|
|
|
Euskal Herria ezagutuz
Horrenbeste urtek eta hainbeste antzezlanek pasadizo asko utzi dizkie gogoan Antxieta taldean ibilitako lagunei. Ińaki Piok, esate baterako, badaki Antxieta Etxean antzinako aulki bat falta dela, eta dagoeneko zaila dela aulki haren paraderoa jakitea. “Antxieta Etxean antzinako bi eserleku zeuden
—kontatzen du Piok—, oso bereziak, egurrezkoak. Haietako bat antzerki baterako kanpora eraman genuen. Itzuli ginenean, atzera trasteak Antxietan uzterakoan, dirudienez aulki hori ahaztuta kanpoan utzi genuen. Hurrengo astean entsegura agertu ginenean, Imanolek ‘hi, hemen aulkia falta duk’ esan zigun. Eta, nik dakidanez behintzat, oraindik ere aulki hura falta da Antxieta Etxetik. Bakarren batek jakingo du non den, baina... Gogoratzen dut ni neu nola jardun nintzen haren kopia moduko bat egin asmoz, baina egurra labratutakoa zen eta azkenean ez genuen ezer egin. Badakit Imanol kezkatuta ibili zela. Normala! Aulki hura Antxieta Etxeko inbentarioan zegoen eta norbait hura falta zela konturatuz gero, ardura Imanolena berarena zen”.
Urte haietan Antxieta taldeak Euskal Herrian zehar joan-etorri ugari egin zuen, herriz herri bere lanak emanez. Sendagai traketsa, Lapurreta urtsua edota Hiru morroiak bezalako lanekin bazter ugari ezagutzeko parada izan zuten azpeitiarrek, herri txiki asko bereziki. “Profesional mailako antzerkiak ez dira leku askotara iristen, azpiegitura jakin bat behar izaten dutelako, baina amateurrak eta txikiak, aldiz, ia edozein tokitara moldatzen dira. Hortxe dago aldea”, esaten du Imanol Eliasek, talde amateurrek euskal antzerkian betetzen duten lanaz eta herri txikietara iristeko erraztasunaz mintzo dela. Eta Imanolek dioen hori bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuten behin baino gehiagotan Antxietako lagunek, baita hainbat herritan antzoki berezietan aritzeko modua ere. Besteak beste, eskolak, frontoiak, arbolapeak eta elizak probatu zituzten Antxietakoek antzoki gisa, era guztietako emaitzekin. Aramaion (Araba) izan zirenekoa gogoan dauka, esate baterako, Ińaki Piok: “Emanaldia eskola batean egin behar genuen, baina egun hartan justu hauteskundeak ziren, eta 20:30ak arte egon ginen boto kontaketa amaitzeko zain, guk antzeztu behar genuen lekuan zegoen-eta hauteskunde mahaia. Haiek bukatu, traste denak kendu eta orduan hasi ginen gu geurea muntatzen”. Beste batean, berriz, Markina-Xemein (Bizkaia) herri txikian, intxaur-arbola baten azpian egin zuten emanaldia, “jendea hankapean genuela”, gogoratzen du Pilar Aizpitartek, “eta guk gurea bukatzeko zain, musika konjuntoaren emanaldia hasteko”, gaineratzen du ondoren Ińaki Piok.
Mendaron (Gipuzkoa), berriz, antzezpena lehendabizi eliza nagusian eta ondoren ermita batean egitea egokitu zitzaien, eta erretoreari esker. Izan ere, Ińigo Agirrek kontatzen duenez, “herri gehienetan ez zen antzokirik izaten, ez zegoen areto askorik, eta zenbait herritan jendeak elizak erabiltzen zituen, besteak beste mitin politikoak egiteko. Gu Mendarora joan behar ginen garai hartan Gotzain-degiak halako ohar bat atera zuen, elizak kultorako guneak zirela gogoratuz, eta abar. Mendaroko erretoreak, ordea, baimena eman zigun gure emanaldia ermita horretan egin ahal izateko, Gotzaindegiak zioena baino gehiago herritarren zerbitzura zegoela esanez”.
Azken batean, normalean antzerkiaz eta antzeko ikuskizunaz gozatzeko aukera txikia izaten zuten herri askotara iristen zen Antxieta taldea, eta herri horietako askotan Azpeitiko taldearen presentzia hutsa ezohiko gertaera garrantzitsua izaten zen, festa girokoa. Imanol Eliasek bereziki gogoan dauka Elduain (Gipuzkoa) herrian egiten zieten harrera; beretzat, antzerki talde amateurrek herri txikietan lanak eskaini ahal izatearen garrantziari buruz jar daitekeen adibiderik onenetarikoa. “Hara joaten ginen —kontatzen du—, eskenatokia muntatzen genuen, eta geuk nahi genuen guztia ematen ziguten. Antzerkia bukatzen genuen, eta afaria. Gero, gainera, esandako hura zuzen-zuzen ordaintzen ziguten. Eta jendea gustura, zoratzen”. Herri txiki gehiagotan ere aurkitzen zuten antzeko berotasunik eta jendearen esker onik, baina Elduainekin nahiko harreman berezia izan zuen bere garaian Antxieta Antzerki Taldeak, eta ia urtero joaten zen Tolo-
saldeko herri txiki-txiki hartara emanaldiren bat egitera.
|