Xabierko bizimodua
Hasierako jai egunak amaitu eta lan egunak iritsi ziren. Egunak eginkizunez josita zituzten, beti bazuten zerbait egiteko edota ikasteko. Gisa horretan, erraz joaten zitzaion Patxiri eguna. Eguna goizean goiz hasten zuten Xabierren: zazpiak aldera jaiki, meza, ikastordua —egunean zehar zenbait ikastordu izaten zituzten; aldi hauetan etxeko lanak edota bezperan irakasleak azaldutakoak ikasteko izaten ziren—, gosaldu, ohea egin eta gela apaindu. Esko-la ordua, jolas garaia, ikastordua, eskola ordua eta hamabi eta erdiak aldera bazkaria. Arratsaldean mo-du berean bi ikastordu eta bi eskola ordu, arrosarioa, platika, zortziak aldera afaldu eta ohera.
Behin, gosaldu ondoren gelara ohea janztera igo eta Patxi horretan ari zela, ohea erori zitzaion. Patxi bera bakarrik ohea altxatzeko gauza ez eta zaintzaileetako bati deitu zion laguntza eske. Zain-tzaileak honela: “*¿Qué le pasa?*”. Patxik: “*Se me ha caído la cama*”. Zaintzaileak zakar erantzun: “*Cómo que se le ha caído la cama, diga usted que la ha tirado*”. Gogorra gizona! Aita Jesús Fernando Herguetak, Patxirekin Xabierren egonak, zaintzaileari buruz kontatutako beste pasadizoa: “Behin gelan nengoela egundoko pixagura egin eta presaka joan nintzen komunera. Eta handik buelta jesuita zaindariak, Patxiri hain zakar egin zion hark: ‘*¿De dónde vienes?*’. Eta nik: ‘Del servicio’. Aita zaindariak: ‘*¿Y a quién le has pedido permiso?*’. Nik, orduan: ‘*A nadie, cómo le iba a pedir...*’”.
Bistan da: diziplina estua jasan behar izaten zuten orduan Xabierko ikasleek. Hala dio Patxik: “Bizimodu estua zen, gauza guztietarako baimena eskatu behar, hainbat gauza egiteko beldur...”.
Ikasgaiak egun batxilergoan ikasten direnen tankerakoak ziren; lehen mailakoak, esaterako, erlijioa, latina, lengua eta literatura, geografia eta historia, natur zientziak, matematika, frantsesa eta ma-rrazketa ziren. Xabierren garrantzi berezia ematen zitzaion hizkuntza klasikoen eta bereziki latinaren ikaskuntzari, Xabierko ikasketen ondoren eliza-ikasketak egin behar zituzten ikasleei bideratuak baitzeuden.
“Ikasgairik maiteenak lehenengo egunetik latina eta frantsesa izan nituen”, oroitzen du Patxik. Izan ere, hizkuntzak oso maite zituen, eta latina eta frantsesaz gain, espainiera, grekoa eta alemana ere izan zituen ikasgai Xabierren. Ordu arte ez zen alemanik ikasten batxilergoan, baina Francok eta Hitlerrek egindako akordio bat zela medio, Espainian alemana eta Alemanian espainiera ikasi behar izan zuten bi urtetan makina bat ikaslek. Hala, Patxiri batxilergoan alemana ikastea suertatu zitzaion, ordu arte ikasten zen ingeleraren ordez.
Irakasle lanak ere lehen aldiz Xabierren egin zituen. Ikasle fina zenez eta bizikleta zuenez, Irunbe-rrira (Lumbier, Nafarroa) joaten zen, azken urteetako beste ikasle batzuekin, umeei dotrina irakastera. Patxiren arreba Mari Carmenek kontatzen duenez, “inguruko herrixketara dotrina ematera joateko bizikleta behar omen zen, eta Patxik halako gogoa zuenez, nola edo hala inguratu genion bizikleta”. Bana-ka batzuk izaten ziren bada, dotrina irakastera joaten zirenak: hiru bat Irunberrira eta beste hiru bat Undués-era (Aragoi, Espainia).
Irunberriko haurrei dotrina irakasteaz gain, Xabierren ere aritu zen, azken urteetan, irakasle lanetan. Izan ere, bazen Xabierren latina oso zail egiten zitzaion taldetxoa, eta Patxi eskola orduez kanpo hauei latinaren korapiloak askatzen lagundu nahian aritu zen. Beraz, Xabierren egin zituen lehenengo aldiz Patxik irakasle lanak, eta izugarri gozatu zuen lan horretan.
|