II. mundu gerrako oihartzunak
Xabierren ez zuten II. mundu gerraren berri gehiegi jakiten, nahiko isolatuta bizi baitziren. Noizbait Xabier inguruko mendietan makiren bat ikusi zutela eta halakoak entzuten zituzten. Beste behin Orreagara irteera egin zuten eta irakasle baten irratiari esker alemanek Paris hartu zutela jakin zuten. Gerraren nondik norakoak ez bazekizkiten ere, honen ondorio zuzena den gosea nozitu zuten nolabait ere. “Gerra garaia zenez, janaria zen urri samar. Jesuitek beraien artean akordioren bat eginda Ameriketatik garbantzu zakuak bidaltzen zituzten, baina mamorroz jositako garbantzua, eta hala jaten genituen, mamorro eta guzti. Ez ziren mamorro kaltegarriak, baina batzuei nazka ematen zien; ez zuten jan nahi izaten eta egundoko koskorrekoak hartzen zituzten. Botaka jarduten zuten, baina gehienok jan egiten genuen. Gu ez ginen konturatzen gutxi jaten genuenik, gaizki jaten genuenik, inoiz gose pixka bat izaten bagenuen mendira joaten ginen ezkurra jatera, hango ezkur klase haiek jan omen zitezkeen eta. Su pixka bat egin, han erre eta hala jaten genituen; ez ziren gaztainak bezain gozoak baina hantxe-hantxe”, dio Patxik.
|