Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  'Umbilicus Siciliae nominatur'

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

'Umbilicus Siciliae nominatur'

Patxi Xabiertik latin askotxo ikasita etorri bazen ere, izan zuen zalantzarik eskola haietako batean; nahiz eta ulertzen ez zuena latina baino haratago egon. “Behin Zizeronen karta bat itzultzen ari ginela, Umbilicus Siciliae nominatur agertu zitzaigun. Nik irakasleari esan nion ez nuela ulertzen zer esan nahi zuen umbilicusek, eta irakasleak hiztegian begiratzeko esan zidan. Begiratu nuela baina gaztelaniazko itzulpena ere ez nuela ulertzen. Irakasleak orduan erantzun zidan eskola amaitutakoan esango zidala. Eta hala esan zidan bakarka: umbilicus, zilborra da. Harentzat hitz sakratua, tabua, publikoan ezin esan zena. Nire etxean ere hala izan zenez, nik ez nekien zer zen zilborra. Niretzat gorputzaren atal horrek ez zuen izenik. Zilborra bezala, alua. Jendeak kalean irain egiteko eta erabiltzen bazuen ere, benetan alua zer zen jende gaztetxo askok ga-rai hartan ez zekien”.

Nobizioen egunak latin eskola gutxi batzuez eta arestian aipaturiko eginkizunez josita egoten ziren. Baina ostegunak eta igandeak egun desberdinak izaten ziren, bestelako eginkizunak eta denbora libre gehiago baitzuten.

Ostegunetan, etxeko baratzean boleibolean jolastu edota laugarren pisuan zuten frontoian ibiltzeko denbora libre gehiago izaten zuten. Hamaikak aldera, berriz, etxetik ateratzen ziren paseoa ematera bazkaria beraiekin eramanez. “Paseoetara hirunaka ateratzen ginen, eta lehenengo arrosarioa errezatu behar izaten genuen eta ez ostegunetako paseoetan bakarrik. Honetaz gain, ezin genuen bidean topatzen genuen jendearekin hitz egin, galarazia genuelako; jendeak ere debeku honen berri bazuenez, inork ez zigun hitz egiten”, kontatzen du aita Felix Juan Cabasés-ek.

Hilaren azken ostegunetan, berriz, Basilikan elizkizun luzeagoa izaten zen: arrosarioa, bendizioa eta sermoia zituena. Nobizioak elizkizun hauetara jaisten ziren eta pulpitutik arrosarioa euskaraz errezatzen zuten. Nahiko lan ematen zien arrosarioa euskaraz errezatu beharrak —eta zer esanik ez kanpotik gogo-jardunetara etortzen zirenei jatordutan irakurketaren bat egin behar izaten zietenetan. “Zail egiten zitzaidan euskaraz irakurtzea; hau da, intonazioa egoki ematea, etenak behar ziren lekuan egitea. Hala ere, oso ondo etorri zitzaidan. Gainera, orduan hasi nintzen konturatzen apaizei entzunda, euskaraz egiteko era ezberdinak zeudela”, dio Pa-txik. Izan ere, hura zen euskaraz entzuten zuten une bakarretakoa.

Igandeetan, berriz, goizetan jolas egiteko denbora librea izaten zuten. Hilaren azken igandetan eta jai egun handietan jolasei utzi eta Basilikan egiten ziren elizkizunera jaisten ziren.

Arratsaldeetan, jangelako pulpitura igota, de-klamazioak egiten zituzten. Saiook, nobizioak pulpitutik era eta tonu egoki batean hitz egiten ikasteko ziren. Horretarako, Bibliako pasarteak, gaztelaniazko autoreen olerkiak... errezitatzen zituzten. “Liburu bateko zatiren bat ikasi eta esaten genuen. Testu laburrak ikasten genituen, hamar lerro izaten ziren gehienez, eta eskerrak! Izan ere, aita zuzentzailea oso gogorra zen eta hiru hitz esaterako zuzentzen gintuen”, kontatzen du Patxik.

Saioak amaitu ostean, baratzean edota etxe barruan nobizioei zegozkien korridoreetan hirunaka paseoak emanez igarotzen zuten, beti ere etxeko mugetatik atera gabe.

Egunak eta asteak aurrera ahala, hilean behin nobizioen maisuagana joan behar izaten zuten, beraien barruko kontuen berri ematera; hots, a dar cuenta de conciencia. Horrelakoetan, gustura al zeuden, nobizio bizitza zail egiten zitzaien, eta halako galderei erantzuten zieten. Erantzuteaz gain, ordea, beraien kulpak ere aitortu eta bota behar izaten zituzten. Kulpa botatze haiek oraindik ere oso gogoan ditu Patxik: “Pikardiren bat, okerren bat egiten genuenean —esaterako, orduz kanpo hitz egin, ‘*rompiéndo la ley del silencio*’—, nobizioen buruak esaten zigun: ‘Tiene usted que echar la culpa’. Eta jangelan, bazkal aurretik, Aita Gurea errezatu ondoren, belauniko jarri erdi-erdian, denak isil-isilik zirela eta hala esaten genuen kulpa: ‘En nombre de la Santa Obediencia digo mi culpa...’”. Izan ere, arau honen arabera etxe barruan zeudenean isilik egon behar zuten, atsedenaldi garaietan salbu. Ikasketa, irakurketa, otoitz, jatordu garaiak isilik egoteko garaiak ziren. Salbuespenak, jai egun handietan izaten ziren, esaterako San Inazio egunean. Egun honetan Deo Gracias zeritzona ematen zuten; hau da, baimena, jatordu hasiera-hasieran hitz egiteko baimena.

Baziren beste modu bateko kulpak eta beste modu batera bota beharrekoak. Kulpa hauei, Culpas Mayores deitzen zitzaien eta penitentzia bidez botatzen ziren. Esaterako, lokarri bat hartu eta bizkarrekoak edo ipurdikoak norberak bere buruari emanez. Nobizioen maisu zeritzonarengana hilean behin joaten zirenean, honetaz ere hitz egiten zuten, eta honek gomendioak ematen zizkien.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak