|
|
|
Adieraziz nahi hori
Horrelako bi historia liburu bi urteren tartearekin plazaratzeak suposa zezakeen nekeari eta betekadari betarik eman gabe, Azkoitia Historian zehar argitaratu eta hurrengo urtean, 2000an, Imanol Eliasek idatzitako liburu berri bat argitaratu zuen Azpeitiko Udalak: *Azpeitia. Gaztaroko kronikak–Crónicas de juventud*. Imanolen beraren esanetan, egin dituen “lan guztien artean zailena” beretzat. “Istorioak asmatzea eta idaztea, edota besteen historiaz aritzea gauza bat da, baina norberaren bizipenak adieraztea zailagoa egiten da”. Zentzu berean hitz egiten zuen egin zioten elkarrizketa batean, liburua plazaratu bezperatan: “Norbere buruari buruz idaztea eta berak askotan ezkutuan dituenak azaltzea pixka bat bihotza zabaltzea dela uste dut, norbere sentimenduak azaltzea, eta hori dezente zail egin zait. Gero, gainera, jende asko aitatzen duzu eta gogoan eduki behar duzu inorekin ez duzula astakeriarik egin behar. Lan zaila eta ezberdina izan da niretzat, lehengoekin ez dauka zerikusirik”.
Egileak berak liburu hori ere historiaren esparruan kokatzen du, baina zalantzarik gabe bertan gehien nabarmentzen dena kutsu autobiografikoa da. Imanolek bere haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta oroitzapenak gogora ekarri eta hauei forma emanez gauzatu zuen Azpeitia. Gaztaroko kronikak..., testuak euskaraz zein gazteleraz jarriz, eta jarraipen zehatzik gabeko atal solteetan egituratuz. Berak gazte denboran ezagututako Azpeitiaren
—berriro Azpeitia— isla pertsonal bat ere bada liburua. “Nire bizitzako pasarte batzuen bidez, Azpeitian gaztetan ezagutu nituen hainbat gauza azaltzea nahi izan nuen. Batik bat, garai hartan bizimodua gaurkoarekin alderatuz zer-nolakoa zen ikusteko, oso desberdinak baitira”. Baina, era berean eta batik bat, Imanolen bizitzako hainbat pasarte biltzen ditu Azpeitia. Gaztaroko kronikak... liburu horrek. Familia, eskola, lagunak, garai bateko pertsonaia kuttun eta ez hain kuttunak, antzerkia... Oroitzapen gazi-gozoz eta zuri-beltzeko irudiz betetako orrialdeak, neurri handi batean “barrua husteko” plazaratuak. Bi urte eman zituen Imanolek liburu hori idazten, baina askoz ere denbora gehiago, ia bizitza osoa, materiala biltzen. Eta zerbait gutxiago, baina asko era berean, gordeta zituen datuak, bizipenak eta pasarteak aztertzen eta aukeratzen.
Azpeitia. Gaztaroko kronikak... da Imanol Eliasi argitaratu dioten azken liburua. 2001eko urtarrilaren 1ean 65 urte beteta, ofizialki jubilatuta dago Imanol, baina horrek ezer gutxi esan nahi du beretzat. Egunero-egunero jartzen da ordenagailuaren aurrean eta han ematen ditu orduak, idazten, sortzen, egiten. Berak dioen bezala, “gogoa baldin badaukazu, gauza askotara iristen zara; gogorik gabe, berriz, ez”. Argitaratutako azken liburua 2000. urtekoa da, baina badirudi Imanol Eliasen liburu zerrenda ez dela hor gelditu behar. Amuko zubia-ren ondoren bigarren eleberri edo nobela bat ere idatzi du eta bukatuta dauka. Hamaika egun Azpeitian da bere izenburua. “Ez dakit aterako den ala ez, baina hor dago. Karlistada garaietan oinarritutako istorio bat da. Hor inbentzio handia dago, baina datu historiko batzuk tartekatuta. 1870. urtean kokatzen da istorioa. Eleberriko protagonista Zumaian bizi den gizon bat da. Honek Azpeititik berak ezagutzen ez duen beste gizon batek idatzitako gutuna jasotzen du, berekin hitz egin nahi duela esanez. Zumaiarra Azpeitira etortzen da eta, gutuna idatzi dion gizonarekin ez baina etxe handi eta dotore batean bizi den familia misteriotsu batekin topo egingo du”, aurreratzen du Imanolek. Amuko zubia-ren tankeran, nahiko istorio dramatikoa kontatzen du Imanolek agian argitaratu gabe geldituko den nobela berri horretan. Baina hori ere ez da Imanol Eliasek taxutu edo taxutzear duen azken lana. Izan ere, azken urteetan hain gustukoa bihurtu zaion historia ere ez du alde batera utzi, eta hortik zerbait sortzea ere ez litzateke harrigarria izango.
Kontua da Imanol Eliasek ez dakiela zerbait idatzi edo sortu gabe bizitzen. Horrelaxe egin izan du ia bere bizitza guztian, eta ez dauka uzteko inongo asmorik. Imanolek bere filosofiaren eta bizitzaren aurrean daukan jarrera ondo argitzen du bere gogoeta honek: “Zerbait egin dezakedala ikusi eta egin gabe uztea, hori azkena da. Nik ez nuke nahi esatea orain edo hemendik urte batzutara, bizi baldin banaiz, ‘hau egin behar nian eta ez nian egin’. Ez. ‘Egindakoarekin gustura nagok. Zer falta zait egiteko? Beno, oraindik jarraituko nikek gauzak egiten, baina egindako hura balekoa duk’. Horixe”.
Etengabeko sormen lan horren iturriak nondik datozen galdetuz gero, ez du erantzun zehatzik. “Etorria, esan nahia, zeozer egin nahia... Neuk ere ez dakit, ordea. Batek gogo bat jartzea da. Nik, hori bai, aitortu beharra daukat emazteak asko laguntzen didala. Bere partez beste egoskorren bat izan banu alboan, ez dakit. Zerbaitetan ari naizenean, hartara dedikatzeko askatasun osoa ematen dit”, aitortzen du Imanolek. Ezkondu aurrekoak zenbatu gabe, Itziar Oiarzabalek 41 urte pasa daramatza Imanol Eliasekin bizitzen. Hilabeteetako haurra zela beraien etxera etorri eta betiko gelditu zen Asier ilobarekin batera, elkar ondo ulertzen duten familia osatzen dute. Honezkero, noski, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Itziarrek bere senarraren laneko ohiturak. “Makinaren aurrean gero eta ordu gehiago ematen joan da, eta joan deneko ez dakit zenbat urteetan egunak dituen ia ordu guztiak ematen ditu hortxe —dio Itziarrek—. Ni jada bakarrik ibiltzen ohituta nago. Mendizalea naiz, asko gustatzen zait mendira irtetea, eta ilobarekin ez banaiz, bakarrik joatea nahiago, Imanol ez baita joaten. Gozatu egiten dut mendira bakarrik joanda”. Gaua eta eguna bezala, bata lau horma artean eta bere lanean murgilduta zoriontsuen, eta bestea ahal duen guztian aire librearen bila. Asteburuetan Itziarren baserrira igotzen direnean hartzen dute, antza, bata bestearentzako denbora. Bakoitza bere aldetik, baina beti elkarrekin.
Trukean ezer espero gabe, jakiteko nahi horrek bultzatuta eta sarritan musutruk egindako lanak azkenean argia ikusiko duen jakin gabe, horrela dabil Imanol. Urteetako dedikazioak jendearen onarpena ere izan du, ordea, herri mailan zein kulturaren esparruan. Horrela, 1995eko otsailean Imanol Elias Euskal Herriko Adiskideen Elkartea (Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais) erakunde ospetsuko kide izendatua izan zen, Antxieta Etxean eginiko ekitaldian. Beste maila batean, baina bere Azpeitia maiteko jendeak ere berak egindako guztia gogoan daukala adieraziz, 2000. urtean herriko Inauteri jaietan Kaldereroen konpartsaren omenaldia jaso zuen, Patxi Azkargortarekin batera.
Imanol antzerkilaria, Imanol alkatea, Imanol idazlea, Imanol historialaria... Imanol Eliasek aurpegi asko ditu, baina izaera bakarra: beti jakin-minez, beti bila, beti lanerako prest, beti sortzen eta beti zerbait adierazi nahian.
|