Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  2. kapitulua »  Denbora librean

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Denbora librean

Eskola ordu, ikastordu, arrosario, platika eta beste hainbat eginbeharrekoez gain, bazuten denbora librerik ere. Jolas garaia, esaterako, batzuetan futbolean edo pilotan ematen zuten, besteetan berriketan.

Futbolean txapelketak jokatzen zituzten, maila bat bestearen aurka. Oraindik ere ongi akordatzen da Asentsio Lizaso zeinek zein postutan jokatzen zuten: “Atezain: Hergueta; Defentsan: Agirre eta Bronte. Erdian: Lopetegi, Lizaso —ni neu— eta Ramirez. Aurrean, Schmidt, Sarasola, Aranburu, Altuna eta Azkoitia. Sei ginen azpeitiarrak gure taldean”.

Futbolean ez ezik, dantzari ere aritu zen Patxi. Zenbait urtetan jolas garaian, halako taldetxo bat bildu izan zen aita Gaizka Barandiaran irakasle zuela euskal dantzak ikasteko. “Dantza dezente ikasi genituen eta jai handietan, Santo Tomas egunean, Gabonetan, aita Erretore jaunaren egunetan... dantza egiten genuen patioan gainerako ikasle guztien aurrean”, aipatzen du Patxik.

Aita Gaizka Barandiaran ere oroitzen da dantza ikastaldi haiez: “Gure aita nagusia azpeitiarra zen, aita Odriozola, eta honek eman zidan baimena dantza ikastaldi haiek aurrera eramateko. Bizkaiko dantzak erakusten nizkien: banako, binako, launako, zortziko... Patxik zortzikoan egiten zuen dantza. Oso dantzari arina zen, bizi-bizia”. Jolas garaiez gain, ostegun arratsaldeak eta igande arratsaldeak jai izaten zituzten. Hauetan paseora eramaten zituzten Zangoza (Nafarroa) aldera. Egun guztiko irteerak ere izaten zituzten noizean behin: Leirera (Nafarroa), Orreagara (Nafarroa) edota Loiolara. Uda aldera, berriz, urak epeltzen zire-nean, futbol zelai ondoan zuten igerilekura ere joaten ziren.

Izaten zuten bestelako entretenimendurik ere. Esaterako, neguan aparteko ikuskizuna izaten zuten Nafarroako Pirinioetatik Aragoi ibaian zetozen almadiei begira. Almadia hamar bat enbor elkarri lotuta egindako ontzi mota zen eta hamar bat gizonek eragiten zioten makila handiekin uretan muturra sartuz. Ontzi hauek, neguan ur handiak zirenean, enborrak garraiatzeko erabiltzen ziren eta bere ibilera horretan Xabiertik pasatzen ziren, bertan kolegioan zeuden gaztetxoen pozerako.

Denbora librea jolasek betetzen zuten, baina izaten zuten bisitarik denbora libre horretan, oso urritan bazen ere. Mari Carmen Altuna: “Behin gure ama eta Maria Lopeteginekoa —Jose Luis Lopete-giren ama— joan ziren Xabierrera bisitan. Besteak ez ziren animatu eta biak joan ziren, denentzako pakete ugari hartuta. Trena Azpeitian hartu eta Zumarragara, Zumarragatik Iruñera trenez, Iruñean Irati izeneko trena hartu eta Zangozara, eta Zangozatik autobusez Xabierrera. Eguna behar izaten zuten iristen. Izan ere, Sebastianek kontatzen zuen Irati trena hain zela makala, martxan zihoala trenetik jaitsi eta bidean masustak bildu eta trenera igotzeko astia ematen zuela. Horregatik bi-hiru egun pasatu zituzten bi amek Xabierren”.

Hala ere, bisita ederrena azkeneko urtean izan zuen Patxik: bigarren anaia, Sebastian, Xabierrera ikastera joan zen, Durangon lehen bi kurtsoak ikasi eta gero. Urtebete eman zuten, beraz, elkarrekin Xabierren; nahiz eta elkarrekin hitz egiteko aukera oso gutxi izan. “Urtebetez batera bizi izan baginen ere —kontatzen du Sebastianek—, oso urruti nuen anaia, txikiok ezin baikenuen handiekin hitz egin. Hala ere, goizetan garbitzeko eta ohea egiteko genuen tarte haietan Patxi nire gelara etortzen zen, elkarrekin berriketan egitera eta askotan matematika azaltzera, izugarri kostatzen zitzaidan eta”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak