkondu baitzen. Egun berezi horretarako, Patxik bertso batzuk atondu zituen eta bazkalondoan ezkonberriei kantatu. Gerora, lehengusuak eta ilobak ere ezkondu ditu.
Etxekoez gain, hainbat lagun, lankide, ikasle ere ezkondu du, eta hauen artean gaur egun ezagunak diren hainbat pertsona ere bai: Iñaki Gabilondo irrati esataria, Antton Valverde abeslaria, Iñaki Esnaola politikaria eta abokatua...
Horretaz guztiaz gain, irratitik ere aritu zen predikatzen 1963-1973 bitartean. Loiola Irratian, Jose Mari Iriondok larunbat gauetan aurkezten zuen Beti jai saioaren amaiera aldera, Patxik igandeko ebanjelioa komentatzen zuen hamar bat minututan. “Dinamita ziren hitzaldi haiek; izan ere, erregimen guztiaren kontra joaten zen. Eta Donostiako sermoietan material bera erabiltzen zuenez, guretzat promozio ezin hobea zen. Horrez gain, euskara freskoa baina oso landua erabiltzen zuen, eta irratiz oso komunikatzaile ona zen”, kontatzen du Jose Mari Iriondok.
Arestian esan den bezala, jende askok Donostian jesuiten elizan ematen zituen meza haiengatik ezagutzen badu ere, ezagunagoa da egun Patxi irakaslea edo Patxi euskaltzaina.
Patxi irakaslea
Donostiako EUTG unibertsitatea, jesulagunek
1956an eratu zuten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten zihoan. Irakasleak aurkitzea ez zen lan samurra izan eta horren guztiaren ardatz izan zen aita Ignacio Errandoneak, jesulagunen artean bilatu behar izan zuen irakasle asko eta asko. Eta hauen artean bat, Perficit urtean Loiolan ikasle izan zuena: Patxi Altuna. Beraz, Patxi EUTG lehen urratsak ematen ari zela iritsi zen Donostiara. Egun Mundaiz auzoan duten eraikina ere, oraindik egiten ari zirela. Horregatik, jesuitek Ategorrietan zuten —eta egun San Ignacio de Loiola ikastetxea dagoen hartan duten— egoitzan bizi eta ematen zituzten eskolak. Eta halaxe jarraitu zuten 1965ean, Mundaizko eraikina amaitu eta hara joan ziren arte.
Unibertsitate berri horretan Patxiren egiteko nagusia, sortzekoa zen Hizkuntza Eskolan Euskal Hizkuntzako ikasketetaz arduratzea zen. Baina beste egiteko bat ere suertatu zitzaion: Filosofia eta Letren fakultatean, Latin irakasgaiko irakasle laguntzaile lanetan aritu beharra.
Ordura arte galdera zorrotzak egiten zituen ikaslea izan zen; handik aurrera, berriz, beste ikasleren baten galdera zorrotzei erantzun beharko zien irakaslea.
|