Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  3. kapitulua »  Nobiziadoa: 1945-1947, Loiolan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Nobiziadoa: 1945-1947, Loiolan

Irailaren lehen egunean etorri ziren Xabiertik Loio-lara. Bertan 150 ikasle elkartu ziren. Batetik, ehun ikasle apaiztera bideratuak: lehenengo urtekoak 50 eta bigarrengoak beste 50, aita/padre izango ziren jesulagunak. Bestetik, apaiztuko ez ziren 50, anaia/hermano izango zirenak.

Iritsi eta hiru egunera erretorearen bulegora deituak izan ziren banan-banan, liburu batean nobizio izan nahi zutela sinatzera. Sinatze kontu hori, Nobiziadoa hasi berritan egiten zuten, nolabait ere hartua zuten erabakiaren agergarri. “Sinatzean, kontratu bat egiten duzu konpainiarekin. Zu konprometitzen zara, jesulagun bezala bizitzera, jesulagunen arauak betetzera, zure nagusiak onartzera... Sinatzen duzunean, Nobiziadoaren hirugarren egunean, zuk hartu duzun erabakia formal egiten duzu, atzera bidea baldin badago ere”, azaltzen du Patxik.

Nobiziadoko lehen hamabi egunetan postulante aritu ziren, nolabait ere Lagundian onar ditzaten eskatzen eta nobizio izateko prestatzen. Hamabi egun horiek burutu ondoren eta hamabi egun lehenago batera sartuek Santa Teresita egunez jantzi zuten sotana. Egun honetan, ospakizun txikia edu- ki zuten. Baina etxekoen bisita laburra jaso ahal izan zuten.

Sotana jantzi ostean hasi zen nobizio izaten eta Nobiziaduko ohiturak ikasten: noiz jaiki ohetik, noiz oheratu; noiz eta nola otoitz egin; zein ziren isilik egoteko ordu luzeak eta zein jolasteko aldi laburrak; nola egiten ziren etxetik kanpoko paseoak, hi-runaka ateraz eta bidean arrosarioa errezatuz; bai-na, batez ere, Jesusen Lagundiaren legeak eta izpiritua ahal zen ondoen ezagutzeko zenbait liburu irakurriz eta ikasiz. Hori guztia irakasteko nobiziogai berriari urtebete lehenago sarturiko nobizio bat eman ohi zitzaion gidari, aingeru deitu ohi zena.

Patxik oso gogoan ditu egun haiek: “Lehenengo nobizio egunak triste samarrak izan ziren, erabaki handia baitzen hura. Gainera, hasierak berekin zuen berritasuna, bizimodu berriak zekarren itxitura, bakardadea gogor egin zitzaidan. Ezin zen leihotik begira egon, baina pixka bat arrimatuz gero, Azkoitira futbol partidura zihoazen gazteak ikusten ziren eta.... Gazte izateak, ordea, kentzen zion bere alde txarra, eta ikasteko nuen grina hark oso animatu ninduen”.

Nobizio bizitzako lehen hilabetean, Gogo-jardun hilabetea zeritzonari ekin zioten. Gogo-jardun hilabetea, San Inaziok agintzen duen proba bat da eta egun hauek otoitzean, meditatzen, irakurtzen eta San Inazioren liburutik hartutako gogo-jardunetan eman zituzten.

Hilabete hori amaitzean, handik aurrera lehenengo urteko nobizioei zegokien bizimodua egiten hasi ziren. Lehen urtean ia ikasketarik ez bazuten ere, eguna lanez eta eginkizunez betea zuten. Zazpiak aldera jaiki, gelaren eta bakoitzaren garbiketa egin, kaperan eguneko eskaintza egin, meza entzun, gosaldu, norberak ordubeteko irakurraldia —San Inaziok emandako arauen irakurketa—, nobizioen maisuaren platika, etxearen garbiketa —etxeko lanetan ohitzeko— eta bazkaltzera jaitsi aurretik beste platika bat San Inazioren legeen gainean. Bazkalondoan, atsedena —lagunekin hirunaka bilduta berriketan aritzeko zuten une bakanetakoa— eta lo-kuluxka txiki bat. Ondoren, astean hirutan latin ikastordua eta gero latin eskola. Beste hiru egunetan —asteartetan, ostegunetan eta larunbatetan— paseoa izaten zuten, mendi aldera, iturria zela zekiten lekuren batera, ordu eta erdiko paseoa. Bostak aldera ordu erdiko meditazioa eta beste ordu erdiko irakurraldia, afaldu, hiru ordu laurdeneko atsedena, otoitzaldia eta ohera.

Horrelakoak izaten ziren egunak, aldaketa txiki batzuk gora-behera, eliz ikasketak egiten ari ziren jesulagun apaizgaien egunak. Nobiziadoan eta Hiru-garren Probantzan otoitzaldi eta irakurraldi luzeagoak eta eskola ordu laburragoak; Juniorado, Filosofia eta Teologian, aldiz, otoitzaldiak eta irakurraldiak laburtu eta eskola ordu gehiago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak