Erabaki beharra
Xabierren azken urtean zeudela, Mendekoste egunean Loiolara eraman zituzten, aurreko urtean Xa-bierren lagunak izanak eta orduan nobizio zirenak agurtzera. Nolabait ere hurrengo irailerako gonbidapena-edo luzatu nahian.
Xabierren enbidoa argi eta garbi bota zioten eta Patxik jada erabaki beharra zuen. Urteak zeramatzan jesuita izan edo ez, buruan zerabilela; baina azken urte honetan luzamendutan ibili gabe, zirt edo zart egin behar zuen.
Behin, bosgarren mailan zegoela, gosaldu on-doren logelara igo zen ohea janztera, eta han zegoela aita Amezola joan zitzaion eta galdetu zion: “*Oye, Altuna, ¿qué te pasa? !Te veo triste!*” Patxik: “*Pues, sí. No sé, estoy pensando ser jesuita, no sé. Tengo miedo*”.
Bosgarren mailan zalantza honek zeharo arduratzen, beldurtzen bazuen, zer esanik ez seigarren mailan, Xabierko azken urte hartan. Beldurrak beldur, Xabiertik alde egiterako hartua zuen jada erabakia. “Nobizio sartzea kostatu egin zitzaidan. Gau-za asko ikusten nituelako nire inguruan lehen ikusten ez nituenak eta gazte bati tira egiten ziotenak: futbol taldea, hondartza, neskak... Garai hartako gazte batek izan zitzakeen gauza horiek guztiak eta jesuita batek izan ez zitzakeenak. Bestetik, etorkizun ona ikusten nuen eta ikasketak asko gustatzen zitzaizkidan. Gainera, bokazioa ordurako etxetik ba-nekarren, eta Xabierren azken aurreko urtean geundela Burlatara (Nafarroa) eraman gintuzten gogo-jardunetara, eta egun haietan meditazio gai izan genuen Lukasen Jesus Emausko ikasleei agertu pasarteak oso barruan ukitu ninduen”.
Uda gainerakoen tankerakoa izan zen: xabiertarrekin mezetara joan, Loiolara lantxoren bat egitera, Imperio-n jolastu Kanpaxko jangelan.... baina uda hartan sentipenak ziren desberdin Patxigan. Egun gazi-gozoak izan ziren haiek. “Egun haietan hunkituta, goibel zebilen Patxi, baita etxekook ere. Gaia ateratzen genuen bakoitzean negar egiten genuen Patxiren amak eta biok”, kontatzen du udak Azpeitian ematen zituen lehengusu Maria Jesusek.
Izan ere, amari semea jesuita joateak pena handia ematen zion; hala ere, beti honen alde egin zuen. Hala kontatzen du anaia Sabino Otañok: “Amak ez zion inoiz galaraziko jesuita joatea. Alde-rantziz; bultzatu eta lagundu egin zuen”.
Abuztu amaieran, nobizio joan aurreko egunetan, Patxi agurtzeko etxekoak Itziarko Ama Birjinagana joan ziren; Arroatik oinez, Itziarren bazkaldu eta gero bazkalondoan Debara jaitsi eta hondartzan eman zuten eguna.
Etxekoak agurtu eta abuztuaren azken egunetan nobiziadora joan behar zuten guztiak Xabierrera deituak izan ziren. Han bospasei egun pasatu zituzten, nobiziadoaren berri izan eta azkeneko gomendioak jasotzen.
|