Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  1. kapitulua »  Komunio handia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Komunio handia

Komunio handia hamaika-hamabi urterekin egiten zen, batek dotrina oso-osoa menderatzen zuenean. Horretarako, hilabete batzuk lehenago hasten ziren prestatzen, eta dotrina euskaraz zein gaztelaniaz ikasi behar izan zuten. “Lehen, dotrina euskaraz bai-no ez zen ikasten —dio Ines Korta Artetxek—, baina Franco agintzen jarri zenez, erdaraz ere ikasi behar izan genuen komunio handia egin ahal izateko”.

Dotrina ondoen zekiten hirurek, komunio handian bandera eramateko ohorea zuten. Hiru horietatik ondoen zekienak erdiko bandera eramaten zuen, bigarren ondoen zekienak eskuineko bandera eta hirugarren ondoen zekienak ezkerrekoa. Patxi izan zen urte hartan dotrina ondoen ikasi zuena, eta, beraz, erdiko bandera eraman zuen. Arreba Mari Carmenek dioenez, “Patxikok komunio handian bandera atera zuen eta hori ohorea zen beretzat eta baita etxekoentzat ere. Bi izeba Frantziskanak ere zeharo harro zeuden ilobaz”.

Komunio handia maiatzean egin eta ikasturte amaiera zuen Patxik jada. Ikasturtea amaitzeaz gain, ordea, Maristetako ikastaldia ere amaitzen ari zen eta erabaki beharra zeukaten non jarraitu ikasketak, Patxik eta bere etxekoek oso garbi zutelako ikasten jarraitu behar zuela mutilak.

Maristek Xabierrera joatea gomendatu zieten hainbat ikaslei eta hauen gurasoei. Izena eman zuten Xabierren, eta hauen notak ondo aztertu ondoren, onartuak izan ziren Azpeitiko ikasleak. Patxi oso gustura zegoen, Xabierrera joateko eguna noiz iritsiko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak