Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  4. kapitulua »  Aita Patxiren sermoi sonatuak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Aita Patxiren sermoi sonatuak

Donostian Garibai kaleko Residencia de los Padres Jesuitas delakoan, hamabostean behin hasieran eta igandero gero, 10:30etako meza ematen zuen Patxik euskaraz. Hasieran jende gutxi biltzen zuen, baina pixkanaka izena hartzen joan ziren elizkizun horiek, eta azkenerako eliza lepo eginda egoten zen.

Hiru ordu laurden-edo irauten zuen elizkizunean, ia ordu erdikoa izaten zen sermoia. Eta sermoi horiengatik egin zen Patxi, hain zuzen ere, ezagun. Sermolari “aparta” zen, Inazio Mari Olartek, inoiz meza haietan izandako azpeitiarrak kontatzen duenez: “Patxi oso sermolari ona zen, soseguz eta argi esaten zituen gauzak. Ebanjelioa-eta irakurtzen zituenean, Jesusi berari edo apostoluei entzuten ari zinela ematen zuen, hain baitzen egokia bere irakurtzeko modua”.

Koldo Mitxelenak ere hala aitortzen zion artikulu batean: “Aita Altuna, besteak beste, sermoigile garaia dela eta izan dela Euskal Herrian. Ez diot deus kenduko bere hitz-etorri eta hitz-jarioaren orrazketari, antzinakoen segizioko baita arlo horretan, inor baldin bada; hots, Axular, Larramendi eta gure arteko beste hainbesteren segizioko; eta gidari ere bai”. (Patxi Altunari erantzunez; Euskera, 1981 (2)).

Sermoiak egiten apartekoa izateaz gain, hizpide zituen gaiak ere halakoak ziren. Francoren diktadurapeko garai haietan, adierazpen askatasuna, eta askatasuna oro har, hain murriztua zegoen garai haietan, jendaurrean gai jakin batzuez hitz egin eta salatzeko ausarta izan behar zen gero!

Patxik, besteak beste, diktadura garaian Euskal Herria jasaten ari zen bidegabekeriak izaten zituen hizpide bere sermoietan. Ebanjeliotik abiatuz, garai hartako hainbat gertaera aipatu eta gogor salatzen zituen.

Hori dela-eta Poliziak hainbat isun ipintzeaz gain, Patxiri zaindu beharreko pertsona iritzi zion. Igandeko elizkizun haietara, Polizia, ezkutuan noski, Patxiren eta honen entzule zirenak zelatatzera joaten zen. Eta hala jakinarazi zion behin Patxiren mezetara joaten zen polizia baten emazteak: “Kontuz ibil zaitez aita Patxi, zaindua zaude eta!”.

Garai hartan igandero Patxiren mezetara joaten zen Miren Azkarate, eta honela oroitzen ditu meza haiek: “Patxiren mezak guretzako kontsolamendua ziren. Sermoietan, zeuk pentsatzen zenuena eta beste inon entzuteko aukerarik ez zenuena, eta, gainera, pulpitutik esanda, entzuteko aukera genuen. Oso gustura sentitzen ginen mezan, eta horregatik egoten zen gainezka eliza”.

Hain sonatuak izatera iritsi ziren mezen oihartzuna Azpeitiraino eta Patxiren amarenganaino ere iritsi ziren. Eta amak beldurrez esaten zion Patxiri: “Patxiko Mari, ez hadi gehiegi mintzatu”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak