Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Euskalgintzarekin harremanetan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Euskalgintzarekin harremanetan

Oñan Filosofia garaian egiten zuen bezala, gero ere bere kabuz itzulpenak egiten zituen. Ariketa moduan egunkariko berriak itzuliz batzutan, klasikoen lanen zatiak bestetan. Mitxelenak berak ere hala eskatu zion 1956ko maiatzaren 18an Donostiatik bidalitako gutun batean: “Filologia Klasikoaren iturrian bertan zauden ezkero, ez ote zenduke beste zerbaitekin saiotxoren bat egingo? Ortan dakizune enago oso trebe, baiña Platon’en Kriton bezalako gauza labur eta erraz bat oso ederki letorkiguke”.

Garai hartan, 1950. hamarkadan, euskararen inguruan lan gutxi zeuden eginak. Batetik, Francok ez zituen gauzak errazten, hasiera batean debekatu egin baitzuen euskaraz argitaratzea, eta aurrerago zentsura gogorra ezarri. Bestetik, euskalgintzan Fi-lologia ikasitako jende gutxi zegoen. Horregatik egin ahal zuenari lanak eskatzen zitzaizkion. Patxiren euskararekiko grina eta Filologia ikasketak egiten aritzea ekarpen handia izan ziren euskararen inguruko lanak hain urriak ziren garai hartan. Baita gerora ere.

Jada euskalgintzan murgildua genuen Patxi. Garaiko euskaltzale ugari ezagutzen zuen. Batzuk, Salamancako egonaldiari esker eta beste asko Lagundiko kide zirelako. Gainera, batzuekin gutun bidez harremanetan egon ohi zen. Lehenengo artikuluak ere unibertsitate garaian idatzi zituen. Pixkanaka-pixkanaka izena hartzen joan zen, hortaz, Patxi, euskalgintzan.

Koldo Mitxelena ere garai hartan ezagutu zuen. Martín Ruiperez irakasleak Salamancako unibertsitatean antolatutako hitzaldi batzuetan hizlari gisa Koldo Mitxelena eta Herr Löpelmann hizkuntzalari-euskalari alemana, besteak beste, gonbidatuta eraman zituztenean.

Patxi entzule gisa izan zen hitzaldi haietan eta orduan izan zuen Mitxelena ezagutzeko parada. Hitzaldiak halako mugarri bat ezarri zuen Patxiren euskal ikasketetan. Bazuen non atea jo zalantzak zituenean. Handik aurrera elkarri hainbat eskaera eta kontsulta egin zizkioten.

Garai hartan, unibertsitatea zela-eta euskaldun asko zegoen Salamancan eta elkar hartuta zeuden beren artean. Esaterako, bazuten Salamancan euskaldunak elkartzeko gune bat. Han ezagutu zuen, adibidez, Salamancan lanean ari zen Iñaki Zabala mundakarra. Oso lagun egin ziren biak eta handik aurrera hartu-eman handia eduki zuten.

Euskaldunak asko baziren ere, ez zegoen kontzientziarik euskararen inguruan. Jende euskaldun ikasia bazen, baina euskalgintzara oso gutxik jo zuten, inongo garrantzirik eman gabe beraien ama hizkuntzari. Orduan, inor gutxik ematen baitzion euskarari garrantzia. Gutxi baziren ere, baziren, arestian ikusi moduan, Espainiako unibertsitateetan euskara ikasgai gisa eskatzen zutenak eta lortu zutenak ere.

Patxiren ekarpena, beraz, altxorrik preziatuenaren pareko hartua izan zen garai hartan. Salamancan Filologia ikasten ari zen unibertsitario baten ekarpena baitzen hura.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak