Hirugarren Probantza (Gandia, Espainia)
Hirugarren Probantza, jesulagun izateko ikasketa bide horretan azken urratsa zuten. Bigarren Nobi-ziado bat bezala zen, gai berak lantzen baitziren, baina modu sakonagoan aztertuz. Urtebeteko ikasketa hauetan Jesusen Lagundiaren izpiritua eta, batik bat, Lagundia Instituzio moduan azaltzen ziren: Jesusen Lagundia zer den, nola jokatzen duen Jesusen Lagundiko kide batek...
Ikasketok Gandian (Valentzia, Espainia) egin zituen Patxik, 35 urte zituela, jesulagunek bertan zuten etxe eder batean: San Francisco de Borjaren jaiotetxean, hain zuzen. Eta jauregi horretan bizi eta egin zituen Hirugarren Probantzako ikasketak.
Urte hartan bizitza espirituala egiten zuten. Irakurketa espirituala, platikak, erretiroak igandeetan... “Gutxi hitz egin eta asko meditatu, bazkaltzeko ordura arte isilik eta asko meditatu”, dio Patxik.
Baina gutxi hitz egin eta asko meditatu arren, aurreko garaietan baino askatasun handiagoa zuten: “Nahiko aske ibiltzen ginen, ez ginen monasterioari hain lotuta bizi. Zerbait erosi beharra-edo ba-genuen lasai joaten ginen herrira. Gandian uda urrira arte luzatzen denez, askotan hondartzara joaten ginen bainu bat hartzera. Kanpora ateratzea ordu libreetan, gure eskuan zegoen, ez geneukan baimena eskatu beharrik”, azaltzen du Patxi baino urtebete lehenago Gandian bizi izan zen Patxi Olariagak.
Etxe eta eguraldi ederraz gain, sukaldaria ere primerakoa zuten Gandiako etxean. Hala dio Iñaki Arregik: “Gandiako etxean izugarrizko paella ona ematen ziguten; inoiz ez ginen aspertzen. Patxiri ere asko gustatzen zitzaion. Garai hartan, ordea, Patxik argaldu beharra zuenez, jatekoari begiratu beha-rrean zen. Baina paella ateratzen zigutenean, Patxik esan ohi zuen paellak ez zuela gizentzen eta lasai jaten zuen”.
Hori guztiaz gain, Hirugarren Probantzako ikasleak apaizak zirenez, meza ematen zuten, etxean bertan edota inguruko elizaren batean. Iñaki Arregi eta Patxi, Gandiako Parroquia de Cristo Rey deritzonera joaten ziren, bertako parrokoari meza ematen laguntzera.
Urtero bezala, gogo-jardunekin hasten zen ikasturte hark, platikaz, irakurraldiaz, erretiroaz eta gainerakoez gain, bazituen bete beharreko proba berezi batzuk: Ministerio Hilabetea batetik, eta Ospitale Hilabetea, bestetik.
Ministerio Hilabetea zelakoan, Patxiri eta Iñaki Arregiri Garizuman Loiolara etortzea egokitu zitza-ien. Egun hauetan, Patxiri emandako lana apaiz ba-tzuei euskaraz gogo-jardunak ematea izan zen. Eta hauek amaitutakoan Ormaiztegiko (Gipuzkoa) elizan misioa ematea.
Loiolara zetorrenez, etxekoei zerbait eramatea otu zitzaion. “Loiolara etorri ginenean —dio Iñaki Arregik—, Patxik etxekoentzat laranja pila bat ekarri zuen, baina denak txarrak atera ziren. Izan ere, izotz urtea izan zen hura, eta, ondorioz, laranja asko galdu egin ziren. Patxik ekarri zituenak kanpotik oso itxura ona zuten, baina barrutik lehor-lehorrak zeuden izotzagatik”.
Ospitale Hilabetea zeritzon proba, Gandiako jesulagun ikasleek Fontilles-eko legenardunegian —leproserian— egiten zuten. Berez, hogei bat eguneko proba bazen ere, Patxik eta bere kideek astebete eskas baino ez zuten eman bertan. Izan ere, hauei ikasturte amaieran tokatu zitzaien proba hori betetzea eta horregatik egun gutxiago eman zituzten bertan. Fontillesen beraien eginkizuna, batetik, erizainei laguntzea zen: janaria banatzen, garbiketak egiten...; eta, bestetik, animo espirituala eman nahian gaixoekin hitz egitea.
Ondo oroitzen ditu Patxi Olariagak egun haiek: “Nire lagun batzuk Fontillesera joateko beldur ziren. Baina nik eta beste askok ez genuen izan inongo eragozpenik hara joateko. Hango gaitzak, aurpegiak, sudurrak... pena ematen zuten. Jende gazte-gaztea hala ikustea izugarria zen”.
Era horretako pasadizo latzez beterik zeuden hiru Probantzak. Azken batean, eliza ikasketok jesulagunen heziketarako bideratuak egoteaz gain, maila akademikotik haratago zihoazelako; hau da, pertsonen gizatasuna proban jartzeraino.
Uztailerako Donostian zen Patxi. Uda hura, irailean eman behar zituen eskolak prestatzen eman zuen. Baina hutsik egin gabe, San Inazioetako bederatziurrenerako Loiolan zen. Urte hartan, gainera, goizetan euskaraz predikatu zuen bederatziurrena.
San Inazioak etxekoekin, sendikoekin eman zituen festa giro ederrean. Jai egunetako batean bazkaltzen ari zirela aitak zera galdetu zion Patxiri: “Noiz hasi hintzen ikasten?”. Patxik: “Jesuitinetan”. Aitak: “Ez, ez, eliz ikasketak”. Patxik: “Orain dela hogei urte”. Aitak: “Bejondeiala, eta akordatzen al haiz ikasitakoez?”. Patxik: “Ez, gehienak ahaztuta dauzkat”. Aitak, orduan: “Ez al huen hobe, hortaz, azkeneko hauek besterik ez ikastea, aurreko haiek utzita?”. Aitaren beste ateraldi haietako bat.
Honek hain luze iritzi zituen ikasketak amaitu zituen halako batean Patxik. Ikasketetan oso jantzia eta pertsona eliz gizon bezala zaildua zen bada, nagusiek eman zioten eginkizuna betetzeko: Donostian EUTGn eskolak emateko.
|