Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Patxi Altuna »  1. kapitulua »  Eskola garaia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Eskola garaia

Hiru urte bete orduko gurasoek eskolara bidali zuten Patxi, orduan Enparan kalean zegoen Jesuitinen eskolara, Parvulos zeritzana ikastera. Bertan, ikasketa hauek amaitu arte, zazpi urte arte, izan zituen eskolak.

Eskolan makina bat bihurrikeria egiten zituzten oso laguna zuen Mayayo (Maria Dolores) Orbegoozok eta biek. Askotan elkarrekin haserretuta ere ibiltzen ziren, zein baino zein bihurriagoak zirelako. Oraindik ere, Patxik Mayayori merienda lapurtzea egozten dio.

Jesuitinatan irakurtzen eta idazten ikasi zuten. Patxik, arrotza ez zuen gaztelania ere ikasi zuen bertan. “Izan ere, etxean euskaraz egiten bagenuen ere, gure gurasoek bazekiten gaztelaniaz, eta Urretxuko lehengusuak-eta etortzen zirenean gaztelaniaz egiten zen”, dio Patxik.

Eskolatik ateratakoan, anaiekin ere izaten zuen bihurrikerietarako astirik. Esaterako, anaia Sabino Otañok gogoan du nola aritzen ziren haiek: “Hauen amak Santo Jobek adinako pazientzia zuen, bukatzen ez zen pazientzia semeekin, eta Patxi zaharrena eta txarrena zen. Behin batean, Azpeitiko Plazan, arkupetan, teila-ertzeko hodia zulatuta zegoenez, ura erortzen zen. Eta hauek, bi anaia Sebastian eta Patxi, azpian jarri eta gustura blai eginda joan ziren etxera; goizean aingeruen moduan etxetik irten eta lokatz eginda bueltatu, eta amak, hala ere, gozo-gozo hartzen zituen”.

Eskolaurrea Jesuitinatan amaitu ondoren, zazpi urterekin Maristetara pasatu zen. Maristek eskola Plaza Nagusian zuten, Azoka Plazaren ondoan zubiaren gain-gainean. Maristek izen handia zuten or-duan, irakasle onak zituzten fama, eta horregatik arrakasta handia eduki zuten garai batean. Bertan hamabi urte arte ikasi zuen, Primera Enseñanza de-lakoa. Hemen marrazki lineala, marrazki adornua, aritmetika, historia-geografia, gramatika... izan zi-tuen ikasgai. Patxik etxean oso ume bihurriaren fama ba-zuen ere, Maristetan berekin ibili ziren Rafael Zelaia eta Asentsio Zubillagak besterik diote. Asentsio Zubillaga: “Ume bizia zen, baina oso pertsona ona, moralitate handikoa”. Rafael Zelaia: “Bihurria baino gehiago, azkarra zen, espabilatua, dena zekien. Jolas denboran-eta geratzen ez zena zen, lasterkan-eta azkarra, gogorra”.

Tirtirin bat zen, beraz, Patxi Altuna, geldirik egoten ez zekiena. Hori dela eta, irakasle batek Txorlito ezizena ipini zion. “Patxik beti berriketan jarduten zuen aurrekoarekin, atzekoarekin, albokoarekin —dio Rafael Zelaiak—. Horregatik egun batean, marista batek esan zion: ‘*De aquí en adelante te vamos a llamar Txorlito*’. Eta halaxe deitu izan zion Maristetan ikasi zuen urte haietan”.

Bazuten Maristetan ikasleei gaiak ikasarazteko Batalla izeneko halako jolas-lehiaketa moduko bat. Jolas honetan ikasleak bi taldetan banatzen ziren eta talde bateko kideek ahal zituzten galdera zailenak pentsatu eta beste taldeko kideren bati galdetzen zioten esanez Tiro a fulanito, eta asmatzen ez bazuen, Derrotado.

Egun haietako batean ari zen Patxi etxean galdera zail-zaila pentsatzen eta amari galdetu zion: “Ama, nola esaten da euskaraz ‘pan de plata’? Eta amak: “Ez da esaten, baina esatekotan ‘zilarrezko ogia’ izan beharko luke”. Hala, joan zen Patxi hurrengo egunean eskolara eta Batalla delakoan galdetu zion kontrako taldeko bati “¿Cómo se dice en vasco ‘pan de plata’?”, eta ikaskidea zer esan ez zekiela geratu zen; Derrotado, beraz, eta Patxiren taldearentzat izan zen puntu hura.

Eskolan lan franko egiten bazuten ere, noizean behin izaten zuten entretenimendurik. “Gelako leihotik zubian zein pasatzen zen ikusten zen, eta han egoten ginen denok adi-adi, neska eder bat noiz pasatuko”, dio Patxik.

Maristetako urte haietako oso oroitzapen onak ditu, batik bat maiatzekoa, Ama Birjinari eskaintzen zitzaion hartakoa. “Eskolatik ilaran San Agustinpera joaten ginen maiatzeko loreak egitera, Ama Birjinari otoitz egin eta abestera”, dio Patxik. Izan ere, oso barruan ukitu zioten Ama Birjinari eskainitako maiatzeko egun haiek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak