|
|
|
Historiaren haritik tiraka
Dagoeneko 1990eko hamarkadan murgilduta, aurreko hamarkadan Antxieta taldearekin antzerkian buru-belarri emandako urteetan ia erabat alde batera utzitako historia liburuei berriro heltzeko garaia iritsi zitzaion Imanoli. Horrela, 1994an Eliasek idatzitako bi liburu argitaratu ziren, biak gazteleraz. *Iglesia parroquial de San Sebastián de Soreasu, de Azpeitia izenekoa Gipuzkoa Donostia Kutxak argitaratu zion, eta Azpeitiko Zezenzale Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren eskutik plazaratu zen El Toro, símbolo de fiesta en Gipuzkoa* lana, zezenen inguruan Imanolek idatzitako bigarren lana.
Baina Imanol Eliasek historia lanik zabalena, mardulena eta
garrantzitsuena 1997an ezagutarazi zuen: Azpeitia Historian zehar liburua. Berriro Azpeitiko Udalaren eskutik, udal beraren Artxibategi Historikoan datu bila zenbatu ezin daitezkeen orduak pasatu ondoren, 670 orrialdeko liburua jaio zen, euskara hutsean egina. Hizkuntzaren datua bera ere aipagarria da, ordu arte historiaren esparruan idatzitako liburu guztiak gazteleraz egin baitzituen Imanolek, gazteleraz eta euskaraz bietara argitaratu zen *Guía histórica y taurina de Azpeitia kenduta. Bihotzean daraman eta inoiz utzi ez duen bere herriari eskainitako liburua, aipatutako Udal Artxibategi Historikoan mendeetan lokarturik zeuden hainbat dokumentutan eta agiritan oinarrituta dago. Imanolek urteetan zehar herriko agintariek hartutako eta artxibategian jasota dauden erabakien bidez, XIV. mendean sortu zenetik ia gure egunetaraino Azpeitiak bizi izan duen garapena bildu zuen Azpeitia Historian zehar* horretan.
Azpeitia Historian zehar-en neurriko liburu batek lan galanta eskatzen du, ezinbestean. Eta ho-rrelakoxea izan zen Imanol Eliasek egin zuena: lan galanta. Guztira lau urte eman zituen historia lan mardula taxutzeko. Lehendabiziko bi urteak Azpeitiko Udal Artxibategia goitik behera miatzen aritu ondoren, beharrezko datu guztiak bildu eta gero datu horiek sailkatzen, zuzentzen, itxura ematen eta idazten pasatu zituen beste biak. Ordu pila ederra, bere kabuz bururatutako proiektuan murgilduta, kalkulatu ezinezko ordaina izango lukeena. Azkenean, liburua argitara ematea izan zen Imanolentzako saria, beretzat preziatuena. Liburuaren hitzaurrean Imanolek idatzita utzi zuenak garbi erakusten du Azpeitia Historian zehar egitera bultzatu zuten arrazoiak eta liburuaren beraren helburua: “Nire jaioterriari, Azpeitiari diodan maitasunak bultzaturik saiatu naiz lanean eta ondorio hauxe lortu dut (...) Ongi dakit beste norbaitek lan egokiagoa lortuko zuela nik aurkitu eta erabili ditudan datuak izan balitu. Baina jakinean naiz baita, gehienez ere, nik jarri dudan hainbateko gogoa jarriko zuela beste norbait horrek. Gehiagorik ez behintzat, ezinezkoa denez”. Lau urte gogor bezain aberasgarrien ondoren idatzitako hitz horiek bazuten, izan ere, izateko benetako arrazoia. Liburuko testu guztia, lagun batzuek emandako ordenagailu txiki batean idatzita eta bukatuta izan zuenean, edonor lur jota utziko zukeen gertaera bat ere gertatu baitzitzaion: Azpeitiko Udala zenez liburuaren argitaratzailea, hara eraman zuen disketea, orrialdeak inprimatu eta alkateari aurkeztu ahal izateko, baina disketeak ez zuela balio ohartu ziren; arazoren bat zeukala Imanolen ordenagailuak eta hor jasotakoa ezin zela beste batera pasatu. Gauzak horrela, liburu osoa berriro idatzi beharko zuela erabaki zuen Imanolek, eta baita idatzi ere. “Poliki-poliki, atzera dena idatzi nuen —gogoratzen du berak—, hasieratik bukaeraraino. Neuk orriak etxean inprimatuta neuzkan, hala-moduz ordea, inprimagailu kaskarra neukan eta. Kopia haiek ez ziren inori emateko modukoak, baina haiek hartu eta lehenengo orrialdetik azkena arte banan-banan idatzi nituen berriro denak. Baserrira joan nintzen, han hala-moduzko atril bat egin nuen, zerrarekin eta, ordenagailuaren ondoan jarri, han orrialdeak zabaldu eta horrelaxe idatzi nuen berriro. Egundoko lana eman zidan”. Ordenagailua ez zen aurreko bera, noski.
Handik bi urtera, berriz, 1999an, Azkoitiko agiri historikoekin eginiko antzeko lana argitaratu zion Azkoitiko Udalak: Azkoitia Historian zehar. Imanolek aitortzen duenez, Azpeitikoa egin izanak asko lagundu zion bigarren historia bilduma hori gauzatzerakoan, metodologia aurrez zehaztuta zeukalako. “Azkoitian ere hainbestetxe lan eduki nuen, han ere bi urte egingo nituen artxibategian sartuta; urte eta erdi bai, behintzat. Baina idatzi eta bukatu hiru urterako egin nuen. Azpeitikoarekin gauza asko ikasi nuen, gero Azkoitikoa arinago egiteko. Gaiak, datak eta horrelako guztiak aurkitu ahala sailkatzen nituen, ordenatuta neuzkan guztiak... Hura beste gauza bat izan zen”, dio.
Azpeitikoarekin amaieran gertatu zitzaionaren hainbateko lanak eman ez arren, Azkoitia Historian zehar-erako lanean zebilela ere tokatu zitzaion gertaera bitxi bat Imanoli, ustezko mamuak tartean zirela. “Goi-goian nengoen, artxiboan bakar-bakarrik. Halako batean hasperen moduko bat entzuten hasi nintzen, norbaiten xuxurla bezala, ‘aaaahh’. Pentsatu ere egin nuen Andoni Katxo edo halakoren bat izango zela, zerbait esatera zetorkidana. Soinuak jarraitu egiten zuen eta nik ezin egon. Jaiki eta aldamenean zegoen gela batera joan nintzen begiratzera, baina ezer ez. Balkoia ireki nuen eta, noski... Behean, Kontsejupen, pilotan ari ziren, eta pilotak horma jotzen zuenean ‘aaaahh’ entzuten zen. Mekaguen, haiek hamar minutuak pasatu nituenak!”, gogoratzen du umorez, gertatutakoan batere barregurarik eragin ez zion pasadizoa.
Azpeitian eta Azkoitian historiaren inguruan lan bera egin duenaren ikuspuntuarekin, Azkoitian zenbait gauza Azpeitian baino gehiago baloratzen dituztela ere iruditzen zaio Imanol Eliasi: “Azkoitian herriaren alde lana egiten duena Azpeitian baino askoz ere gehiago kontsideratzen dela uste dut”.
Imanolentzat, historiagintza “lotzen zaituen kate bat” bezala da. 1970ean bere aurreneko historia lana egin zuenetik, datu bila aritzen zen bakoitzean gero eta gehiago murgiltzen zen mundu horretan. Datu batek bestearekiko lotura zekarren, eta horrela beti mendeetan aurrera eta atzera. Gainera, aurkikuntzek bere herria eta bazter ezagunak hobeto ulertzeko balio ziotenean, jakin-mina eta gehiago aurkitzearen nahiak areagotu egiten zuten lotura hori. “Maitatzeko, lehenengo ezagutu beharra dago”, esaten du Imanolek, herri bakoitzak bere historia ezagutzeak duen garrantzia nabarmentzeko. Berari behinik behin ez zaizkio gehiago ezagutzeko eta ezagutarazteko gogoak oraindik asetu. “Orain denbora bat eman niri, lasai, emaztearen errieta eta zerarik gabe, eta ‘hortxe egon hadi urtebetean’ esanda Oñatin utziko banindute, Azpeitiko historia berri-berria egingo nuke. Han aurki daitezkeenak!”, dio, oporraldi luze batekin amets egiten duenak bezalaxe.
|