Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Salamancako azken urtea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Salamancako azken urtea

Karrera ikasten ari zela, buruan zuen, bada, Patxik Doktore tesia egitea. Gaia ere bazuen: Azpeitiko euskera. Hori zela eta, 30 urterekin lizentziatu ostean, urtebete gehiago geratu zen Salamancan doktoradutza ikastaroak egiteko eta Salamancako bi unibertsitateetatik eskainitako irakasle lanpostuak betetzeko.

Lehenengo eskaintza, bera ikasle izan zen unibertsitateak egin zion, Universidad Literaria de Salamanca delakoak, Antonio Tovar irakaslearen ordez, Lengua vasca ikasgaia eman zezan. Bigarrena, Universidad Pontificia de Salamancako buruak egin zion, aita Julio Fantini irakasle hilberriaren hizkuntzalaritza eskolak eman zitzan.

Azken urte honetan, 1958an argitaratu zuen hirugarren artikulua *Olabide A. ta Kisto’ren Antz-bi-dea, Euzko-Gogoa aldizkarian. Raimundo Olabide jesulagunak (1869-1942), 1919tik 1942ra euskaltzain oso izandakoak, besteak beste Itun Berria itzuli eta argitaratu zuen. Itun Zaharra itzultzen ari zela, ordea, hil egin zen. Felix Etxeberriak itzulpen lan hori osatu eta 1958an Itun Zar eta Berria izenaz argitaratu zuen. Argitarapen hori zela-eta Euzko-Gogoak irail-abenduko alea eskaini nahi izan zion Raimundo Olabideri. Horretarako, hainbat euskaltzaleri Olabideren lanari buruzko artikulua eskatu zitzaion, eta hauen artean Patxiri. Patxik artikulu horretan Olabideren Kisto’ren Antzbidea* lanaren sintaxiaren hainbat berezitasun izan zuen hizpide.

Amaitu zen, beraz, Patxiren Salamancako sei urteko egonaldia. Unibertsitatean irakasle lanetan gelditzeko behin eta berriz eskatu bazioten ere, Patxik bere bidea jarraitu nahi zuen eliza ikasketetan. Hortaz, irakasle lan hari uko eginda, udan Loiolara etorri zen, irailean Teologia ikasketak Oñan hasi aurreko opor egunak pasatzera. Uda irakurraldi luzeetan, paseoetan, hain maitea duen San Inazioren bederatziurreneko mezatan eta bestelako eginkizunetan eman zuen.

Uda hartan izan zuen aparteko irteera bat. Olabideren Bibliaren argitalpena zela-eta Patxi eta Miguel Etxeberria jesulaguna Araman izan ziren uda hartan, Orixeri liburua eramaten. Miguel Etxeberriak ongi gogoratzen du Orixeri liburua eman zioteneko arratsalde hura. “Orixe ez zen indar handiko gizona garai hartan eta Aramako apaiz etxean bere iloba apaiza, Jose Mari Aranalde eta honen arrebaren batekin bizi zen. Aramara joan ginen, etxeagatik galdetu, Olabideren Biblia eraman genion. Gure Orixek ohetik liburua hartu eta lehendabizi musu eman zion eta gero buru gainean jasota, hantxe eta oh, oh,... eta berriz ere musu eman. Eta halaxe utzi genuen”.

Ordurako, ezaguna zuen Patxik hainbeste mi-resten zuen Orixe, eta gutun bidez elkarren berri ere bazuten aspaldian. Hala ere, hura izan zen Orixerekin hitz egin zuen azken aldietakoa.

Uda amaituta, bost urtez alde batera utzita izan zituen eliza ikasketei ekiteko gogoz, Teologia ikastera Oñara abiatu zen irailaren hasieran.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak