Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Atxilotu eta Madrilera

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Atxilotu eta Madrilera

Amak beldurrez ohartarazi bazuen ere, badirudi or-durako nahikoa mintzatu zela Patxi. 1974ko abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean, igandero ohi bezala meza eman zuen. Ama Birjinaren egun hartan, Donostian Poliziak ETAko kideak zirela egotziz aste hartan bertan atxilotutako hogei gazteren inguruan hitz egin zuen Patxik, eta egoera hura salatu. Eta egun horretan egin ohi den bezala, sermoia Hortikan zaude Euskal Herriko seme gaixo... abestiarekin amaitu zuen.

Elizkizuna amaituta, Azpeitira etorri zen etxekoekin bazkaltzera, eta arratsaldeko funtziora joan ondoren, Donostiara itzuli zen. Etxera, EUTGra iritsi zenean, erretoreak esan zion Polizia bere bila joan zela.

Hurrengo egunean, Patxi komisarian aurkeztu zen, eta atxilotu eta arratsaldean Madrilera, Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten. Bertan ziegan sartu, eta lotaratu baino lehen tirabira izan zuen Patxik hango funtzionarioekin: “Egunero egin ohi nuen bezala, meza eman nahi nuen eta hala adierazi nion hango funtzionario bati: ‘Quiero decir misa’. Funtzionarioak: ‘*¡Qué dice usted!, aquí no hay capilla*’. Nik orduan: ‘*Ah, no sé, yo quiero decir misa. Este es un centro católico, ¿no?. Pues, yo quiero decir misa, digaselo al jefe*’. Nik uste dut hori dela-eta hasi zirela diligentziak egiten ni handik lehenbailehen bidaltzeko. Hala ere, ez nuen lortu meza ematea”, oroitzen du Patxik.

Tirabira horren ondoren, gaua lo egin ezinda eman zuen atxiloketaren zergatia zein izan zitekeen asmatu nahian, ez baitzioten inongo azalpenik eman. Goizaldera esnarazi eta epailearen aurrera eraman zuten. Epaileak: “*Usted ha hecho una apología de los presos de ETA*”. Patxik: “*¿Yo, de los presos?*”, Patxi ez baitzen konturatzen zergatik zioen hori epaileak. Halako batean akordatu zen zein izan zitekeen bere apologia, eta epaileari: “*¿Sabe usted cuál ha sido la apología? He terminado el sermón recitando unos versos de un canto a la Virgen que es conocido en todo el Pais Vasco, y si decir ‘Euskal herriko seme gaixoak’ es hacer apología...*”. Egun hartan bertan, 400.000 pezetako isuna edo 90 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten. Patxik zigorra ordaintzeko adina diru ez zuela eta, kartzelara joatea erabaki zuen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak