Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  1. kapitulua »  Oso etxe elizkoiko semea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Oso etxe elizkoiko semea

Patxi Altunari bokazioa etxetik datorkio, oso elizkoiak baitziren bere gurasoak. Familian bertan ere osaba jesuita eta bi izeba moja Frantziskotar zituzten, eta hauek beti eredutzat izan zituzten.

Aitona Patxi ere oso gizon elizkoia zen, eta eramaten zuen Patxi mezetara. “Ume-umetan, aitonak batzuetan, abenduko Ama Birjinaren bederatziurrenean, parrokira eramaten ninduen. Eliza lepo egoten zen eta mutil-koskor eta neska-koskorrak San Inazioren aldarean txoko-txokoan koska gainean esertzen ginen, eta ez ginen geldirik eta isilik egoten. Gero, etxera joandakoan, aitonak atentzioa ematen zidan. Beste batzuetan, berriz, aulkian bere ondoan hartzen ninduenetan, etxera joan arte itxoin gabe bertan belarrondokoren bat jasoa naiz”, oroitzen du Patxik.

“Belarrondoko ederrak” ematen bazizkion ere, oso maite zuen aitonak Patxi. Behin baino gehiagotan Patxik puskatutako kristalak gurasoen ezkutuan ordaintzen baitzituen. Hala dio, behintzat, bere arreba Mari Carmenek: “Baziren bi ahizpa urrestildar Azpeitira josten ikastera etortzen zirenak. Hauetako batek, Soterak, kontatzen zuen nola aitaita Kanpaxak esaten zion: ‘Sotera, joan hadi Gibertenera Patxikok puskatutako kristala ordaintzera, baina ez iezaien ezer esan gurasoei’”.

Etxeko giroaz gain, orduko Azpeitian ere erlijioak indar handia zuen. Esaterako, eskola erlijiosoetan izan zen Patxi ikasle. Eskolaz gain, jolastera ere jesuitek okindegi berri gainean zuten lokalera joaten zen sarritan. “Jolastoki hartan —dio Patxik— zaintzaile lanak egiten jarduten zen jesuitetako batek, aita Gordoak, aparte hartzen gintuen. Izan ere, aita Gordoa gazteen kongregazioaren buru izan zen eta bazuen joera gazteengana hurbiltzeko. Nik uste dut aita Gordoak izan zuela zerikusirik nire urtean Xabierrera joan ziren ikasleak hara joatean. Berak nolabait erakarri gintuen”. Eskola eta jolastoki honez gain, kongregazioek ere indar handia zuten orduko Azpeitian.

Kongregazioak, hain zuzen, santuren bati debozioa erakusten zioten gazte taldeak ziren. Batetik nesken kongregazioa zegoen eta bestetik mutilenak. Mutilen kongregazioak bi ziren, eta batean haurrak biltzen ziren eta bestean gaztetxoagoak. Garai hartan indar handia zuten kongregazioek, eta hori zela-eta azpeitiar gazte gehientsuenak ziren horietako batean kide.

Patxi bera, Azpeitian hamabi urte arte bizi izan zenez, soilik kongregazio bateko kide izan zen: San Estanislaokoa, hain justu. Horko kideak San Agustinpean biltzen ziren eta bilkura horietan nola portatu behar zuten azaltzen zieten batzuetan eta meza izaten zuten besteetan.

Kongregazioak portaera edo jokabide onekoak izatea eskatzen zuen. Hala, dantza-lotua esaterako, debekatua zuten. Horrela kontatzen du Ines Korta Artetxek, behintzat: “Norbaitek baltzeue egiten bazuen —dantza lotuari guk ‘baltzeue’ hots egiten genion eta azkoitiarrek, berriz, ‘dultze meneo’— eta presidentak hori jakiten bazuen, kongregaziotik bidali egiten zuten. Gure ahizpari izugarri gustatzen zitzaion baltzeue. Behin egin zuen eta baita presidentak horren berri izan ere. Gure amarekin hitz egin zuen eta esan zion kongregaziotik kanpo zegoela, harik eta damutu arte eta berriro zintzo izaten zen arte”. Eta beharko damutu, garai hartan kongregaziotik bidaltzea oso gauza lotsagarria baitzen!

Horrek guztiak Patxirengan eragina izan bazuen, zer esanik ez honen anaia-arrebengan. Izan ere, Patxik bi anaia jesuita eta arreba jesuitina ditu. Eta ezkondu zen anaia bakarra ere —Manuel— oso gi-zon elizkoia da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak