1959ko uda
Bazkalondoetan biltzen hasi zen euskaltzale taldetxoak, izan zuen udan euskara ikastaldi haiekin ja-rraitzeko parada. Behar ziren baimenak eskatuta, udan euskara ikasten jarraitzeko bi jarduera antolatu zituzten. Bata, Mundakan (Bizkaia) opor egun batzuk ematea, egun osoan euskaraz aritzeko helburuarekin. Bestea, Loiolan Euskal Etxe zelakoa sortzea.
Oñako erretoreak egun batzuk mendian igarotzeko aukera eskaini zien filosofoei, baina oporraldi hura beraiek taldeka antolatzekotan. Euskaltzale taldeko kideek garbi ikusi zuten aukera aparta zela hura, elkarrekin egun batzuk pasatu eta euskara lantzeko. Baina mendira, nora joan?
Patxi, bere lagun Iñaki Zabalaz akordatu zen eta honekin hitz egin ondoren, Mundakara joan zitezkeela proposatu zien euskaltzale taldekoei. Baina Mundakak bazuen oztopo txiki-handi bat: mendi aldean baino gehiago, hondartza aldeagoan dagoela. “Etxeko Erretoreak nahiago izaten zuen gu hondartza aldera ez joatea, eta horregatik guk esan genion ‘*que íbamos a las últimas estribaciones del monte Sollube*’, mendi aldera gindoazela pentsa zezan”, kontatzen du Iñaki Arregik.
Trenez Gernikara (Bizkaia) joan ziren eta handik Gernikakoa zen Sarrikolearen etxekoek Mundakara eraman zituzten, herri honetan Iñaki Zabalak utzitako baratze batean kanpin dendak jartzekotan. Baina iritsi zirenean euria ari zuenez, baratze hartan bertan zegoen txabola batean lurrean lo egitea pentsatu zuten. “Baina Patxik, etzan orduko, lo hartu zuen, eta haren zurrungengatik eta lurraren gogorragatik besteok ezin izan genuen lorik egin”, dio Javier Oleagak.
Opor egunak atsedena hartzen eta Mundaka inguruko bazterrak ezagutzen eman zituzten. Baina benetako asmoa ahaztu gabe: egun osoa euskaraz ematekoa, hain zuzen.
Mundakako egonaldian, inguruko bazterrak ezagutu zituzten, Bizkaikoak: Mundaka bera, Bermeo, Gernika, Izaro irla, Matxitxako lurmuturra... “Goizetan, Mundakako parrokira joaten ginen tipi-tapa meza entzutera. Bazkaltzen, geure gauzatxoak jaten genituen eta gainerakoan, batzuetan mendi aldera, edo han inguruko hondartza txiki batera... Iñaki Zabalak txalupan Izarora eta Gernika aldera ere eraman gintuen. Eta tarteka euskara ikasteko saioak ere izan genituen, baina ez genuen libururik eraman, han gure jomuga eguna argitzen zuenetik ilundu arte euskaraz aritzea baitzen”, kontatzen du Patxi Olariagak.
Izan zuten egun haietan aparteko ospakizuna ere. Beraietako batek, Pedro Mari Sarrikoleak, apaiztu berria zenez, bere Meza Berria eman behar zuen Gernikan, bere herrian. Taldekideak elizkizunean izan ziren, baina nahiko narras jantzita. Horre-gatik, bazkaltzera gonbidatuak izan baziren ere, ez ziren bazkaltzen gelditu.
Mundakan hamar egun eder igaro ondoren,
Loiolara etorri ziren. Bertan Euskal Etxe zeritzona sortu zuten. Euskal Etxe, English House edota *Maison Française-en moduko hizkuntza akademia zen; hau da, euskara ikasteko edota lantzeko ikastaro trinko modukoa. Bilkura haien berri, Patxik Loyolatik* izenburua zuen artikulu batean eman zuen, eta hala zioen: “Jesulagun gazte batzuk illabete osoa bildu gera Loyola’n euskera landu ta obetzeko. Oña’n Teoloji ikasten ari geranak giñan geientsuenak; (...). Amabitik amabost lagunera biltzen giñan; pilla polita, denon artean egoki lan egiteko. (...) Eguerdi artean ikastaldi ta irakastaldi bat; bazkal ondoan beste orrenbeste. Bildu giñan den-denok nola edo ala mintzatzeko gauza baitgiñan, zeran ar-tu dugu batikpat arretan; alik eta ondoen mintza-tzen, izkera aberasten, miiak zorrozten. Gure artean mintzaera bakarra euskera izan da illabete ontan. (...) Orrez gaiñera, aditzari eman diogu astiñaldi epel bat”. (Loyolatik: Euskal etxea Loyolan, Jakin 10,
74)
Eguerdi arteko eskolez gain, azken egunetarako euskararen inguruko hitzaldiak antolatu zituzten. “Pentsatu genuen bazirela Euskal Herrian euskal gaien gainean zerbait esango zigutenak, orduan batzuk aukeratu genituen eta deitu egin genien”, kontatzen du Patxi Olariagak. Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Inazio Eizmendi Manterola Basarri izan zituzten hizlari. Hizlari hauek Loiolara ekarri ahal izateko, ordea, diru pitin bat behar zen, hizlarien joan-etorriak ordaintzeko adina behintzat. Zoritxarrez, euskaltzale talde-koentzat diru kopuru hori izugarri zen, ordainezinekoa. Baina izan zuten nork lagundu; izan ere, Iñaki Zabalak egitasmoaren berri izan orduko lagundu nahi izan zien.
Lehenengo egunean, Koldo Mitxelena orduko euskal literaturari buruz aritu zen. Bigarren egunean, Txillardegik gai bera izan zuen hizpide. Eta azken egunean, Basarri ahozko literaturaz, bertsolaritzaz aritu zitzaien.
Oso gustura eta hunkituta jarraitu zituzten hi-tzaldiok Euskal Etxeko kideek. “Guretzat jende handia ziren, inpresio handia egin ziguten”, dio Iñaki Arregik.
Loiolako egonaldia amaituta bakoitzak bere bidea egin behar. Euskal Etxeko gainerako kideak Oñara bueltatu ziren Teologia ikasketekin jarraitzera. Patxi, berriz, Innsbruck-era (Austria) joan zen.
|