Apaizte eguna
Garai hartan Teologiako hirugarren urtea egin ondoren apaizten ziren jesulagunak. Egun handia zen hura apaizgaientzat. Bide luzea egin baitzuten horretarako.
Patxirentzat egun handia bazen, baita honen etxekoentzat ere. Hala dio Mari Carmenek, Patxiren arrebak: “Gure amak aitari egurrezko kaxa bat eginarazi zion eta pezeta rubia guztiak han sartzen zituen. Dirua gordetzen joan zen urteak aurretik Patxiren apaizte egunean Innsbruckera joateko”.
Eguna hurreratu ahala, Patxiren gurasoak hasi ziren egun horretarako prestaketak egiten. Urduri zebiltzan etxekoak, egun handirako guztia ondo prestatu nahi baitzuten. Elizkizunerako Patxiren arropaz ere zeharo arduratuta ibili ziren: zer behar zuen, nolakoak behar zuten izan... Izan ere, bi izeba mojek josi nahi zituzten bere iloba maitearen Meza Berriko arropak. Bestetik, bidaiaren nondik norakoak zehaztu behar zituzten: nola joan, non lo egin...
Baina, zorionez, Patxiren gurasoek ez zuten burua gehiegi nekatu beharrik izan bidaia antolatzen, Patxiren lagun batzuek hara joatea erabaki zutelako, apaizte egunean lagunarekin egon ahal izateko.
Izan ere, Salamancan zeudela, Iñaki Zabalak Patxiri agindu zion apaizte egunean munduan zegoen lekuan zegoela ere, han izango zela bera. Hitzeko gizona zenez Iñaki, emaztearekin batera bi-daia prestatzen hasi zen eta beste hainbat lagun animatu ziren bidaia egitera: batetik, Patxiren lagun zen beste bikote bat, eta bestetik, Iñakiren tarteko bi bikote beren ezkon bidaian Innsbrucken geldialdia egingo zutenak. Mundaka aldetik, beraz, zortzi la-gun bildu ziren eta hauek Patxiren gurasoei proposatu zieten beraiekin joateko.
Hamar pertsona joan ziren, hortaz, Euskal Herritik Innsbruckera: hiru bikote automobil banatan eta Iñaki Zabala, honen emazte Miren Agirre eta Patxiren gurasoak laugarren automobilean. “Gure gurasoak Iñakirekin eta honen emaztearekin joan ziren. Hauek izugarri automobil dotorea zuten, baina muga pasatu orduko aberiatu egin zitzaien. Beraz, lehen gaua hemendik oso hurbil eman zuten. Automobila konponduta, berriro abiatu eta laster, berriro, aberiatu zitzaien. Egundokoak ibili zituzten automobilarekin. Hala ere, egunerako iritsi ziren Innsbruckera”, kontatzen du Mari Carmen arrebak.
1961eko uztailaren 26an apaiztu zen Patxi, gurasoak eta lagunak berekin zirela. “Egun hartan emozio izugarria sentitu nuen, dardara eta negarra ziren nagusi. Hantxe denok belauniko aldarearen aurrean eta apezpikuak egiten zizkigun galderei erantzuten”, azaltzen du Patxik. Sentipen haiek guztiak oso ondo adierazi zituen, apaizte egunerako eta Meza Berri egunerako osatu zuen olerkian.
Uztailaren 26an apaiztu eta 28an abiatu ziren pixkanaka, bidean bazterrak ikusteko geldialdiak eginez, Euskal Herri aldera. Bikote ezkonberriek eta hirugarren bikoteak beren bidea egin zuten. Euskal Herrira bidean, Iñaki Zabala, Miren Agirre, Patxiren gurasoak eta Patxi etorri ziren, joaterakoan hainbeste arazo eman zizkien automobil hartan.
Bidaian Alpe inguruko bazterrak ikusi zituzten: Italia aldean Como Lakua eta honen inguruko parajeak; Suitzan ere Konstanza Lakuan eta Genevan izan ziren. “Gure amari inpresio handiena Alpe mendiek eman zioten; esaten zuen beldurra ematen zutela, ikaragarriak zirela. Aita, berriz, zeharo txundituta ibili zen hango bide zabalekin, hango egoitza ederrekin... konstrukzioko gauzek orokorrean izugarrizko atentzioa eman zioten, gure aita kontratista zelako”, kontatzen du Mari Carmenek.
“Gure aita zoratzen ibili zen bidaian. Autobidean gindoazela zeharo txundituta zihoan hainbeste automobil ikusita eta halako batean galdetu zidan: ‘Aizak, Patxiko, hauek denek noiz egiten dute lan?’. Halako ateraldiak zituen batzuetan”.
Abuztuaren 5ean iritsi ziren Azpeitira, Patxik parrokian eman behar zuen Meza Berriaren aurreko egunean. Aparte ibili ziren bidaian, baina... “Gure aita oso gustura ibili zen bidaian, baina bazuen pena bat: San Inazioak galdu izana. Hainbeste gustatzen zitzaizkion herriko festak, Meza Nagusi ederrak, musika, zezenketak.... pena horixe izan zuen uda hartan”, aipatzen du Mari Carmenek.
Abuztuaren 6an, orduan hamarretan izaten zen Meza Nagusian eman zuen Meza Berria Patxik. Meza Berria, apaiz batek ematen duen lehen meza izaten da, horregatik ospakizun eguna. “Herrian gertakari berezia bat izaten zen herriko seme batek Meza Berria ematea. Ia herri osoa joaten zen elizkizunera, alkatea bera ere han izaten zen. Eta ondoren egiten zen bazkaritan ere gonbidatu ugari izaten zen: osaba-izebak, lehengusuak, lagunak, jesulagun azpeitiarren gurasoak... Patxikoren Meza Berrikoan, 150 bat lagun bildu ziren Hotel Artechen egin zen bazkaritara. Boda bat bezala izaten zen”, kontatzen du Mari Carmenek, Patxiren arrebak.
Egun zoriontsuak ziren haiek Patxirentzat. Jada apaiza zen, bere herri maitean etxekoez eta herritarrez inguratuta eman zuen Meza Berria. Ospakizunez ospakizun zebilen egun haietan.
Meza Berri ondoko egunetan Loiolara bildu zen, Euskal Etxekoekin elkartu eta euskara jorratzeko asmotan. Baina izan zen egun haiek tristatu zituen gertaera bat: Nicolas Ormaetxea Orixe-ren he-riotza. Orixe azkeneko urteetan gaixorik zebilen, oso ahul, ohetik jaikitzeko gauza ez zela. Eta 1961eko abuztuaren 9an zendu zen.
Patxik ezaguna zuen Orixe. Gazte-gaztetatik oso maite zituen haren olerkiak eta elkar ezagutzeko parada ere izan zuten. Ezagutzeaz gain, gutun bidez urteetako hartu-emana ere izan zuten.
Añorgan, Donostiako auzoan, elkartu ziren 1961eko abuztuaren 10ean, Orixeren hileta elizkizunetan garai hartan euskalgintzan ziharduten asko eta asko. Egun tristea izan zen, gizon handi bat galdu baitzuen euskalgintzak.
Uda gazi-gozoa amaituta, berriro Innsbruckera bueltatu behar Teologia ikasketak amaitzera.
|