Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Euskararekin zaletzen

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Euskararekin zaletzen

Patxik, eliz ikasketak hasi zituenetik eta Filosofiako urteetan ere, gaztelania arnastu zuen gehienbat. Hori dela-eta umetan etxean ikasi zuen euskara trakesten ari zitzaion. Trakestu bai, baina ahaztu ez. Izan ere, Loiolan bizi izan zen artean, dotrina irakasten zela, arrosarioa euskaraz irakurri behar zuela, etxekoen bisita urriren bat zela, bazuen euskaraz egiteko aukerarik.

Filosofiako hiru urteetan, zalantzarik gabe, gaztelaniaz bizi behar izan zuen, debekatua baitzuten Oñan euskaraz hitz egitea. Hala kontatzen du behintzat, aita Errandoneak: “Han euskaraz egin, ezta!... Kanpora, paseora ateratzen ginenean ere debekatu egiten ziguten euskaraz hitz egitea”. Etxera bidaltzen zituzten gutunak ere, zentsura zela medio, gaztelaniaz idatzi behar izaten zituzten. Baina Patxik bere denbora librean, bere gelan sartuta euskal liburuak zituen irakurgai: Mendiburu, Lizarraga, Axular, Orixe...

Pixkanaka-pixkanaka, Patxiri euskararekiko gogoa handitzen ari zitzaion. Txundituta gelditzen zen, esaterako, Orixeren olerkiekin. Gogo horren agergarri da, Filosofiako urteetan egindako eta egundo ezagutzera eman ez den itzulpen lana: Tomás de Kempis (1339-1471) idazle mistikoak idatzitako Imitación de Cristo lan entzutetsua, hain zu-zen. Kempis idazle holandarrak lan hori latinez idatzi zuen eta Patxik latinetik euskarara itzuli zuen garai honetan, 1953-1958 bitartean, gutxi gora-behera.

Urtero bezala, udaberrian egin zien bisita aita Probintzialak, Filosofia amaitzear zeuden ikasleei hartu beharreko destinoaren berri emanez. Hau da, nork nora joan behar zuen: maisu txiki lanetara es-kolaren batera edo, kasu bakan batzuetan egin ohi zen bezala, nork, maisu txikitza egin gabe, ikasketa unibertsitarioak egingo zituen. Aita Probintzialak Pa-txiri eman zion destinoa, Salamancako (Espainia) Unibertsitatera Filologia Klasikoa ikastera joatea zen. Izan ere, nagusiek Patxi Junioradoko latin irakaslea izatera bideratu nahi zuten. Baina ez zihoan bakarrik Salamancara; izan ere, Filosofian ikaskide zuen Javier Petrirenari ere destino bera eman zion aita Probintzialak.

Filosofo apaizgaiek ikasturte amaierarako bazekiten zein izango zen beraien destinoa. Baina Oñatik alde egin baino lehen froga gogor samar bati egin behar zioten aurre: De Universa Philosophia deitzen zen errebalida gisako azterketari.

Azterketa honetan Filosofiako ikasgai nagusiak ziren Logika, Metafisika, Psikologia, Kosmologia, Teodizea eta Etikan oinarritutako gai zerrenda bat izaten zuten ikasgai. Hauek prestatzeko, bi hilabeteko epea izaten zuten.

Azterketa hori gainditzea oso garrantzitsua zen; De Universa Philosophia azterketak apaiztu ondoren egiten ziren, botoak baldintzatzen baitzituen. Hau da, azterketa gaindituz gero, Teologia por maior —bide zailetik— ikasten zen eta lau boto —kastitatea, pobre bizitzea, esaneko izatea eta Aita Santuari esaneko izatea— egiteko bidea zabalik izaten zuten, baldin eta gero Teologiako lau kurtsoetako azterketak banaka-banaka gainditzen bazituzten. Azterketa ez gaindituz gero, ordea, Teologia por minor —bide errazetik— ikasten zen eta hiru boto egiten ziren; hau da, lehenagotik egindakoak berritzen ziren —kastitatea, pobre bizitzea eta esaneko izatea—.

Filosofiako hiru urteetan gogor lanean emandako orduek eta errebalida azterketa prestatzeko azken bi hilabete luze haiek izan zuten ongi merezitako saria Patxirentzat, erraz gainditu baitzuen errebalida azterketa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak