Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Nobiziadoaren bigarren urtea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Nobiziadoren bigarren urtea

Bigarren nobizio urtea, bizimoduz lehenengoaren antzekoa zen; hala ere bazen alderik. Lehenengo urtean ez zen ia eskolarik izaten, astean ordubeteko hiru latin eskola baino ez. Bigarren urtean, aldiz, latina ikasteari ordu gehiago eskaintzen zitzaizkion eta ikasgai berria zuten: grekoa.

Bigarren urteak zuen gauzarik berezienetakoa, San Inaziok agintzen dituen proba batzuk egitea zen. Lehen urtean, bete zuten lehenengo proba: Gogo-jardun hilabetea zeritzona. Bigarrenean, beste bi proba zituzten: Erromes Hilabetea eta Ospitale Hilabetea*. Proba hauek, nolabait ere, nobizioak zailtzeko eta diziplina bat ikas zezaten egiten ziren.

Erromes Hilabetea zelakoan, nobizioek erromesaldia egin behar zuten, nagusiek beraientzat aukeratutako lekura. Patxi eta beste bi kide, Xabierrera joan ziren. “Uharte-Arakilgo tren geltokian jaitsi eta zortzi bat etapatan Xabierrera oinez joatea egokitu zitzaigun. Egunero-egunero, agindutako kilometroak egin eta halako herrixkatako apaizagana jo eta bertako umeei dotrina eman, apaizari meza ematen lagundu... apaizak agintzen ziguna egiten genuen. Honezaz gain, egunean zehar gelditzen ginen he-rrixketan eskean ibiltzen ginen, pobre ginela adierazteko. Eskean bildutakoa, herri horretako apaizari ematen genion. Amaieran, Xabierrera iritsitakoan, urte eta erdi lehenago geure ikaskide izandakoek oso harrera ona egin ziguten eta bertan hiru eguneko egonaldia egin genuen”, kontatzen du Patxik.

Urtean zehar egiten zuten beste proba —Ospitale Hilabetea— Patxik eta beste hiru kidek Gasteizko Santiago ospitalean egin zuten. Beraien egitekoa ospitalean, batetik larri zeuden gaixoekin hitz egitea zen, animo espirituala emanez. Bestetik, erizainei laguntzea; hots, erizainek agindutako hainbat eta hainbat lantxo egitea.

Bi proba hauek egin zuten zeharo ezberdin bigarren urtea. Izan ere, etxetik kanpo epe luze samarrean ibiltzeko aukera izan zuten eta komunitatekoak ez ziren jendearekin hartu-emana izatekoa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak