Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  2. kapitulua »  Oporrak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Oporrak

Xabierko ikasleak udan baino ez ziren etxera joaten. Gabonetako eta Aste Santuko oporraldia Xabierren ematen zuten, geroago kontu hori aldatu bazen ere. Xabierko oporraldian, eskolarik ez zutenez, denbora gehiago zuten jolasteko, ikasteko edota mendi irteerak egiteko Zangoza, Yesa (Nafarroa eta Aragoi) edota Undués aldera.

Gabonetan, besteak beste Pedro Muñoz Seca (1881-1936) komediografo espainiarraren antzerki lanak taularatzen zituzten. Hilabete lehenagotik ematen zioten gidoia; hori bai, xabiertarrentzat egokiak ez ziren pasarteak kendu ondoren. Eta makina bat entsegu egin ondoren, Gabonetan izaten ziren emanaldiak. Oso ondo pasatzen zuten emanaldi haietan; izan ere, antzezlan arinak, barre eragitekoak ziren. “Bazen bat gure artean oso txistosoa zena, Jesus Erdozain delakoa; komedi bateko papera hain ondo egin zuen non Fruks ezizena betiko geratu zitzaion. Eta oraindik ere Fruks deitzen diogu”, dio Patxik.

Gabonak, etxe guztietan bezala, egun bereziak izaten ziren hango mutikoentzat ere. Mari Carmen arrebak kontatua: “Gabonetan, gure etxean biltzen ziren Azpeitiko jabierinuen ama guztiak paketeak egin eta postaz bidaltzeko. Paketeetan gozokiak, turroiak, galtzerdiak, oparitxoren bat... bidaltzen zitzaizkien”. Eta ilusio handiz jasotzen zituzten, urtean zehar jasoko zuten opari bakarretakoa izango baitzen.

Udako oporrak ere berehala iristen zitzaizkien, konturatzerako. Beraz, bertako lagunak agurtu, tre-na hartu eta Azpeitira. Eta Zumarragan zain izaten zituzten etxekoak. Mari Carmen arrebak gogoan du nola “udan etortzen zirenean, amak Zumarragara eramaten gintuen anaia-arreba txikiak jaietako arropak jantzita anaiari harrera egitera. Hura poza! Izan ere, urte guztian ez genuen elkar ikusten”.

Baina etxera abiatu baino lehen, halako abisu edo gomendio batzuk ematen zizkieten Xabierren. Esaterako, udako oporraldian kontuz ibiltzeko esaten zieten, ez ibiltzeko edozeinekin, ez ibiltzeko lehenagoko lagunekin, batez ere neskekin. Izan zen abisu honi kasurik egin ez zionik. Hala kontatzen du Patxik: “Mutiko batek behin, udan oporrak etxean pasatu eta Xabierrera joan zenean bere laguntxoei esan omen zien: ‘Jo, menudo verano me he cascado, me he echado novia’. Eta esan bazuen, esan zuen; lagun horietako batek jesuitaren bati esan eta Xabiertik bidali egin zutelako. Oso bizimodu estua zen hura”.

Azpeitiarrek, aldiz, fin-fin jarraitu zuten Xabierren emandako gomendioa. Hori dela eta, ez zuten izan hartu-emanik Azpeitiko gainerako gazteekin. eta eguna elkarrekin ematen zuten Azpeitiko xabiertarrek. Hala kontatzen Ines Korta Artetxek: “Xabierkoak elkarri lotu lotuta ibiltzen ziren eta beti Loiola inguruan. Horregatik guk, herrikook eta, batik bat neskek, ez genuen ia traturik eduki haiekin”.

Goizetan Loiolara meza entzutera joaten ziren, gosaldu eta beraietako baten etxean biltzen ziren Domino, Imperio eta halakoetan jolastera. Askotan Patxiren etxean biltzen ziren. Mari Carmen arrebak dioenez, “gure etxea zen jabierinuen biltokia. Imperio jolasa gure etxean gordetzen zuten eta makina bat jolas egindakoak dira gure jangelan. Ni txikia nintzen eta gustura sartuko nintzen jangelara, baina ez zidaten uzten eta han egoten nintzen atearen kristaletik begira”.

Bazkalondoan berriro Loiolara joan ohi ziren. Loiolan, orduan etxeko ministro zen aita Azilonak, Aita Olazabalek eta aita Lopetegik hartzen zituzten oso maitekiro eta lantxoak ematen zizkieten: sagarrak bildu... Patxi-eta gustura aritzen ziren lantxook egiten. Lanaren ordainetan orduan laugarren pisuan zen frontoian jolasten uzten zieten.

Uda haietan, Patxik gogoan du nola aitak egunkaria beretzat irakurtzeko eskatzen zion. Baina Patxik lagunena joan nahi eta tranpa egiten zion aitari. “Gure aitari egunkaria irakurtzea gustatzen zi-tzaion, ez egunero, orduan luxua baitzen egunkaria egunero izatea, baina bai igandetan. Nik, ordea, azkarrago amaitu eta kalera lehenago ateratzearren, saltoak egiten nituen eta lerro batzuk irakurri gabe uzten. Baina aita berehala ohartzen zen”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak