Junioradoa 1947-1950
Junioradoa egiteko, Loiola utzi eta Urduñara (Biz-kaia) abiatu ziren, Loiolan Nobiziadoa bukatu berri zuten hogei urteko Patxi eta gainerako apaizgaiak. Patxik Nobiziadoa amaitu zuenean, Loiolan ez zegoen oraindik Junioradorik. Baina, egun Gogarte-etxea den eraikina egiten ari ziren horretarako. Hori dela eta, Junioradoaren lehen urtea Urduñan egin zuten Loiolako apaizgaiek, baina bigarrengorako atzera Loiolara bueltatu ziren. “Oraindik etxea zeharo egin gabe zegoela ekarri gintuzten, eta hasieran ez ginen batere eroso bizi; kalefakzioa eta halakoak falta ziren, egun guztia obratako zaratak entzuten...”, kontatzen du Patxik.
Junioradoan, bizitokiaz gain, bizimodua ere aldatu zuten: otoitzaldi laburragoak eta ikastaldi luzeagoak; erlijiozko liburuen ordez hizkuntzak —latina eta grekoa— eta literatura ikastekoak erabili zituzten esku artean juniorrek lehen baino gehiago.
Junioradoa, Letretako Batxilerraren pareko ikasketak ziren, baina Antzinako Greziako eta Erromako hizkuntzan eta literaturan oinarritutako ikasketak. Ikasketok, hiru maila zituzten: Gramatika, Humanitateak eta Erretorika.
Lehenengo mailan, Gramatikan, latina eta grekoa hizkuntzak ziren ikasgai. Bigarren mailan, Humanitateak zeritzonean, literatura lanak aztertzen hasten ziren. Eta ikasketa hauen azken mailan, Erretorikan, jendaurrean hitz egiteko prestatzen ziren, antzinako hizlari handien lanak aztertuz eta buruz ikasiz.
Junioradora latin asko jakinda zetozenek, ez zeukaten bi lehen urratsak egin beharrik. Eta Xabiertik zetozen ikasleek latin asko zekitenez, zuzenean azken urratsa ikastera pasatu ohi ziren. Beraz, Patxi eta zenbait kide, Junioradoan, Erretorika ikasten hasi ziren. Patxik bi urtetan egin zituen Juniora-doko ikasketak, nahiz eta Junioradoa ikasle gehienek hiru urtetan egiten zuten. Patxi ikasle aurreratua izaki, autore zaharren lana aztertzeaz gain, latinez olerkiak egiteko ere gai izan zen.
Oso gogoko zituen eskola hauek eta gogoz jarduten zuen irakasleek agindutako lanak egiten. Hori dela eta, gaiak oso ondo prestatuta eramaten zituen eskolara eta irakasleari erantzuten zail egin zitzaion galderaren bat egin ere bai. Hala kontatzen du behintzat, orduzkero Loiolan dagoen anaia Sabino Otañok: “Padre Larrakoetxeak, latin poetikoko irakasleak, esaten zuen Patxiz: ‘*Kanpaxa cuando se marchará de aquí*’; izan ere, Patxik oso galdera zorrotzak egiten zizkion eta honek bat-batean ez jakin erantzuten, eta hurrengo egunerako ekarri behar izaten zion erantzuna”.
Junioradoan, beraz, hain gustukoak zituen eta oraindik dituen hizkuntzak lantzeko eta aztertzeko aukera aparta izan zuen. Aita Felix Juan Cabasés-ek esana: “Patxi, latin eta grekoaren monstruotzar bat zen eta horregatik, nagusiek Perficit ikasketak egitera bideratu zuten”.
Hizkuntza klasiko hauez gain, Xabierren hain gogoko izan zuen frantsesa ere izan zuen ikasgai ostegun goizetan eta udako opor txikietan. Arratsaldeetan Nobiziadoan bezalaxe, paseora ateratzen ziren. Nobiziadoan, paseoaren lehen ordu erdian arrosarioa errezatzen bazuten, Junioradoan, lehen ordu erdian, latinez hitz egin behar izaten zuten elkarrekin.
Igandeetan ere, izan zen aldaketarik. Nobizioek, Loiolan elizkizunik ez zen igandeetan, testutxoren bat deklamatzen zuten pulpitutik. Juniora-doan astean zehar prestatutako sermoiak —gaztelaniazkoak batzuetan, latinezkoak besteetan— bazkalorduan eta platikak afalorduan egiten zituzten, komunitateko gainerako kideek jaten zuten bitartean.
Honela ematen zuten, bada, jesulagun apaizgaiek Junioradoa. Udako hilabeteko oporraldi handiak eta txikiak kenduz gero, ia beste guztia lanean.
|