Umetako jolasak
“Ahal nuen guztietan kalean ibiltzen nintzen. Eskolatik irten, sardina zaharra ogi pusketa batean sartu, hura jan eta ahal bezain azkar lagunengana kalera ateratzen nintzen”, kontatzen du Patxik. Kalean harrapaketan, zapoketan, mix-moxean —eskuekin jo-lasten zen beisbol moduko jolasa—, pilotan... ibiltzen ziren. Harrapaketan, zapoketan eta mix-moxean plazan ibiltzen ziren. Pilotan frontoian, baina bazuten frontoia baino leku gustukoagorik: parrokiaren atariko pareta eta Loiolako Basilikako atearen ezkerretara dagoen pareta, hain zuzen ere. Baina bi leku hauetan pilotan jolastea debekatuta zegoen. Eta hala zioten —eta diote oraindik— debekuok. Parrokian: ‘Se prohibe jugar a pelota bajo la multa de 2 pesetas’. Eta Loiolan: ‘Hemen pelotan egitea eragozten da’.
“Parrokian jolasten ginenean, lagunetako bat zelatan egoten zen udaltzaina noiz etorriko. Orduan udaltzain buru zen Metro etortzen zitzaigun errieta ematera —Metro ezizena, gizon handia zelako zuen; gizon gogorra zen eta beldurra sartzen zuena— eta zelatan zegoenak Metro ikusitakoan ‘epe’ oihu egiten zuen hiru bider; hori zen gure arrisku seinalea”, dio Patxik.
Loiolan pilotan jolastea ere oso maite zuten; hemen ere debekatuta egon, ordea, nahiz eta Loiolan udaltzainik ez ibili errieta emateko. “Egun haietako batean, pilotan jolasten ari ginela hermanoren batek sentitu gintuen. Atera eta alde egiteko esan zigun. Guk, ordea: ‘Bai, baina hor pilotan egiten erakusten dela jartzen du’, esan genion haren lepotik barre egiteko asmotan. Guk orduan ez genekien ‘eragozten’ek zer esan nahi zuen, baina ondo genekien han ezin genuela pilotan egin”, kontatzen du Patxik irribarrea ezpainetan duela.
Pilotaz gain, oso gogokoa zuen Patxik futbolean jolastea. Baina orduan oso urri ziren baloiak, eta, beraz, nahi baino askoz gutxiagotan jolastu ziren futbolean. Baloia zuten haietan, Eskuztan, egun gasolindegia den horretan, futbol zelaia edo behintzat futbolean jolasteko moduko zelaia zen, eta bertara joaten ziren herriko mutilak futbolean jolastera.
Kaleko jolas horiez gain, bazuten txoko bat jolas egiteko. Frontoi Txiki pilotalekuaren aurrean pix-ka bat parrokia alderago lehen okindegia zen, ‘Panaderi berria’ izenaz ezagutzen zena, eta honen gainean lehen pisuan Jesuitek lokala hartu zuten, umeentzat jolaslekua sortuz. Han elkartzen ziren herriko mutil-koskorrak ping-pongean, kartetan... jolasteko. “Bertan jesuita bat egoten zen gu zaintzen. Zaintzen egon ziren jesuiten artean bazen bat, aita Laskibar, joateko ordua zenean ‘jokoak batu’ esaten zuena eta mutil-koskorrek barre egiten ge-nion, guretzat hitz berria zelako ‘batu’”, dio Patxik.
Udan, berriz, bazuten beste jolasleku bat: Amuko aldapa. Bertara joaten ziren igeri egitera eta urak handiago ziren uneetan salto egiten ibiltzen ziren. “Baina ni ez nintzen inoiz salto egitera ausartu”, aitortzen du Patxi Altunak. Udan ahal zutenak Zumaiara ere joaten ziren. Patxi gurasoekin igande batzuetan joaten zen, arratsalde-pasa.
Patxik eta bere lagunek egiten zituzten jolasez gain, oso gogokoa zuten herriko garai hartako pertsona famoso-zelebreei burla egitea; haietako batzuk ziren Altxaporru, Hermoxo, Txipiron, Pete, Xebilla, Pontxo eta Meliton. Pete hanka-motza zen eta makuluekin ibiltzen zen; Patxik eta bere lagunek orduan pasaeran ‘eup, eup’ oihukatzen zioten ondo kostatuta ematen zuen pausoarekin batera, eta gizona zeharo haserretzen zen.
|