Salamancako bizimodua
Salamancan jesulagun etxean, Colegio de San Estanislao deritzanean bizi zen, nobizioen, juniorren eta Hirugarren Probantza egiten ari ziren gazteen artean. Ikasleez gain, bertan jesulagun erretiratuak, gaixo zeudenak ere bizi ziren. Baina guztiekin gutxi nahastuta. Haiek eguna etxean ematen zuten eskoletan edota beste eginkizunen batean. Patxik eta bera bezala karreraren bat ikasten ari zirenek, be-rriz, eguna etxetik kanpora ematen zuten; izan ere, orduan unibertsitatean eskolak goizez baino ez baziren ere, arratsaldez askotan joan behar izaten zuten.
Bazituzten egunean zehar komunitate bizimoduak ezarritako hainbat betebehar, baina nobizio edo junior izan zenean izan zituenekin alderatuz askoz bizitza libreagoa zen oraingoa. Jesulagun apaizgaiak zenbat eta helduago izan, askatasun handiagoa ematen baitzion Lagundiak.
Unibertsitateko bizimodua ere, trukada izugarria izan zen Patxirentzat. Hasteko, eskoletan neskak baitzituen ondoan. “Nik, neska zer zen ez nekien. Hamabi urterekin kolegiora joan, oporretan geu lagunak ibiltzen ginen elkarrekin, eta neska eder bat zer zen jakin gabe sartu nintzen jesulagun. Eta unibertsitatean, haiekin topo egitean, honek dudarik gabe ukitua egin zidan. Ez nengoen horretara ohitua”.
Aldaketa nabari horretaz gain, betidanik oso gogokoa izan duen hizkuntzaren eta literaturaren azterketan sakontzeko aukera aparta izan zuen. Filologia ikasketek, hain zuzen ere, euskararekin gero eta zaletuago zegoen Patxiri, lanabes berriak eskaini baitzizkioten euskararen azterketarako.
Horrez gain, aparteko irakasleekin egin zuen topo Salamancan. Gainera, irakasle hauetako ba-tzuk, euskara eta euskalgintza ezaguna zuten. Eta horrek ere asko lagundu zion, ordura arte ezkutukoa izan zuen zaletasun hura ezagun egiten.
Salamancako unibertsitatean, euskal kontuez jantziena zegoen irakaslea Antonio Tovar zen. An-tonio Tovar (1911-1985) Filologia Klasikoan doktoratua zen eta Salamancako unibertsitatean latineko katedra lortu zuen 1942an. 1953-56 bitartean, Patxi han egon zen hiru lehen urteetan, bertako erretore izan zen.
Tovarrek, penintsulako hizkuntza zaharrak aztertzea oso maite zuen; hori dela-eta euskara askotan izan zuen aztergai. Lanik ezagunenak, La lengua vasca eta *Mitología sobre la lengua vasca* dira. Euskararen gainean egindako lanagatik, Euskaltzaindian izan zuen lekurik, bertan ohorezko euskaltzain izan zelako.
Beraz, Salamancako unibertsitatean euskararekin liluratuta zebilen gizon handi hura ezagutu zuen. Patxik eskolan irakasle izateaz gain, etxerako bidean askotan batera joaten ziren hiriko plaza ederreraino, eta adiskide izatera ere iritsi ziren.
Antonio Tovarrek latin eskolak ematen zituen Filologia Klasikoko fakultatean. Horrez gain, euskararekiko zuen maitasun horrek eraginda, Manuel de Larramendi katedra sortu zuen Salamancako uni-bertsitatean. Hori dela eta, euskararen inguruko eskolak sortu ziren. Lengua vasca zeritzon ikasgai hori, noski, hautazkoa (asignatura libre) zuten Filologiako ikasleek, eta horregatik ikasle gutxiko eskolak izaten ziren. Patxik eskola hauen berri, bere bigarren artikuluan, *Euskaldunak Salamanka’n* zeritzanean eman zuen: “Astean bein izan oi da Salamanka’ko Ikastetxean euskal-irakastaldia. Axular ta Lizarraga ta Orixe... ta beste zenbait ere irakurri izan ditugu. Eskolara zenbat lagun biltzen geran ba’zeneki...! Ez esatea obe. Ta joaten ez diran oiek ere, euskaldunak noski. Bere gisako euskaldunak ordea”. (Egan 9, 1957, 67-69orr.)
Harrigarria egiten da Salamancan euskal ikasgai bat izatea. Baina badirudi ikasle euskaldun asko zegoela eta hauek eskatu egiten zutela. Eta ez Salamancan soilik, baita Espainiako beste zenbait unibertsitatetan ere. Mitxelenak Patxiri 1958ko urriaren 1ean egin gutun batean hala dio: “Zaragoza’ko ikasle euskaldunak alegiñean ari dira euskal-klaseren bat jarri ote dezaketen Universidadean. Irakaslea falta zaie, ordea. Zuek ez ote zendutekete an da-goenik, euskeraz ongi dakienik eta orretarako asti eta gogorik lukeenik?”.
Hainbat ahaleginen ondotik, lortu zen Zaragozako unibertsitatean ere euskara ikasgai izatea. Hala ikus daitezke 1958ko abenduaren 17an Zaragozako El Noticiero egunkariak argitaratu zuen ondoko berrian: “El vascuence nueva asignatura en el plan docente de nuestra Universidad”. Artikulu honetan dio, Zaragozako unibertsitateak 1958-1959 ikasturtean euskara ikasgaia sartu zuela Filosofiako eta Letretako fakultatean, hango ikasleek hala eskatuta. 350 bat baitziren euskaldun ikasleak unibertsitate hartan. Horrez gain, aipatzen du Salamancako unibertsitateak ordurako bi edo hiru urte zeramatzala euskararen irakaskintzan. Eta Espainiako uniber-tsitateetan ez ezik, Bordele (Frantzia), Berlin, Praga, Hanburgo (Alemania) eta Europako beste hainbat unibertsitatetan ere ikasgai zutela euskara.
Lengua vasca zeritzon eskolan zazpi-zortzi ikasle ziren, ia denak euskaldunak, baina baziren ez zirenak ere, jakin-minak bultzatuta ikasgai hori hautatu zutenak. Eskolan euskal testuak aztertzen eta itzultzen zituzten, zalantza ugari bide zirela. Izan ere, Tovarrek euskararen inguruko lanak egin bazituen ere, eta euskara ulertzen bazuen ere, ez zekien euskaraz hitz egiten eta euskara biziaren hainbat xehetasunek ihes egiten zioten. Horregatik, Patxik Tovar jaunari zerbait galdetuz gero, Tovarrek esaten omen zion, “*padre Altuna, es usted el que me tiene que enseñar*”. Badirudi, beraz, ordurako nahiko jantzia zegoela Patxi euskara kontuetan.
Patxirengan eragina izan zuen Antonio Tovar irakasleaz gain, izan zuen Salamancan makina bat irakasle handi, horien artean Martin Ruipérez. Honen fonetika eskoletan ikasi zuen, hain justu ere euskarazko ‘ts’a ahoskatzen. “Eskola hauetan hizkuntza desberdinen sistema fonetikoak ikusten ge-nituen eta horien artean euskararena. Ruipérez irakaslea euskal kontsonanteak ari zen azaltzen eta ‘ts’ra iritsi zenean, aiba la mar!, zeharo harrituta ge-ratu nintzen. Niretzat deskubrimentua izan zen, ez bainuen ‘ts’aren ahoskera inoiz aditu. Eta aditu ba-nuen ere, ez nintzelako halako desberdintasun ba-tez konturatzeko gauza izan”.
|