Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Filologia Klasikoa Salamancan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Filologia Klasikoa Salamancan

1953ko irailean joan ziren Javier Petrirena eta Patxi Salamancara, Filologia Klasikoa ikastera Universi-dad Literaria de Salamanca zeritzonera. Baina Patxi ezin izan zen matrikulatu. Izan ere, Xabierko ikasleak, eta seminarioetako ikasleak oro har, batxilergoko sei urte egin eta nobiziadora joaten ziren, zazpigarren maila eta errebalida azterketa egin gabe. Ondorioz, Patxik batxilergoa amaitu gabe zuen.

Filosofiako ikasketak egiteagatik batxilergoko zazpigarren maila konbalidatu egin zioten, baina ez errebalida azterketa. Beraz, unibertsitatean matrikulatzeko errebalida gainditu behar lehenengo. Eta, gainera, urte hartan bertan Gobernuak ezarritako erreforma bat zela medio, Unibertsitate Aurreko Ikasturtea ere egin beharra egokitu zitzaion.

Kontuak kontu, unibertsitatean matrikulatu ezinik gelditu zen Patxi!

Orduan, ikasturte hartan lehenengo lana batxilergoko gaiak prestatzea zuen. Patxik ez zuen atzera geratu nahi eta egun batean bere irakasle izango ziren irakasleei baimena eskatu zien beraien eskoletara entzule gisa joateko. Baita baimena lortu ere.

Beraz, ikasturtea gainerako ikasleen antzera eman zuen: eskoletara joanez, baina lauhilabetekoen amaieran azterketak egin gabe. Urte hartan, karrerako kurtso komunetako lehen eta bigarren mailetako eskoletara joaten zen. Eta etxeko ikastorduetan, unibertsitateko gaiak ez ezik, batxilergoko gaiak zituen ikasgai.

Halabeharrez, batxilergoko errebalida azterketa aurreratu egin zuten eta abenduan egin zuen Iruñeko Institutuan. Erraz gainditu zuen. Horrela oroitzen da azterketan izan zen Ladis Imaz: “Guk, gainerako kideok jakin nahi handiz jarraitu genuen Patxiren azterketa. Izan ere, bagenekien Patxik Perficit ikasketak eginak zituela, eta Salamancako unibertsitateko ikasle-entzule zela. Idatzizko azterketa erraz gainditu zuen, bikaina lortu zuen. Ahozko azterketa jendeari irekia zenez, han izan ginen guztiok begiak eta belarriak adi. Aita Mariano Caldúk Soflokes-en gainean galdera orokor bat egin zion eta Patxik erantzun: “*¡Qué quiere que le diga de Sófocles, pues es un tema tan amplio*! Eta azterketa horretan ere bikaina lortu zuen”. “Izan ere, Perficit urtean ikaragarri sakondu genuen Sofoklesen zazpi tragedietan, eta ia buruz nekizkien lanok”, aipatzen du Patxik. Errebalida azterketa gainditu eta urtarrilean, sei hilabete iraun zuen Unibertsitate Aurreko Ikasturtea zeritzanari ekin behar izan zion, karrerako lehen eta bigarren mailetako ikasgaiez gain.

1954ko ekainean, Zaragozako (Espainia) Filosofia eta Letrak Fakultatean unibertsitate aurreko azterketara aurkeztu zen azkenean. Baita aise gainditu ere, bikain cum laude nota eskuratu baitzuen.

Ekain amaieran, beraz, batxilergoa eta unibertsitate aurreko azterketa gaindituak zituen eta, bestalde, unibertsitateko eskolak ere amaituak. Sala-mancan beste betebeharrik ez eta Loiolara etorri zen bisitaldi laburra egitera. Uda hartan, ordea, ika-si beharra zuen, irailean azterketetara aurkeztu nahi baitzuen. Bake-bakean ikasteko leku aproposena Xabier iritzita, hara joan zen. Xabierko kriptan giro ederrean eman zituen egunak ikasi eta ikasi. Baina uda guztia ez zuen liburu artean eman, opor egunak ere hartu zituen; esaterako, San Inaziotan Loiolara etorri zen eta Veruelako (Zaragoza, Espainia) jesulagunen etxean egun batzuk eman zituen.

Abuztua amaitu eta berehala, Salamancara bueltatu zen, Filologia Klasikoan matrikulatu eta iraileko azterketak egiteko asmoz.

1954ko irailaren 18an, Filologia Klasikoko ko-munak zeritzaten bi lehenengo mailetako ia ikasgai guztietan matrikulatu zen, bat edo bi aurreragoko utzita. “Legez eta garaiz kontrako ezkutuko matrikulak ziren, baina Tovar jaunari esker posible izan ziren. Hark hitz egin zuen idazkariekin eta modu onean ene matrikula ‘estrainioa’ onarrarazi. Ez zen alferrik, alajaina, Unibertsitateko Erretore jauna”, kontatzen du Patxik. Badirudi Tovar jaunak ikasle fina eta serioa ikusten zuela Patxi, eta hala erakutsi zuten, iraileko azterketa haiek aise gainditu baitzituen. Hauek gaindituta, urte bereko urriaren 2an Filologia Klasikoko hirugarren mailako ikasgaietan matrikulatu zen. Halabeharrak matrikulatzerakoan urtebete atzerarazi bazuen ere, urtebeteko aldea atera zien berekin batera ikasten hasi zirenei.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak