Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Innsbruckeko azken urtea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Innsbruckeko azken urtea

Teologiako azken urtea gainerakoen antzekoa izan zen bizimoduz. Apaiz izateak egiten zuen ezberdin. Egunero meza emateko eta jendearenganako prestutasuna adierazteko aukera baitzuen.

“Meza, inguruko herrixketan, Karmeliten komentuan edota gerra garaian arbaso juduak zituen jesulagun bat ezkutatu zuen emakume bati ematen zitzaion bere etxean. Gainera, mezak orduan latinez ematen zirenez, alemana meza emateko lain ez menperatuta ere, ez genuen inolako arazorik”, dio Felix Juan Cabasések.

Azken urtea betiko moduan eman zuen: ikasten. Gogoa beti liburu artean zuela. Hala ere, izan zuen azken urte hartan aita Erretorearen errietarik. Badirudi Patxi eta beste zenbait lagun afal aurreko atsedentxoa Ignacio Ellacuriaren gelan biltzen zirela eta marmarrean jarduten zutela zenbaitetan. Aita Erretorearen jakinera halako kontuak iritsi zirenean, Patxiri deitu eta errieta egin zion.

Azken urte hark amaiera izan zuen gogorra. Teologiako gaien azterketez gain, Ad Gradum izena zuen errebalida moduko azterketa baitzuten. Azterketan, Teologiako gai nagusietan oinarritutako ehun bat gai izaten zituzten ikasteko. Hauek prestatzeko bi hilabete ematen zitzaizkien. Epe hori batzuek, handik bost edo sei kilometrora dagoen Zenzenhof-en zuten landetxean eman zuten lasaiago ikasi ahal izateko.

Ad Gradum azterketa prestatzeko Zenzenhof-era joaten ginen, bi hilabete haietan ez baikenuen eskoletara derrigorrez joan beharrik”, dio aita Felix Juan Cabasések. “Horregatik aita Erretoreak nahiago izaten zuen gu urruti edukitzea. Ikasteko binaka edo hirunaka antolatzen ginen. Ni, Iurritarekin eta Patxi Altunarekin jardun nintzen ikasten. Bakoitza geure gelan jarduten ginen ikasten eta egunean hainbatetan elkartzen ginen, elkarri lezioa hartu edota zalantzak argitzeko”,

Bi hilabete gogor ikasten aritu ondoren iritsi zen azterketa eguna. Ad Gradum zelakoa, epaimahai baten aurrean latinez egiten zen bi orduko ahozko azterketa zen. Azterketa gogortxoa zen arren, erraz gainditu zuen Patxik.

Froga gainditzeak hiru gauza zekarzkion. Lehenengoa, Teologian lizentziatzea. Bigarrena, handik urte batzuetara egin behar zituen botoetan lau boto —pobre izatea, esaneko izatea, Aita Santuari esaneko izatea eta kastitatea— egiteko aukera izango zuela, por maior ikasi baitzuen. Eta hirugarrena, Bigarren Probantza amaitzea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak