Teologia Innsbruck-en
Innsbruck, Austriako Tirol-eko hiriburua da. Alpeen erdian dago kokatua, Les Grandes Rousses mendilerroaren magalean. Hiriak turismoa du jarduera nagusia, eskiatzeko pista izugarriak baititu. Hori dela-eta Neguko Olinpiar Jokoak bi aldiz izan dira han.
Turismoaz gain, Innsbruck unibertsitatedun hi-ria da. Jesusen Lagundiak ere badu bertan unibertsitatea, Teologiako fakultatea hain zuzen. Fakultate horretan eman zituen Patxi Altunak hiru urte, 1959tik 1962ra.
Innsbruckeko bizimodua Ońakoaren antzekoa zen; hau da, eguneko eginkizunak tankerakoak ziren. Baina Ońan baino askatasun handiagoa zuten. “Innsbrucken hartu nituen nik bizio guztiak. Han utzi nion sotana janzteari —han inork ez baitzuen erabiltzen—, eta han hasi nintzen erretzen, eta nola! Izugarri erretzen nuen”, kontatzen du Patxik.
Egunaren parterik handiena eskolan eta ikasten ematen zuen. Eskolak, gainera, alemanez eta latinez izaten ziren. Alemanarekin hasieran izan zuen zailtasunik, baina poliki moldatu zen.
Gogotik saiatzen zen Patxi ikasketetan, baina Innsbrucken jaso zuen bere bizi guztiko lehen suspentsoa: “Garrantzi gutxiko azterketa bazen ere, disgusto ederra jaso nuen, ez bainuen ordura arte inoiz suspentsorik jaso. Azterketa, bat konfesioak egiteko gai zela erabakitzeko egiten zen. Ahozkoa zen azterketa, eta hiru irakasleren aurrean egiten zen. Lehenengo azterketan suspentsoa jaso nuen. Bigarrengoan ere ez nuen gainditu. Eta hirugarrengoan, bai horratik!”.
Denbora librean, batzuk zinemara edota eskiatzera joaten zirenean, Patxi bere gelan ikasten gelditzen zen. Gusturago ibiltzen zen ikasten, eskiatzen edo zinemara joanda baino. Bere gelan ematen zituen ordu horietan, Teologiako gaiez gain, euskal liburuak ere izan zituen aztergai.
Baina bazuen Patxik liburu artetik ateratzen zuen zaletasun bat: futbola. Gainera, teologoek futbol taldea osatu zuten eta Austriako unibertsitate arteko txapelketan hartu zuten parte. Nahiko talde ona osatu ere. Izan ere, finalerdietara iristea lortu zuten. Eta finalerdiko partidua jolasteko Vienara joan behar izan zuten. Vienako Prater futbol zelaian ez zuten, ordea, irabaztea lortu. Bigarren geratu ziren, beraz, Austriako unibertsitate arteko txapelketan.
Teologoen beste talde batek osatu zuten saskibaloi taldea, ordea, garaile izan zen, Unibertsitate arteko txapelketan. Hura poza teologo haiena! Ospatzeko bi arrazoi zituzten.
Gutxiena espero zutena zen, ordea, Erromako aita Jeneralak txapelketa horien berri izatea. Hase-rretu egin zen hura, txapelketak zirela-eta hainbat eskola egun galdu zituztelako Patxik eta konpainiak. Gutun garratza egin zien Erromatik, “immo et gloriantur de victoria reportata” zioena; hau da, “gainera poztu egiten dira lortutako garaipenaz”. Teologoen poza zapuztuz.
1960ko udan, Patxi Innsbruck utzi eta Loiolara itzuli zen oporrak pasatzera. Bertan, Euskal Etxearen bilkura izan zuten. Aurreko urtean bezalatsu euskaran sakontzen aritu ziren, baina ez zen inolako hitzaldirik antolatu.
Uda hartan, ordea, bere bizitza aldatuko zuen berria jaso zuen. Innsbrucken zegoela, ez zuen aita Probintzialaren bisitarik izan, honi urruti samar gelditzen baitzitzaion Austria. Baina udan ikasleak beraien probintzietara bueltatzen zirenean egiten zien bisita. 1960ko udan, euskal gaietan murgilduta zebilela, aita Probintzialaren bisita izan zuen. Honek, eliz ikasketak amaitu ondorako destinoa eman zion. Ordura arte, Patxi Altunaren destinoa Junioradoko irakasle izatea zen eta horretarako egin zituen Loiolan Perficit urtea eta Salamancan Filologia Klasikoa. Baina iritzia aldatu eta Donostiako EUTGko unibertsitatean eskolak ematea izan zen destino berria. Sortu berria zen EUTG eta irakasle beharra zuten batetik, eta Junioradoko ikasketak gain-behera zihoazen bestetik.
|