Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  1. kapitulua »  Gerrra Zibila Patxiren oroimenean

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Gerrra Zibila Patxiren oroimenean

Patxi Azpeitian hamabi urte zituen arte bizi izan zen; hau da, 1939 arte. Beraz, Espainiako Gerra Zibila Azpeitian bizi izan zuen. Umea zen arren, gudako kontu latz eta orduan ulergaitz haiek ondo erroturik gelditu zitzaizkion oroimenean.

“1936an, gerra hasi eta pare bat hilabetera-edo sartu ziren tropak Azpeitian. Sartu aurreko egunetan mutil-koskorrak azoka azpian, Ibaiederrek bere muturra erakusten duen lekuan, aritu ginen zakuak hondarrez, lurrez eta harri koskorrez betetzen, San Agustinpea tapatzeko, bertarako parapetoak egiten, bonbardeoa izaten bazen ere”, oroitzen du Patxik. Asentsio Zubillagak, berriz, nazionalak Azpeitian sartu aurreko eguna du gogoan: “Hemen, udaletxean, Xiriako Agirre zegoen. Honek nazionalak sartu aurreko egunean, bandoa jo zuen, nahi zuen guztiak trena hartu eta Bilbora frontera joateko. Orduan, Azpeitia hustu bezala egin zen. Batzuk beldurtuta etxean eta beste guztiek frontera alde egin zuten”.

Nazionalak igande batean sartu ziren, 1936ko irailaren 20an, goizeko hamaikak eta laurden aldera. Patxi hamarretako mezetara joana zen. Elizkizuna amaituta, parrokitik atera orduko, tren geltoki aldean tiro hotsa entzun zuten eta parroki ondoko baxuetan, sakristiarako sarrera den atean barna ezkutatu ziren. “Tiroketa hartan Kukubiltxo hil zuten; sastraka artean-edo zarata entzun eta tiro egin zuten nazionalek, eta Enparangain baserriko hamabi urteko seme Kukubiltxo hil zuten”, dio Patxik.

Asentsio Zubillagak ere oso gogoan du egun hura: “Hemen frontea Beasainen egon zen. Baina erreketeak pixkanaka-pixkanaka posizioak hartzen ari ziren eta aurreratzen. Pentsatzen ez zutela, erreketeak Bidania gaineraino iritsi ziren. Eta gero, Bidanitik hona, igande ditxoso hartan berehalaxe sartu ziren. Indar handia ekarri zuten, ondo preparatuta zeuden. Denak txapel gorriarekin eta tartean batzuk borla morearekin, haiek apaizak ziren; ‘Viva Cristo Rey’ deiadarka etorri ziren denak. Etorri eta egin zuten lehenengo lana Eusko Etxean, batzokian zeuden bi bandera, ikurrina eta emakume batzarena —bandera zuria bere asparekin— behera bota eta su ematea izan zen. Horrez gain, dendak itxita utzita Bilbora joan ziren haiei, dendak errekisatu zizkieten. Gero, arratsalde hartan bertan, dozena erdi bat emakume, ‘poxpolin’ esaten zitzaien dantzari txikiei, ilea jo eta zero moztu zieten. Lotsatuta laga zituzten”.

Nazionalak Azpeitian sartu ziren egun hartaz gainera, gogoan ditu Patxi Altunak urte haietan Azpeititik ihes egindako hainbat eta hainbat, atxilotuta Bilbora eraman zituztenak, baina ezin ahaztu ditzake frontetik hildakoak iristen ziren egun haiek: “Frontean hildakoak etortzen zirenean, hiletak udaletxepetik hasi eta parrokiraino joaten ziren, hileta eresiaren doinuan”.

Gerrek etxe gehienetan izaten dute hildakorik, atxilotutakorik, ihes egindakorik edota gosea nozitu duenik. Patxiren etxekoak, hala ere, nahiko zorioneko izan ziren garai latz haietan. Gerrak berekin dakartzan beldurra, tristura eta halakoak bizi bazituzten ere, beraien aita ez zen frontera joan, oso begi bista txarra baitzuen. “Baina, noizbait aitak egun batzuetarako ezkutatu egin behar izan zuen Beizama aldean, gorriek kartzelara eramango zuten beldurrak. Gure familia karlista baitzen”, esaten du Patxik.

Gosea ere ez zen ezagutu Patxiren etxean. “Izan ere, gure etxean denda zenez, azukrea, ogia, babak, olioa eta horrelako gauzak saltzen ziren. Orduan etxean izateak alde handia egiten zuen. Guk etxean ez genuen goserik ezagutu”, aipatzen du Patxik. Baina azpeitiarrek oro har gose galantak pasatu zituzten, hala kontatzen du Asentsio Zubillagak: “Nik pasatu nituen goseak! Gastatu egin zen generoa, ez zegoen ezer eta ezin ekarri. Baserritarrei ere ahal zuten guztia kendu zieten, frontean zeuden soldaduei emateko. Niri ematen zidaten 80 gramo ogi, ez nuen-eta tailerrean lanik egiten. Beste batzuei ere ematen zieten, batzuei 120 gramo eta besteei 160, otarteko txiki bat egun guztirako”.

Nazionalek Azpeitia eta Azkoitia egun berean hartu zituzten, baina Elgoibarren geldituta egon ziren hilabete batzutan. Baina ahal izan zuten bezain laster postuak aurreratuz joan ziren.

1937ko apirilaren 24an, Patxi, aitarekin eta honen lagun Ezequielekin eta Xamakolarekin mendira, Elosu aldera joan zen. “Mendian genbiltzala hegazkinak pasatzen ikusi genituen Eibar aldera. Hegazkinak mendian bestaldean ezkutatu eta handik pixka batera egundoko bonbardaketa entzun genuen, burrunba izugarria eta sua mendi atzetik. Etxera etorri eta amari esan nion: ‘Ama, Eibar bonbardatzen ikusi dugu’”, dio Patxik. Handik bi egunera, 1937ko apirilaren 26an, nazionalek Eibar hartu zuten; Gernika bonbardatu zuten egun berean, hain zuzen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak