Eleberriari ere eutsi
Imanol Eliasengan antzerkia berezko jarioa bezala agertzen da, 1980ko hamarkada hasieratik bereziki. “Eguneroko bizitzako pasadizoek, gertakizunek” ematen omen dizkiote aitzaki aproposak antzerki lanak bata bestearen atzetik taxutzeko. Imanolen idazteko eta adierazteko irrikiak ez dira, ordea, antzerkira mugatzen, ia berrogei antzezlan idatzi dituen pertsonari buruz hitz egitean mugatu aditza erabiltzea harrigarria iruditu arren.
Antxieta Antzerki Taldea utzi zuen urte berean aurkeztu zuen Imanol Eliasek Amuko zubia (1989), ordu arte idatzita zituen lan guztiekin zerikusirik ez zeukan obra. Egile gisa beti saiakera berrien bila zebilen, eta Imanol eleberri batekin ausartu zen Amuko zubia-rekin, Azpeitian dagoen antzinako zubi ezagunaren izena izenbururako hartu eta garai bateko euskaldunen bizimodua eta ohiturak drama gogor batean azalduz. Azpeitiko Udalak argitaratu zuen liburua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.
Amuko zubia eleberri historikoa da eta benetan existitu ziren pertsonaiak tartekatzen dira bertan Imanolek sortutako protagonistekin. XVIII. mendeko matxinada ospetsuaren garai inguruetan kokatzen du Imanolek orain arte argitaratutako bere nobela bakarraren istorioa. Azpeitiko Enparan kalearen barrenean bizi ziren Bikuñatarrak agertzen dira, besteak beste, 'Amuko zubia-ren istorioan. “Gaia Azpeitian gertatu zena zen. Garai batean, XIX. mende hasiera aldera bereziki, baserriak jabe gutxi batzuen esku jarri ziren, eta baserri jabe horiek nahi zituzten guztiak egiten zituzten. Baserrian ere nahi zituztenak jartzen zituzten; baten bat alargun gelditzen bazen, jabeak topatzen zuen harentzako gizona, berari komeni zitzaiona noski, lana egingo zuena. Egoera horrekin lotutakoa da liburuaren gaia”. Istorioa, berritzen dituen egoera latz haiek bezala, gogorra eta tragikoa da. Aurkeztu zeneko garaian, horrela esan omen zion batek idazle azpeitiarrari: “Jo Imanol, a zer liburu tristea idatzi duzuna. Horrela bizitzekotan... hobe genuen etorri ez bagina!”.
Amuko zubia-rekin ordu arte probatu ez zuen eleberriaren eremua landu zuen Imanolek baina, hori bai, bere aurreko ibilbidean behin eta berriro errepikatzen ziren bi elementu bidelagun hartuta: datu historikoak eta kokalekua —Azpeitia, alegia—. Fikzioa eta benetan gertatutakoak nahastuz, Amuko zubia beretzat hain deigarriak diren gure arbasoen bizimoldeak eta jokaerak ezagutarazteko beste tresna bat dela esan daiteke, nolabait.
|