Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko abuztuek 1,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  1956ko Arantzazuko Biltzarra

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

1956ko Arantzazuko Biltzarra

1956ko irailaren 14an, 15ean eta 16an Arantzazun Euskaltzaindiak antolatutako biltzarra izan zen. Euskaltzaindiak gerraondoan antolatu zuen lehen biltzarra. Euskalgintzak gerra zela-eta jasan zuen etenaren ondoren helburu xumeak eta, era berean, oso premiazkoak zituen Euskaltzaindiak biltzar hartan: “Lenengo: euskaltzaleok elkar ezagutzea. Bigarrena: elkar-berotzeko. Hirugarren: asmoz eta jakitez jarraitzeko. Eta azkenik: Euskera biziari nola eutsi asmatzeko”. (Aranzazu aldizkaria, 1956, 9. alea, 375 zenbakia, 269-271 orrialdeak.)

Patxi hizlari gisa gonbidatu zuten batzarrera. Aita Luis Villasante, Jose Miguel Barandiaran, Candido Izagirre, Bitoriano Gandiaga, Fernando Mendizabal, Ignacio Ormaetxea, aita Zabala, Koldo Mitxelena, Antonio Arrue eta Jose Maria Lojendio-rekin batera, hizlari izan zen Patxi. Bere hitzaldiak Azpeitiko euskera aztertuz zuen izenburua. Hitzaldian, aspaldian buruan zerabilen egitasmo batez hitz egin zuen. Eta honela zioen bere hitzaldian, besteak beste, “Zer asmotan naizan? Irakasle bikain ta adiskide zintzo dedan Tovar Jaunak idaroki zidan, tesis doctoral-orretarako, beste iņungo lanik baņo egokiago nuela, nere erriko euskelgia azterkatu eta ikertzea (...) Igazko kontuakin ari natzaizue. Baņa artean ni karrera’ko ikaslanen zamapean nengon ta gauz aundirik egin ezin, nai ta ere. Itzak, esaerak, Azpeitiarrak dituzten bere bereiziak biltzen asi nintzan”.

Eta honela amaitu zuen hitzaldia: “Bukatzera noa. Noizbait egingo dedan lanaren zatiak ageri nai izan dizkizuet txikian Fonetike, Morfologi, aditza, toki izen, giza izen.... izango dira aztertuko ditudan saillak”. (Arantzazuko euskaltzaleen biltzarra, Euskera I, 1956, 169-173 orrialdeak). Benetan egitasmo handinahikoa, azpeitiarrontzat eta euskaldunontzat oro har bidean galdu zena.

Hitzaldi hura artikulu batean bildu zuen Patxik eta Arantzazuko Biltzarreko gainerako hitzaldiekin batera, Euskaltzaindiaren agerkari ofizial Euskera aldizkarian argitaratu; 1956an egin zuen, beraz, Patxik bere lehen artikulua, Azpeitiko euskera aztertuz izenburupean.

Patxi, orduko asmo horretaz oroitzean lotsatu egiten da. “‘La ignorancia es atrevida. Sobre todo cuando es supina’, esaten zuen batek. Edozeini koloreak ateratzeko modukoak dira hitz horiek, nik orduan tesia zer zen ere ez nekien eta”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak