Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  6. kapitulua »  Aro baten amaiera

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Aro baten amaiera


Bederatzi urtez ia etengabean antzezlan berriak sortzen, gauzatzen eta plazaratzen ibili ondoren, Antxieta Antzerki Taldeak aldaketa garrantzitsua ezagutu zuen 1980ko hamarkadaren azken aldera. 1989ko abenduan taldearen norabidearen bueltan sortutako halako tira-bira batzuen ondorioz, taldea desegitekotan egon zen, eta Imanol Eliasek eta beste zenbait kidek utzi egin zuten. Imanolen hitzetan, “urteetan zehar Azpeitiko herrian kultur lanean ibili garenok ongi dakigu ohikoa dugula azpeitiarrok, zerbait martxan egoki denean, guztia apurtzea dugula gogokoa, eta horrelako zerbait gertatu zen Antxieta Antzerki Taldearekin ere”.

Iñigo Agirre izan zen taldearekin aurrera jarraitzea erabaki zuenetako bat. Iñigoren esanetan, taldearen zatiketa hura “traumatikoa izan zen“, besteak beste haustura gertatzeko moduak urte askotan elkarrekin ibilitako lagunen artean une hartan sortu zuen giro traketsagatik. Bestalde, Antxieta taldea bat-batean zuzendaririk gabe eta ordu arte beti bere hornitzaile izan zen egilerik gabe gelditu zen. Entseatzeko tokirik gabe ere aurkitu ziren. Norabide berria hartu zuen Antxieta Antzerki Taldeak. Inaxio Tolosa zumaiarrarengana jo zuten azpeitiarrek zu-zendari bila, eta honen gidaritzapean jarraitu zuten aurrera. Entseatzeko tokia, berriz, Urrestillako eskoletan topatu zuten, Azpeitiko Udalaren eskutik. 1991n Nor Nori Nork lana aurkeztu zuten Antxie-takoek, Imanol Eliasek idatzia ez zen lehendabizikoa. Hortik aurrera beste batzuk etorri ziren, azkena 1997an Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak idatzitako Hamar minutu gauerdirako. Bi urte beranduago, 1999an, Azpeitiko udaletxearen azpiko lokaletan dagoen San Agustin elizan obratan hasi zirela eta, Antxieta taldeak bertan gordetzen zuen material guztia kanpora atera zuten udal arduradunek eta taldea noraezean gelditu zen, lokalik gabe eta nahikoa ukituta. Taldea ofizialki desegin gabe baldin badago ere, harrezkero Antxietak ez du beste lanik eta proiekturik garatu, eta ez dirudi berriro garatuko dituenik.

1990az geroztik ez du atzera antzerkirik zuzendu Imanol Eliasek, ezta talde batean parte hartu ere. Antzerkia, ordea, horrenbeste urteren buruan guztiz barneratuta daraman espresabidea da beretzat, eta etengabeko sortzeko eta idazteko grinak estutzen duenean, antzerkiak beti izaten du tartea bere sorkuntzan. Antxieta Antzerki Taldean izandako hausturaren ondoren, 1990etik 2001era antzerki luzeen eta laburren artean guztira hamasei lan idatzita ditu Imanolek, nahiz eta gehienak paper gainean soilik gelditu diren. Denbora tarte horretan idatzitakoetatik lau besterik ez dira taularatu. Horietatik hiru, eskola antzerki taldeek eman izan dituzte, Azkoitiko Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako taldeek hain zuzen ere. 1997an, berriz, Debako (Gipuzkoa) Goaz antzerki talde amateurrak Imanolek bi urte lehenago sortutako Geure buruari, kuku! komedia estreinatu zuen, Azpeitian bertan gainera, Euskadiko XV. Euskal Antzerki Topaketen barruan.

Talde amateurrek eman izan dituzte beti Imanol Eliasek sortutako antzerki lanak. Imanolek berak ere lotura argia izan du beti euskal antzerki amateurrarekin, antzezle, zuzendari eta egile gisa horixe izan baita beti ezagutu duen giroa. Antzezlanak sortzerakoan, ordea, ez ditu profesional edo amateur taldeengan pentsatuta idatzi. Antxieta taldearen aroan, noski, bere lanak plazaratzeko tresna ezin hobea zuen eskuartean, baina Imanolek ez du uste bere sormeneko lanak derrigorrez antzerki amateurrari lotuta egon behar direnik. Egile azpeitiarrak, hori bai, bere kritika egiten die zentzu horretan euskal antzerki talde profesionalei, kanpoko egileen obrak moldatzeari bertako idazleen lana plazaratzeari baino garrantzi handiagoa ematen diotelakoan. “Euskal Herriko profesionalek gehiago jotzen dute kanpoko antzerki handi hori ekartzera. Askotan, lan horiek ikusten dituzu eta idatzi duenaren pentsamendua eta zurea ez dira berdinak, eta ez zaitu ezertarako katigatzen. Hori euskal antzerkia dela diote. Niretzako ez da. Kanpotik ekarritako horiek oso onak izango dira, eta egin ditzatela bakarren batzuk. Baina denak hartara erortzea...”.

Imanolek beti defenditu eta bultzatu izan du berak hain ongi ezagutzeko aukera izan duen euskal antzerki amateurra. Euskal Herrikoa bezalako zirkuitu mugatu batean, molde horretako antzerki taldeek garrantzia berezia dutela iruditzen zaio. “Profesionalen ikuskizunak, bere neurriagatik eta egituraketagatik, leku jakin batzuetan besterik ikusten ez diren bitartean, talde amateur txikiak edozein lekutara irits daitezke, hauen lanak ukuilu batean berdin-berdin eman daitezkeelako. Horixe da aldea, eta oso garrantzitsua da”, dio Imanolek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak